Indarkeria poliziala eta parapolizialen biktimak babestu ditu udalbatzak aho batez
Indarkeria polizialari ahotsa jarri dio Itziar Ostolaza EH Bilduko zinegotziak Jon Arretxe zenak torturaren gainean esandakoetako batzuk hitzez hitz errepikatuta.
Egiari Zor fundazioaren mozioa aztertu du gaur udalbatzak. Indar polizial eta parapolizialen biktimek lege aitortza jaso dezaten egin beharreko tramiteak errazteko ekimena bultzatzen ari da Egiari Zor fundazioa. Eusko Legebiltzarrak aldaketa egin zion 2019ko apirilean 12/2016 legeari. Aldaketa horren arabera, 1979 eta 1999 urteen artean izandako motibazio politikoko indarkeriaren biktimei aitortza eta erreparazioa egiteko legeari bide eman zion Eusko Legebiltzarra. Biktimek abenduaren 11 arte dute eskaerak aurkezteko epea, eta Egiari Zor fundazioak bide hori erraztu nahi die udalak inplikatuta.
Mozio horretan, hainbat kontu eskatzen ditu Egiari Zor fundazioak: legeak babesten dituen interesdun guztiei informazioa ematea; informazio prozesu horren parte izatea udala; eta interesdunei Egiari Zor fundazioaren laguntza eskaintzea eskaera aurkeztu nahi dutenei laguntza emateko. Aho batez onartu du udalbatzak mozioa.
Elkarrekin Errenteriako bozeramaile Maite Gartziak giza eskubideen urraketa guztiak onartzeko bidea egiten jarraitzea ezinbestekotzat jo du. Egiaren bilaketa aurreko agintaldietatik babesten ari dela euren alderdia gaineratu du eta zoru etikoa giza eskubideen markoa izan behar duela.Azken agintaldietan egian barneratu eta hura dokumentatzeko lanean ari dela udala gogorarazi du memoria partekatu bat osatu eta justizia, eta erreparazioa bermatzeko motibazio politikoko biktima guztientzat. Antonio Machado poetaren hitzak bere egin ditu Gartziak: “Egia dena da, eta egia izaten jarraitzen du nahiz eta alderantziz pentsatu. Horregatik ezagutu, ezagutarazi eta aitortu egin behar da egi osoa. Elkarbizitza osorako bidea da”. Ezinbesteko iritzi dio arlo horretan eragile eta elkarteek egiten duten lana. Mozioa bat datorrela udala egiten ari den lanarekin ere esan du Elkarrekin Errenteriako bozeramaileak.
Bide luzea dagoela aurretik esan du amaitzeko, “ausarten garaia izaten jarraitzen du honek, posizionamenduetarako garaia, erabakiak hartzeko garaia; jarrai dezagun bada arduraz”. Machadoren hitzak bere egin ditu berriro, “zure egia ez, egia, eta etorri nirekin bila, zure egia gorde zuretzat. Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea”.
EAJko bozeramaile Elixabete Muruaren txanda heldu da ondoren. Mozioa aho batez aurrera ateratzea garrantzitsua dela esan du, “herri honek aurrera egin dezan giza eskubide urraketan jasan dituzten guztiek egia, justizia eta erreparazioa izan dezaten. Eskubide horiek biktima guztiei dagozkie eta ez daude eskubide horiek biktimarioaren baitan”. Azken urteetan bide horretan lan handia egin dela nabarmendu du jeltzaleak, “biktima guztiak babestuko dituen esparrua garatzeko lan egin da, nahiz eta bidea ez den erraza izaten ari”. Pauso batzuk eman badira ere, oraindik ere bizikidetzaren esparruan pausu asko daudela emateko erantsi du, azkenik.
Isaac Palencia PSE-EEren bozeramaileak positiboki baloratu du 2012az geroztik Eusko Jaurlaritza egiten ari den lana indarkeria polizialaren biktimen aitortzarako, eta bide horretan lanean jarraitzera deitu du.
EH Bilduren izenean Itziar Ostolaza mintzatu da.Estatu indarkeriak Euskal Herrian eragindako heriotza, torturatu eta zaurituen zenbakia mahai gainean jarri ditu lehenik.
Egiari Zor fundazioak bildutako datuen arabera, Euskal Herrian 366 lagun hil ditu indarkeria p0lizial edo parapolizialak; 88k baino ez dute jaso aitortza ofiziala (%24). Datu horien barruan, salbuespenezko neurri politikoen aplikazioak, deportazioak, salbuespenezko espetxe politikak, dispertsioak, estatuko agenteek, GAL, GAE, BVE, Triple A, guda zikinak, eta behartutako desagertzeak hartu ditu aintzat fundazioak. Horiei beste 115 heriotza batu dizkie, gatazka politikoarekin zuzenean harremandutako gertaeretan erail dituzten pertsonak.
Horiek heriotzak, baina torturak ere zenbatu dituzte: 5.657 dira tortura kasuak; ofizialki aitortutakoak 103 baino ez dira, %2,5.
Zaurituen atalean berriz, ez da kopuru zehatzik, ez da ikerketa ofizialik. Eusko Jaurlaritzaren arabera 2013. urtera bitartean, 746 pertsona zauritu zituzten segurtasun indarrek, eta 426 talde parapolizialek edo eskuin-muturrekoek. EAEko 107/2012 dekretuak 1960 eta 1978 urteen artean zauritutako 66 pertsona aitortu ditu.
Datuak hotzean aipatzea lazgarria da Ostolazaren iritziz, “duten dimentsioagatik, zenbaki horren bakoitzaren atzean bizipenak ezkutatzen direlako biktimarenak berarenak, edo ingurukoenak eta horietakoen ahots bat ekarri nahi dut hona, hain justu, gure herrikide izan zen Jon Arretxerena”.
Hala eskertza publikoa egin dio Arretxe zenari, “bere bizitza pertsonalaren testigantza hain modu gordinean ezkututik lau haizetara zabaltzeko hautua egin zuelako Intxaurrondo, La sombra del nogal liburuan lehenik, eta ikus-entzunezko hainbat formatuta ondoren zeinek eman dioten bide pantaila handian Non dago Mikel filmari“.
Legeak eta justiziak aitortu gabeko ahotsetako bat dela Arretxerena agerian jarri du koalizio subiranistako ordezkariak eta torturaren ondorioak zeintzuk ziren galdetu zioteneko erantzuna ekarri du gogora hitzez hitz: “Hauxe erantzun zuen: ‘Barregura eragiten dit tortura fisikoak eta psikikoak aipatzen dituztenean; ez dira tortura fisikoak, pertsonaren suntsipena baizik. Eroen eskutan dauden hamar egun horiek, adimenaren suntsipena dira, inozentzia, gizaterian sinistearen suntsiketa, zure niaren suntsiketa, denarena. Begira Idoia Aierbe, Mikel Zabalzaren bikotekidea. Ez du bururik altxa Intxaurrondotik atera zenetik; egin genuen lehen agerraldiko argazkiak begiratzen dituzu eta duen tristura aurpegia ikusiko duzu; neska horrek ez du berriro distirarik izan begietan eta orain 53 urterekin gurpildun aulki batean dago ezertaz oroitzen ez dela. Eta nola ez da izango Mikel Zabalazarenarengatik eta Intxaurrondotik pasatzearen ondorio. Gauerdian etxetik ateratzea nahikoa da denbora luzean irribarrerik ez egiteko, eta ondoren, ikaragarria da egiten dizutena. Torturatua, gainera, askotan, salatzen ez duen pertsona bat da. Ez dugu salatzen behar moduan lotsagatik, hitz egin duzulako lotsatu egiten zarelako; eta oso erraza da egitea egiten dituzten guztiarekin, torturak ere badu perbertsio hori, ahaztu nahiago duen eta gehiegi ez galdetzea desio duen torturatuaren inozentzia apurtzen du. Bortxa sexualarekin zerikusi handia du; horretan ere, lotsa osagai bat bada; egin dizuten guztia ez kontatzeko hautua egiten duzu, ikaragarria delako, zure gorputza eta zure nia pelelea izan direlako, zurekin nahi duena egin duen jendilajearen eskutan izan zarelako, hainbeste umiliatu zaituztelako'”.
Hala, eskerrak eman dizkio Arretxe zenari, ausardiagatik, lehen lerroan estatu indarkeria jartzeagatik bistaratuta, “uste dut egin zenuen ekarpenaren dimentsioa neurtu gabe utzi gintuzula eta ausartuko naiz ere esaten sinbolo bilakatu zarela. Zinez eskertzen dizugu”.
Tamalez Mikel [Zabalza] eta Jon [Arretxe] asko daudela Euskal Herrian gaineratu du Ostolazak eta gizarte kohesionatu gisa aurrera egiteko ezinbestekoa iritzi dio ahotsa horiei guztiei lekua eskaintzea, “izan ere gertatutakoa ezin dugu aldatu, eragindako sufrimendua eta samina ezin da ordezkatu, baina bai arindu, eta bizitzan aurrera jarraitzeko zumeak erein”. Horren harira, 2015ean udalbatzan ordezkatuta zeudenak aho batez eta prozesu luze baten ondorioz publiko egin zutela Memoria Partekatu Baterantz liburua ekarri du gogora Ostolazak, iraganari begiratzea ezinbestekoa dela jaso zutela liburu horren hitzaurrean nabarmendu du zauriak sendatzeko, “behar beharrezkoa da egi guztiak, pluralean, ezagutzera ematea”.
Urgentea dela giza eskubideen urraketa jasan duten pertsona orori aitortza maila bera ziurtatzea, gaineratu du, “egungo desorekek gatazka bera elikatzen dutelako,eta bake bidean urratsak egiten uzten ez duen gatazka elikatzen jarraitzen dutelako. EH Bildu beti egongo da eskubide urraketa jasan duten biktima guztiei egia, justizia eta erreparazioa erdiesteko ekinbidean, zinez sinisten dugulako hori dela euskal gizartean ate berri bat irekitzeko bide bakarra”. Galtzaile irabazle dikotomia alde batera utzi eta herriari merezi duen oraina eta etorkizuna eskaintzera deitu du, “egi guztiak aitortzera zor zien justizia eta erreparazioa emateko. Guztion ardura da”.
Aizpea Otaegi alkateak ere hartu du hitza eta bizikidetzarako oinarriak eraiki nahi badira, beharrezkoa dela giza eskubideen urraketa jasan duten biktima guztiak egia, justizia eta erreparazioa aitortzea biktima guztiei. Azken urteetan Errenteriako Udalak bide horretan egin duela lan nabarmendu du berak ere, “nire nahia, alkatea naizen neurrian, norabide horretan urratsak egiten jarraitzea da”. Mugarri garrantzitsutzat eman du Memoria Partekatu baterantz dokumentua modu bateratuan eta alderdi guztien adostasunarekin egin izana, “bertan indarkeria ezberdinek eragindako sufrimendua islatzen da bertan; lehen aldiz memoria partekatu bat eraikitzeko saiakera den horretan eta erakusten duen herriaren argazkia benetan garratza da”.
Horren barruan udalak egindako bi aitortza ekitaldi ekarri ditu gogora: Jose Luis Caso, Jose Manuel Zamarreño eta Vicente Gajateri egindakoa, eta Amnistiaren Aldeko Astean hildako eta zauritutakoei egindakoa beste. Bide horretatik etorri ziren ondoren, senideek antolatuta eta udalak babestuta, Antonio Cedillo eta Bixente Perurena oroitzeko ekitaldiak. Zaila duela udal batek justizia bermatzeko esan du, “baina asko egin dezake egia eta erreparazioaren esparruan, eta mozio hau ekarri izana baliatu nahi dut, udal gisa bide horretan lanean jarraitzeko konpromisoa berresteko udalbatza hau osatzen dugun alderdi guztiekin batera jardunez”.