Auzo zaintza eta elkartasuna, bortizkeriari aurre egiteko
Pertsona bat jipoitu zuten pasa den larunbatean Gaztañon. Eraso bortitzaren atzean, azken bi urtean arazoak sortzen ari den kuadrilla ezagun bat dago auzo elkarteak salatu duenez.
Ateak zabalik dituen auzoa da Gaztaño. Parez pare, besoak zabalik hartzen ditu bertakoak, zein inguruetako auzoetatik edo herrietatik heltzen direnak. Abegikorra da, anitza eta auzolanarekin sinistutakoa, konprometitutakoa auzoarekin berarekin zein auzotarrekin. Ez dute arazorik horrekin, eta argi utzi nahi izan dute, “gure auzora denak dira ongietorriak”.
Azkeneko etxebizitzak, auzo elkarte berriaren lokala, tirolina eta kirol kantxa egin zituztenetik, jende gehiago hurbiltzen da auzora; asko dira ere, betidanik, Arramendira hurbiltzen direnak. Salbuespenak salbu, giro lasaian egin dute elkarbizitza. Azken bi urteetan, baina, arazoak izaten ari dira auzoan. Arazo horien sorburua, berriz, identifikatutako kuadrilla zehatz bat, hamar-hamabost lagunek osatzen dutena. Gaztañoko auzo elkarteak salatu duenez, heldu ziren unetik arazoak sortzen hasi ziren; bat bera ere ez da auzokoa, baina beste kuadrilla askok bezala auzora jotzen dute. Bi urte hauetan egoera zailtzen joan da, “pertsona jakin eta ezagun horiek, jarrera bortitzagoa hartzen joan direlako”.
Bi urte luze daramatza auzo elkarteak lanean irtenbidea bilatzeko. Denbora horretan egoera ahalik eta modu lasai eta egokienean hobetzen eta lehengoratzen saiatu dira: “Badakigu arazo hau leku gehiagotan ematen ari dela, eta konpondu ahal izateko alde guztien elkarlana beharrezkoa izango dela: auzotarrak, udala, egoera bortitzak sortzen ari den kuadrilla…”.
Bide horretan jarraitzen du sakontzen auzo elkarteak, irtenbide baliagarri bila egoera konpontzeko asmoz. Argi dute, ordea, marra gorriak daudela, eta egoera batzuk onartzeko prest ez daudela esan dute, nekatuta. Aurretik marra gorri horiek urratu dituzten egoerak bizitzea tokatu zaiela aitortuta, azken tanta, joan den larunbatean izan zen.
Egun horretan, auzokoa ez zen baina auzotik paseatzen ari zen pertsona bat eraso, bortizki jipoitu, eta lurrean botata utzi zuten. Erasoaren atzean, Gaztañoko auzotarrentzat sobera ezaguna den kuadrilla hori dago. Zortzi lagun mehatxuka hasi zitzaizkion bakarrik bere txakurrarekin paseoan zihoan gizonari. “Putakume, marikoi, eta halakoak botatzen hasi zitzaizkion –kontatu dute auzo elkarteko kideek– berak aurre egin eta zergatik iraintzen ari ziren galdetu zienean, zortzi lagunak gerturatu, inguratu eta bultzaka hasi ziren. Bere burua defendatzen saiatu zen, eta egoera lasaitu zenean alde egiten hasi zen. Atzetik kolpatu zuen kuadrilla horretako kide batek, lurrera bota, eta bertan zela, ostikoka hasi ziren, bortizki. Han utzi zuten, lurrean botata”. Kuadrilla osoak ihes egin zuen erasoaren ostean. Erasoa jasan duen lagunak salaketa jarri du. Erasoa ikusi zuen bizilagun batek deitu zuen anbulantzia, eta bertan artatu zuten gizona.
Hurrengo egunean berriro azaldu zen tirolina eta kirol kantxa dagoen eremura kuadrilla, ezer gertatu ez balitz bezala, “eta azaltzen diren bakoitzean, beraiekin batera dakarte giro txar hori, bortizkeria hori”.
Oso larritzat jo dute erasoa
Oso larritzat jo du erasoa auzo elkarteak: “Auzoan ez ditugu horrelako jarrera bortitzak onartuko. Aurre egingo diegu elkartasunez eta ahalik eta modu eraginkorrenean”. Nekea eta haserrea nabarmena da.
Egungo pandemia egoerak ez die aukerarik ematen, gainera, auzo batzarrik antolatzeko. Horren aurrean, gertatu denaren berri eman eta salatzen duen idatzia zabalduko dute gaur arratsaldean bertan lau haizetara auzoan barrena, pareta eta atari guztietan ohar informatiboaren bidez.
Joan den larunbatekoa gertaera larriena izan da, ez ordea bakarra auzo elkarteak azaldu duenez. Bi urte hauetan Gaztañoko bizilagunen artean sobera ezaguna egin den kuadrilla horrek hamaika arazo sortu dizkio auzoari eta auzotarrei: “Eserleku, iturri, txikien jolas parkea, etxe batzuetako pertsianak apurtu dituzte, eta auzoko bazter ugari zaborrez beteta utzi. Pertsona konkretuekin tematu eta iraintzeaz gain, denbora luzez taldean etxeraino jazarri duten bizilagunik ere bada. Errespeturik ez dute, adineko bizilagunei irainka aritzen dira, haurrei fardela aldatzen ari diren emakumeak iraintzen dituzte zorra, putakumea, zikina, deituz… Zenbat denboraz onartu daitezke halako egoerak? Bateren bat hurbiltzen bazaie azalpen eske, berehala oldartzen zatzaizkio ‘jo nazazu, adin txikikoa naiz, salatuko zaitut eta irabazten dudanarekin eskuko telefono berria erosiko dut’ esaten diete telefonoarekin grabatzen duten bitartean”.
Bizilagunen artean egonezina eta haserrea nabarmena dela dio auzo elkarteak, batez ere auzoaren eremu horretan bizi direnen artean, “egoerarik onenean asteburuan jasan behar dituzte halakoak, baina opor garaian, egunero”. Gauza bakarra eskatzen dute, euren auzoan, euren parkeetan, euren etxeetan lasai bizi ahal izatea, giroa txartzera datozenetatik libre, bortizkeriarik gabe.
Auzo elkarteak aspaldi jo zuen udalera laguntza eske azaldu dutenaren arabera. “Gu auzo elkarteko kideak gara, gure auzoaren alde lanean ari gara, langileak gara, baina ez hezitzaileak, ezta psikologoak ere, eta egoera honek gaindituta gauzka”. Argi dute ez dela irtenbide poliziala aukera bat, ezta kontrol soziala areagotuko duten kamerak jartzea: “Udalari udaltzainak bidaltzea eskatu genion, herriko beste eremu batzuetan aritzen diren bezala, auzoko udaltzainak jartzea bertan, baina ez dugu lortu. Etortzen dira zerbait gertatzen denean, eta iristen direnerako jada gertatu da; asteburu batzuetan sei aldiz jarraian ere etorri izan dira”.
Duela sei bat hilabete mahai bat sortu duela udalak ere esan du auzo elkarteak, “arazoari heltzeko”. Bertan, udal ordezkariak, kuadrilla horretako kideek ikasten duten ikastetxeko ordezkariak, eta hezitzaileak biltzen dira. “Ez dugu, ordea, haren gaineko berririk jaso”.
Udalarekin ari da elkarlanean auzo elkartea, baina bestelako babesak ere baditu, tartean gazte asanbladarena, azken horrek bat egin du salaketarekin auzo elkarteak jakinarazi duenez.
Auzo elkarteko kideek azaldu dutenez, orain arte bi urte luze hauetan egiten aritu diren isilpeko lan hori egiten jarraituko dute, auzoan hamabost laguneko kuadrilla bakarrak gaiztotu duen giroa iraultzeko, baina horrekin batera, behin marra gorriak igarota, bestelako lanketa ere egiteko asmoa azaldu dute Gaztaño bizirik mantentzeko zaintza eta elkartasunaren bidez. Bide horretan, lehen urratsa, egoeraren berri zabaltzea, salaketa publikoa egitea izan da: “Irtenbidea ez da erraza, baina irtenbide bat behar dugu”.