Haur Eskolan izena emateko epea astelehenean zabalduko du Orereta Ikastolak
Ate irekien saioetan parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea.
Orereta Ikastolako Haur Eskolak astelehenetik hilaren 30era izango du zabalik izena emateko epea. COVID-19ak eragindako egoeragatik, ate irekiak talde txikietan egingo dituzte, eta horietan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea Orereta Ikastolaren web orrian. Norberak proposa ditzake bertan ongi datozkion eguna eta ordua. Zalantzak edota galderak argitzeko informazio zehatzagoa jasotzeko gainera, posta elektronikora idatz daiteke, 943 52 03 97 telefono zenbakira deitu edota Esmalteria Berriko bulegora jo astelehenetik ostiralera, 15:30etik 17:30era.
Ikastolak 0-18 urte arteko hezkuntza proiektu eraldatzailea eskaintzen duela zehaztu dute arduradunek, “Euskal Herrian, euskaran zein euskal kulturan oinarritua eta beste hizkuntza nahiz kulturei irekia”. Hezkuntza beharretara egokitutako Esmalteria Berria eraberrituaz gain, ikastolak sukalde propioa duela nabarmendu dute, “horrez gain, haur eskolak ordutegi eta egutegi zabala eta malgua eskaintzen du, familia zein haurren beharretara egokitzeko, eta familiarekin harreman zuzena nahiz gertua izateko”.