'Oarso' 2021 aldizkarirako artikuluak aurkezteko epea zabalik da
Gaurtik, Oarso aldizkariaren aurtengo zenbakirako artikuluak aurkezteko epea zabalik da. Azken eguna, berriz, maiatzaren 16a izango da.
Gaurtik, Oarso aldizkariaren aurtengo zenbakirako artikuluak aurkezteko epea zabalik da. Azken eguna, berriz, maiatzaren 16a izango da. Duela 90 urte argia ikusi zuen, eta ordutik, ia etengabe bete du bere hasierako asmoa aldizkariak: Errenteriaren kultur bizitza islatzea, herritarren idazlanei tartea eman, eta ezagutza hori komunitatean zabaltzea.
Ia mende beteko ibilbidea du eta ezinbesteko tresna bibliografiko bilakatu dela hiribilduaren Historia kontsultatzeko esan du udalak.
Aurtengoa, bigarren aroko 56. aldizkaria izango da, eta ohi bezala, uztailean aterako da argitara. Edonork parte har dezake.
Gaiak mugatu gabe, urtekariko ohiko gaiak gogorarazi dituzte: oroitzapenak, ospakizunak, pertsona ospetsuak, eta aipamen berezia merezi dutenak. Urtean zehar herrian izan diren gertakariak ere jasotzen ditu. Euskarari erreferentzia egin diote; orain arte %40 inguru dira euskaraz idatzitako kolaborazioak eta kopuru hori ugaritu nahi dute. Emakumeak ere animatu dituzte, horien kopurua ere ugaritu egin nahi dute.
Lanak e-posta bidez bidali daitezke, edo Zu! Arreta zerbitzuan zein Udal Artxiboan utzi. Argibide gehiago behar izanez gero 943 44 96 10 edo 943 44 96 26 telefono zenbakira deitu daiteke asteazkenetik ostiralera 08:00etatik 14:00etara edota e-postara idatzi.
Manchester Txikiaren gaineko monografikoa
Errenteria 1845-1903 Manchester Txikia monografikoa aurkeztuko du bestalde, udalak, hilaren 29an. Udalak argitaratu eta Oarso aldizkariaren erredakzio batzordeak sustatu duen monografiko bereziak, hiribilduaren sorreraren 700. urteurreneko itxialdi ekitaldiaren karietara.
Memoria berreskuratzeko ariketa da monografikoa, egungo Errenteria hobeto ulertzeko.
Aurkezpena hilaren 29an, 18:30ean izango da Merkatuzarren, eta ekitaldira joateko gonbidapena eskatu behar da 943 44 96 10 telefonora deituz, edo e-postaz. Parte hartzeko arauak, albistearen ondorengo estekan.