Babes soziala, garapen ekonomikoa, kultura eta ingurumena ardatz dituen aurrekontu proposamena
Honakoak dira aurrekontu proposamen horren ezaugarri nagusiak: 55,2 milioi euro eta 50etik gora ekintza.
Aurtengo ekitaldirako aurrekontu proposamena aurkeztu du gaur Aizpea Otaegi alkateak. Garazi Lopez de Etxezarreta Ogasun zinegotziarekin eta Maite Gartzia alkateordearekin batera azaldu da prentsa aurrean, babes soziala, garapen ekonomikoa, kultura, eta ingurumena ardatz dituen aurrekontu proposamena aletzeko.
Honakoak dira aurrekontu proposamen horren ezaugarri nagusiak: 55,2 milioi euro—aurreko ekitaldiaren bertsua— eta 50etik gora ekintza. Pandemiaren beharrei eta agintaldiko planeko ekintzei aurre egiteko baliatuko da aurrekontua. Lehen lerroan babes soziala; arlo horrekin konpromisoa aspaldian erakutsi du udalak, eta aurtengo aurrekontu proposamenean agerian utzi du beste behin ere, estrategikoa dela horretan eragitea. Inbertsioa lau puntu eta erdi igo du babes sozialari bideratutako diru lerroan. Gora, halaber, garapen ekonomikoari begirako diru zatia: %10 gehiago bideratu du gobernu taldeak bere proposamenean. Bi horiekin batera, kultura, eta ingurumena ere estrategikotzat jo ditu.
Bestalde, udalarentzat oso garrantzitsua dela herriko kohesioa mantentzeko ezinbestekoak diren arlo transbertsalak mantentzea esan du Otaegik, “edo handitzea”, eta horien artean kokatu ditu aniztasuna, berdintasuna eta udal hizkuntza politika. Arlo horiek ere lehenetsi ditu aurrekontu proposamen horretan.
Eskainitako diru zatian jaitsiera izan du Hirigintzak. Hala ere, horrek ez duela islatzen urtean zehar gertatuko dena azaldu du alkateak, “2020ko gerakina inbertsioetara bideratuko baita—behin betiko itxieraren zain, badirudi sei milioi eurokoa izan daitekeela gerakin hori—, eta bestetik, hor daude ere etorriko omen diren Europako Funtsak eta Eusko Jaurlaritzarenak, nagusiki inbertsioetara bideratuko liratekeenak”.
Ez da ohikoa martxoan aurkeztea ekitaldi bereko aurrekontuak; hori azaltzeko 2020ari begiratu dio ezinbestean Otaegik, eta zehaztu, oso urte berezia izan zela iazkoa eta aurtengoaren osaerari ere oso modu nabarmenean eragin diola: “Aurtengo aurrekontua osatzeko informazio eta neurri bereziak poliki-poliki ezagutzen joan gara, eta ondorioz, aurrekontua prorrogatu da 2021eko aurrekontu proiektua osatzeko nahikoa informazioa izateko denbora hartzeko”.
Eragin berebizikoa izan dute beste faktore batzuk gainera. Foru funtsak direla udal batek dituen diru iturri nagusiak azaldu du alkateak, “aurten jasotzea aurreikusita zegoena baino 2,2 miloi euro gutxiago jasoko ditu udalak”. Jasotzeko dauden beste bi funtsen gainean ezjakintasuna dagoela gaur gaurkoz ere aipatu du: Next Generation Funtsa, Oarsoaldea bereziki zaurgarria dela erabakita jasoko duena. Kopuru zehatzik ez da momentuz jakinarazi, baina Errenteriak 2,5 eta 3 milioi euro artean jaso beharko lituzkeela Europako funtsetatik badakitela esan du. Bestalde, Eusko Jaurlaritzatik Oarsoaldeak 24 milioi euro jasotzea aurreikusten da, eskualdea zaurgarria delako. Hala ere ideia bat nabarmendu du Otaegik, “zehaztasuna falta da. Baina uneren batean helduko dira, eta heltzen direnean erabakiko dugu zorpetze hori guztia erabiltzeko edo ez erabiltzeko balioko duten”.
Iaz kontentzio lan handia egin zuen udalak alkatearen esanetan, Foru Funtsaren jaitsierarekin batera, behar berriei aurre egin behar izan zielako udalak diru gutxiagorekin, “aurten zorpetzea da erabiliko dugun ia tresna nagusia, eta pandemiaren beharrei eta agintaldiko planean jasotako ekintzei modu sendoan erantzungo dion aurrekontua izango da. Zorpetze hori garrantzitsua zen eta horregatik iazko kontentzioa”. Gerrikoa istutze horren ondorioa: sei milioi euroko gerakina, likidazioaren esperoan.
Eta zorpetzeari begira beste datu bat eman du: Urtero 2 milioi euroan zorpetzen da udala; aurten kopurua bikoiztu eta 4,5 milioi euroko mailegua eskatzea da aurreikuspena, “bai arauek ahalbidetzen dutelako, baita udalaren egoera saneatua delako, eta batez ere pentsatzen dugulako pandemia osteko agertokiak eskatzen duela”.
Agintaldi planaren urte garrantzitsuena izango da honakoa; ideia hori ere nabarmendu du Otaegik, “agintaldi planeko 50 ekintzatik gora egitea aurreikusi da plan horretan oso presente dauden arloak babestu eta blindatu nahi izan ditugu aurretik aipatu moduan, bultzada berezia emanez garapen ekonomikoaren esparruari, azkenean pandemiak eragindako kalte ekonomikoetatik aurrera ateratzeko herri gisa. Inork ez dezan negoziorik itxi ez dezan aurten, eta tokiko sare ekonomikoa birposizionatzen lagunduko duen ekonomia indartsu bat izateko”. Alde horretatik, oinarrian estrategia duala: “urgentziari erantzun, eta etorkizun klabeetan kokatzea tokiko sare ekonomikoa”
Aurrekontu proposamena oposizioaren eskutan dago, eta hilaren 26an egun osoko aurkezpen saioa antolatu du gobernu taldeak zinegotzi bakoitzak bere aurrekontuak aurkez diezazkion oposizioari. Hilaren 27ko udalbatzan aurrekontua onartzea da asmoa.
Proiektu estrategikoenak aletzea zaila zaiela esan dute Lopez de Etxezarretak eta Otaegik, baina azken horrek, garrantzitsuenak izan daitezkeenetako batzuk aipatu ditu. Hala, Hirigintzan, Sarriegi Plazaren berrurbanizatzea, Cristobal Gamon Ikastetxeko jolastokiko estalpea, Pontika auzoko aparkalekua, Markola ikastetxeko eraikinaren jolastokiaren estalkiaren proiektua idaztea, edota Aldakoeneari bultzada berri bat ematea.
HAPOAren prozesuan murgilduta daudela, esan du bestalde, “orain une garrantzitsua zabalduko da horren idazketarako”.
Kulturan, berriz, Lekuona Fabrikaren irekiera aipatu du.
Gizarte politiketan, berriz, aurreikusitako 4,5 puntuko igoerarekin batera, aurrekontuaren ardatz nagusienetako bat adinekoei begira eraikitzea proiektatua duten etxebizitza dotazionalen proiektu soziala eta arkitektonikoa zehaztu nahi duela aurten jakinarazi du. Ingurumen arloan, politika energetiko autonomoa sustatu, bidegorri sareari bultzada bat eman, edota Oiartzun ibaiaren autopista azpiko eremua berreskuratzea aipatu ditu.
Garapen ekonomikoarekin lotuta, aurrekoa, urgentziei lotutako urtea izan zela eta aurten, pandemia osteko agertokian urgentzia horiei erantzutearekin batera tokiko sare ekonomiko indartsua eraikitzea izango da erronka nagusia.