Nexgraff, txapeldun
Nexgraff grafitigile sanpedrotarra Grafitien Liga Nazionaleko irabazle izan da. Larunbatean izan zuen finala, Galiziako partaide baten kontra.
Nextor Otaño Nexgraff grafitigile sanpedrotarra Grafiti Liga Nazionaleko irabazle izan da. Txapelketa horretan Espainiako Estatuko eta Euskal Herriko 64 grafitigilek eman zuten izena, eta horietatik Nexgraff izan da garaile. Sare sozialen bidez garatu da txapelketa, eta larunbatean izan zen finala: Diego_As galiziarra izan zuen aurrez aurre pasaitarrak, eta antolakuntzaren irizpidez, biei sari nagusia ematea erabaki zuten.
Izan ere, txapelketa sare sozialetatik eginda (Instagramen egin zuten), bertan boto edo ‘atsegin dut’ gehien lortzen zituen partaideak izan behar zuen irabazle; horri, epaimahaiko kide adituen iritzia gehitu behar zitzaion. Baina sare sozialetako botoen kontaketan arazoak izan ziren, eta antolatzaileek erabaki zuten biei ematea sari nagusia. Beraz, Nexgraff txapeldun izan zen, galiziarrarekin ohorea partekatuz. HITZAk grafiteroaren hurbilekoekin hitz egiteko aukera izan du. Esan dutenez, sekulako maila zuten sortzaileekin lehiatu da gazte sanpedrotarra. Beraz, bere grafitigile ibilbidean oso kontuan hartzeko garaipena izan da.
Txapelketa kanporaketa modura jokatu da. Hau da, 64 partaideek buruz-buruzko kanporaketak egin dituzte, eta horietan egindako grafitiak baloratu dituzte sare sozialetako jarraitzaileek eta epaimahaiko kideek nork aurrera egin (edo nor kanporatu) erabakitzeko. Kanporaketa bakoitzeko grafiti berria egin zuen partaide bakoitzak, 24 orduko epean.
Hala, Nexgraff kanporaketak banan-banan gainditzen joan da, larunbateko finalera iritsi arte. Final hori zuzenean eman zuten sare sozialetatik, beraz, grafitigileen lana unean-unean ikusteko aukera izan zen. Zehazki, Nexgraff-ek Pasaia-Lezo Lizeoko egoitza nagusiko (Donibanekoa) beheko pistan egin zuten txapela eskuratzeko aukera eman zion sorkuntza (albiste honi lotutako irudietan ikus daiteke). Oso berezia da grafitia: 3Dn egindakoa da, eta hainbat berezitasun eta ezaugarri ezberdin ditu.