EH Bildu: "Herriko eragileei hitza ukatu diete alkateak eta udal gobernuak"
Herriko hainbat taldek bi mozio aurkeztu zituzten azken plenoan eta parte hartzeko eskaera eginda sarrera ukatu zietela adierazi du oposizioko taldeak.
Lezoko EH Bilduk salatu du Jesus Mari Martiarena alkateak eta udal gobernua osatzen duten bi alderdiek “herriko eragileei hitza ukatu” zietela hil honetan izandako osoko bilkuran.
Herriko hainbat kolektibok bi mozio aurkeztu zituzten eztabaidatuak izan zitezen pleno hartan; bata, Amazoneko banaketa zentro bat ezartzearen aurkakoa eta bestea, Pasaiako portuko jarduera desegokiei amaiera eman dakien eskatzeko mozioa.
Horiek azaldu eta defendatzeko aukerarik ez zuten izan, ordea: “Ordezkari batek parte hartzeko eskaera egin zuenean, sarrera ukatu eta hitza hartzeko aukerarik gabe utzi zituzten alkateak eta EAJko gainerako ordezkariek”.
Bilkideek salatu dute jarrera hori ez dela berria, aurrez ere herritarrak gerturatu izan baitira udalbatzarretara halako eskaerak azaltzera, “baina erantzun berdina jaso izan dute: sarrera ukatu eta kalean geratu behar izan dute”. Erabaki hori hartzeko alkateak “pandemiaren aitzakia” erabiltzen duela argudiatu dute, oposizioko taldearen arabera Gezala aretoan berma baitaitezke osasun neurriak, “baina alkateak ez du borondaterik”.
Alkateari eta udal gobernuari eskatu diete herritarrek eta eragileek beraien iritziak edota proposamenak azaldu eta defendatzeko moduak ezar ditzaten eta “ez dezatela gehiagotan pandemiaren aitzakia aprobetxatu herriko eragileen hitza isilarazteko”.