Bizikleta aparkaleku prototipoa aurkeztu dute Don Boscoko ikasleek
Mugikortasun iraunkorra sustatze aldera, azpiegitura berritzailea aurkeztu dute gaur Don Boscoko ikasleek: Bizikletaz lan egitera proiektuaren bizikleta aparkalekua.
Mugikortasun iraunkorra sustatze aldera, azpiegitura berritzailea aurkeztu dute gaur Don Boscoko ikasleek: Bizikletaz lan egitera proiektuaren bizikleta aparkalekua. Proiektuaren izenak argi azaltzen duen bezala, mugikortasun iraunkorra sustatzea du helburu, zehazki lantokietarako bidea bizikletan egitea. Bizikleta horiek gordetzeko bizikleta aparkalekua da Don Boscoko ikasleek diseinatu dutena; orain prototipoa eraikitzen ari dira.
Adrian Prieto, Alex Zapata eta Joakin Arroyo ikasleak daude proiektuaren atzean, eta beraiek azaldu dute lehen eskutik gaur goizean bizikleta aparkalekuaren funtzionamendua. Txartel edo giltza berezi bidez erabili ahalko da, baita Mugi txartelarekin. Hori detektagailu batera hurbilduta, aparkalekuaren sarrailak desblokeatu eta atea zabaltzeko aukera emango dio erabiltzaileari. Pantaila du aparkalekuak: Argi txuriak bizikleta sartu daitekela adieraziko du, eta erabiltzaileren batek, nahigabe, atea zabalik utziko balu, pantaila horren bidez jakinaraziko litzaioke. Halaber, sistema informatikoan erabiltzaileak erregistratuta gelditzen dira, erabilera portzentaia ezagutu ahal izateko. Grafika baten bidez, proiektua bideragarria den edo ez erakutsiko du, erabiltzaile bakoitzak zenbat erabili duen, aparkalekuak berak zein erabilera orokorra duen erakutsiko baitu.
Bizikleta aparkaleku bakoitzak, bere datu basea izango du, eta halaber, bizikleta elektrikoen kasuan, bertan kargatzeko aukera izango dute. Bizikleta aparkaleku bakoitzak auto aparkaleku baten espazioa hartuko luke 5 metro luze eta 2,5 zabal, eta zortzi bizikletentzako lekua izango luke. Argindarraren argindarrarekin arazo bat balego, gainera, adaptadore bat dute aparkalekuek, erabiltzaileek atea ireki eta bizikleta hartzeko aukera izan dezaten.
Zazpi aste behar izan dituzte ikasleek behin betiko prototipora heltzeko, eta une honetan tailerrean ari dira Don Boscoko galdaragintza ikasleak pieza guztiak moztuta muntaketa lanetan hasteko, lehen aparkalekua egi bihurtzeko. Aluminioa erabili dute bizikleta aparkalekua egiteko Markel Manterola, prototipoa gauzatzen ari diren taldekidetako batek azaldu duenaren arabera.
Aurkezpen ekitaldian izan dira Aizpea Oategi Oarsoaldea Garapen Agentziaren ordezkari gisa —bera da lehendakaria egun—, Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketa diputatua, eta Oihan Lopez Hernandez Gurpil Artean elkartearen ordezkaria.
Iniziatibaren helburua lantokira bizikletaz joatea sustatzea dela azaldu du Aizpea Otaegi, “desplazamendu gehienak lantokira joateko egiten ditugu eta uste dugu oso garrantzitsua dela autoa eta motorra alde batera utzi eta sustatzea ahalik eta gehien mugikortasun iraunkorra, bizikleta, oinez zein garraio publikoa erabilita”. Horren harira, instituzioei dagokien alderdi bat dagoela nabarmendu du, “garraio publiko sendo bat izatea, eta bidegorri sare seguru eta ona edukitzea, eta horretan ari gara”. Proiektuak duen oinarrietako bat diagnostikoa dela esan du bestalde, “ezagutzeko herritarren eta enpresen beharrak”; bigarren oina, berriz, Don Boskorekin eraiki den lankidetza dela nabarmendu du, “oso polita da ikasleek beren azken ikasturtean eskualdeari halako ekarpena egitea”.
Prototipoaren atzean dauden ikasle guztiak zoriodu ditu Otaegik.
Ildo beretik mintzatu da Rafaela Romero, “helburua da sustatzea garraio publikoaren erabilera Mugi txartela bezalako iniziatibekin, baita bizikleta bidezko zein oinezko mugikortasuna bultzatzea”. Bidegorrien erabilera “ikaragarri” ugaritu dela pandemiaren testuinguruan nabarmenbdu du gainera, eta erakundeen arteko elkarlanerako deia egin du mugikortasun iraunkorraren alde lanean jarraitzeko: “Oarsoaldean dauden industria guneek aukera ematen dute bertara bizikletaz joateko lanera”.
Gurpil Artean elkarteko ordezkariak, bere aldetik, iniziatiba txirrindularitza elkarte horrek Oarsoaldea Garapen Agentziarekin elkarlanean eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta egindako dela azaldu du, “elkarlanean egin dugu”. Gurpil Artean elkarteko kideek txirrindulariek izan ditzaketen beharren gainean azalpenak eman dizkiete ikasleei prototipoa sortzeko garaian. Ideia bat nabarmendu du, “mugikortasun iraunkorraren alde indarrak batu ditugu” eta bide horretan jarraitzeko eskatu du.
Prototipoa kalera ateratzeko zain dira orain sortzaileak.






