«Partida guztietan irabaztera ateratzen gara, zalantzarik gabe»
Pasaia lehen aldiz lehiatuko da Bigarren B Mailara igotzeko play-offean. Denboraldiaren hasieran sailkapeneko lehen seien artean egotea zuten helburu; lehen postuarengatik borrokan ari dira orain.
Play-offean zaudete. Lorpen handia da hori Pasaiarentzat, ezta?
Oso pozik gaude. Pasaia KEk play-offa jokatzeko sailkapena lortzea oso gauza handia da. Hirugarren Mailako klub txiki bat gara aurrekontu nahiz egitura aldetik, eta azkenean, beste modu batera konbentzitu behar du. Azken batean, lana ongi eginaren emaitza dela hori.
Orain gehiago nahi dugu, eta honekin ez gara konformatuko, noski, baina argi dago gauzak ongi egin direla; oso harro.
Sailkapen bitxia izan zen, ez baitzenuten partidarik jokatu igande hartan.
Aurten lehiaketan aldaketak egon dira COVID-19agatik, eta Hirugarren Mailako Euskadiko taldea handia da, beraz, bitan banatu da. Talde bakoitzean 11 gara, horrek esan nahi du astero badagoela talde bat atseden hartzea tokatzen zaiona, eta justu igande hartan tokatzen zitzaigun.
Gure atzetik datozen taldeek puntuak atera behar zituzten -eta guk galdu- beraiek aurreratzeko, eta kasu horretan Anaitasunak jokatzen zuen igandean, eta ez bazuten irabazten play-offa jokatzeko kanpo gelditzen ziren. Beraz, Anaitasunak galdu egin zuen eta gu automatikoki sailkapenean sartu ginen.
Ez dut gezurrik esango, nik nahiago dut horrela lortu izana sailkapena, lasaiago jokatzeko; ez dugu presio hori.
Denboraldiaren hasieran markatutako helburuen artean al zegoen sailkatzea?
Ez, denboraldi hasieran gure helburua ez zen lehen hiruen artean gelditzea, hori argi. Bai, ordea, lehen seien artean gelditzea, horrek esan nahi duelako beste urte batez egongo garela kategorian.
Gure urteroko helburua izaten da ahalik eta azkarren maila bermatzea, eta gero hortik aurrera puntu gehien lortu eta ahalik eta goren gelditu. Aurten desberdintasuna izan da ikusi dugula ondo hasi garela eta ondo jarraitu dugula, eta iritsi zen momentu bat non, hori ikusita, helburuak aldatu ziren.
Nola eragin dizue COVID-19ak?
Denboraldi oso arraroa izaten ari da, COVID-19ak gauza piloa aldatu ditu. Hirugarren Mailako gure multzoa bitan banatu dute, lehiaketa egokitu nahi izan dute, jardunaldi gutxiagorekin eta iraupena murrizteko.
Normala dena baino sasoi eskasagoan iritsi ginen denak liga hasierara, eta horrek sakrifizio handiagoa eskatzen du. Lantalde teknikoak ere perspektiba aldaketa egin behar izan du.
Bestalde, normalean aldagela bat erabiltzen dugu eta aurten hasieratik banatu gintuzten hirutan, eta niri, egia esan, gustatu egiten zait aldagelan sortzen den giroa. Azkenean denok bat gara eta bananduta zaudenean faktore hori ez duzu. Detaileak dira, noski, baina azkenean talde batean dirudiena baino garrantzi handiagoa dute.
Nolakoa izan da denboraldia?
Lehen bi partidetan ez genuen irabaztea lortu, nahiz eta bigarrenean uste dut merezi genuela, azken minutuan sartu baitziguten gola; hobe esanda, guk sartu genuen gainera, gure atean.
Ez baduzu denboraldia ongi hasten beti duzu ziurgabetasuna. Gainera, aurten liga motzagoa zen eta oso garrantzitsua zen hasieratik ongi hastea lehen seien arteko postu bat lortzeko, baina beno, gero segituan hasi ginen emaitzak lortzen.
Puntu batetik aurrera oso martxa ona hartu genuen, eta gauzak ongi egiten direnean gauzak hobeto doaz. Horrek ere egiten du jendea gogotsuago joatea entrenamenduetara, umore hobearekin, eta azkenean gurpilak bezala jarraitzen duzu, orain arte.
Partida guztiak lehiatu ditugu, denei gauzak ahalik eta zailen jartzen. Partida guztietan irabaztera ateratzen gara, zalantzarik gabe.
Zein izan da estrategia, orduan?
Talde bezala bereizten gaituena da intentsitatea, horri garrantzia ematen diogu eta beti izan behar gara aurkaria baino bortitzago, erritmo gehiagorekin eta partidan sartuago egon behar gara. Azkenean, badaude talde asko gu baino kalitate hobea dutenak baloiarekin, baina guk lehiatzen dugu korrika egiten, gure esfortzuarekin.
Zerk gidatu gaituen? Jokalari batzuk gaude denbora dezente daramaguna klubean eta ohitu garenak jada maila honetan jokatzera, eta horrek egiten du bloke nagusi bat ohituta eta ongi egotea. Gero, datozen fitxaketak geroz eta hobeak dira, geroz eta hobeto osatzen gaituzte, eta ekipoa ere ere sendoagoa da.
Horrez gain, taldeak oso jarrera ona dauka entrenatzen; Pasaiak duen onena giroa da. Aurten, bereziki, jarrera hobeezina izan da; entrenatzera joaten gara beti umore onez, irribarre batekin, dena ematen dugu, eta horrek dirudiena baino puntu gehiago ematen ditu norgehiagoketan.