Fanderiako errotaren sekretuak ezagutzeko jarduerak antolatu dituzte
Hainbat ekintza antolatu ditu Errenteriako Udalak apirilaren 1, 2, 4 eta 5erako. Maiatz eta ekainean zehar ere beste hainbat jarduera egingo dituzte.
Udaberri honetarako jardueren programa diseinatu du Errenteriako Udalak Fanderiako Errotaren Ibaiaren Interpretazioko Zentroan. Aste Santurako honakoak antolatu dituzte:
- Apirilaren 1 eta 4ean. 8-12 urte bitarteko haurrei Fanderiako errota eta berau mugitzen duen ibaia familian ezagutzeko pista jolasa.
- Apirilaren 2 eta 5ean. Errotaren sekretuak ezagutzeko hitzordua ezarri da.
Horiez gain, maiatzean errota ezagutu eta irina egiteaz gain, parkeetako hegaztiak ezagutzeko oinarrizko saioa eskainiko dute, eta ekainean, arto irina egiteko tailerra eta Oiartzun ibaiaren ondoan, Fanderian, egin den putzuko bizilagunak ezagutzeko saioa egitea aurreikusi du udalak.
Aipatutako jarduera guztiak doakoak dira eta 11:00 – 13:00 bitartean egingo dituzte. Aldez aurretik izena eman beharko da 690 72 02 64 telefono zenbakira dei eginez.
Udalak gogora ekarri du Fanderiako Errota zabalik dagoela larunbat, igande eta jai egunetan 10:30etik 14:00etara. Bisita gidatuak eskaintzeaz gain, bi erakusketa iraunkor daude ikusgai gaur-gaurkoz: lehena, errotan, ibaiak eta izokinari buruzkoa; eta bigarrena, jatetxean, Txingudiko KBE eta HBBEren hegazti migratzaileei buruzkoa.