Egiari Zor fundazioaren mozioa aztergai gaurko plenoan
Indar polizial eta parapolizialen biktimek lege aitortza jaso dezaten egin beharreko tramiteak errazteko ekimena bultzatzen ari da Egiari Zor fundazioa.
Biktimak eta hildakoen senideak oholtza gainean ordezkari politikoekin. Indar polizial eta parapolizialen biktimek lege aitortza jaso dezaten egin beharreko tramiteak errazteko ekimena bultzatzen ari da Egiari Zor fundazioa. Eusko Legebiltzarrak aldaketa egin zion 2019ko apirilean 12/2016 legeari. Aldaketa horren arabera, 1979 eta 1999 urteen artean izandako motibazio politikoko indarkeriaren biktimei aitortza eta erreparazioa egiteko legeari bide amn zion Eusko Legebiltzarra. Biktimek abenduaren 11 arte dute eskaerak aurkezteko epea, eta Egiari Zor fundazioak bide hori erreztu nahi die udalak inplikatuta.
Lezo, Oiartzun, Hondarribiko eta Irungo udaletan aztertu da fundazioaren mozioa; gehiengoz onartu dituzte. Gaur, Errenteriako Udalbatzak aztertuko du. Mozio horretan, hainbat kontu eskatzen ditu Egiari Zor fundazioak: legeak babesten dituen interesdun guztiei informazioa ematea; informazio prozesu horren parte izatea udala; eta interesdunei Egiari Zor fundazioaren laguntza eskaintzea eskaera aurkeztu nahi dutenei laguntza emateko.
Egiari Zor fundazioak bildutako datuen arabera, Euskal Herrian 366 lagun hil ditu indarkeria plizial edo parapolizialak; 88k baino ez dute jaso aitortza ofiziala (%24). Datu horien barruan, salbuespenezko neurri politikoen aplikazioak, deportazioak, salbuespenezko espetxe politikak, dispertsioak, estatuko agenteek, GAL, GAE, BVE, Triple A, guda zikinak, eta behartutako desagertzeak hartu ditu aintzat fundazioak.
Horiek heriotzak, baina torturak ere zenbatu dituzte: 5.657 dira tortura kasuak; ofizilaki aitortutakoak 103 baino ez dira, %2,5.
Zaurituen atalean berriz, ez da kopuru zehatzik, ez da ikerketa ofizialik. Eusko Jaurlaritzaren arabera 2013. urtera bitartean, 746 pertsona zauritu zituzten segurtasun indarrek, eta 426 talde parapolizialek edo eskuin-muturrekoek. EAEko 107/2012 dekretuak 1960 eta 1978 urteen artean zauritutako 66 pertsona aitortu ditu.
Indar polizialek, parapolizialek, eta gerra zikinak zortzi pertsona hil zituen Errenteria-Oreretan: Isidro Susperregi Aldekoa gomazko pilotakada batek hil zuen 1977an; Jose Luis Cano Perez lurrean zegoela tiro eman zion Polizia Armatuko kide batek Iruñean; Gregorio Maritxalar Aiestaran 1977an etxeko balkoian zegoela tiroz zauritu zuten, hamar egunera hil zen; Rafael Gomez Jauregi, 1977an pasioan zebilela Guardia Zibilaren tiroek hil zuten; Vicente Vadillo Santamaria, Francis 1979an Espainiako Polizia Nazional batek tiro egin zion aurpegian; Bixente Perurena Telletxea Peru, 1984an GALek hil zuen; Mikel Arrastia Agirre, Guardia Zibilak atxilotzeko etxea inguratu zuenean, atxiloketa eta torturak ekiditeko bizilagun baten etxeko leihotik bota zuen bere burua; Jose Antonio Cardosa Morales postari lanetan ari zela Herri Batasuneko kide baten buzoian gutuna sartzerakoan eztanda egin zion, bonba gutuna zen, 1989an izan zen.
Torturatuak, jazartuak, erasotu eta zaurituen kopuru ehatzik ez da, baina Euskal Herrian ehunka izan dira.
Mozio hori gaur aztertuko du udalbatzak 18:30etan hasita. Telematikoa izango da saioa, eta haren publikotasuna bermatzeko streming bidez emango dute zuzenean, esteka honetan.
