Agustinetako komentua "erabat utzita" dagoela salatu du PSE-EEk
Horren aurrean, udalari "berehala" neurriak har ditzan eskatu dio PSE-EEk.
Errenteriako Alderdi Sozialistak Agustinetako komentua zenaren egoera kaxkarra salatu du prentsa ohar bidez. “Eraikina oso hondatuta eta erabat utzita dago, eta auzoko bizilagunen kexak jaso ditugu horren inguruan. Sabaia hondoratzen ari da hainbat eremutan, barruan zuhaitzak hazten ari dira, ura jasotzeko hodiak hondoratuta daude eta ura eraikin barrura sartzen ari da hezetasun arazo handiak sortuz, eta eraikineko fatxada egoera tamalgarrian dago, besteak beste”.
Horren aurrean, udalari “berehala” neurriak har ditzan eskatu dio PSE-EEk. Eraikina duela urte pare bat hartu zuela udalak ekarri du gogora bestalde, alderdi sozialistak, eta kudeaketan “utzikeria” egotzi dio EH Bilduri, “eraikin horren egoerari, Beraungo liburutegia, Erdiko kaleko eraikina, edo proiektu amaiezinak bihurtu diren Lekuona, Barandiaran eta Arramendi parkeak, edo Gaztañoko igogailua gehitu behar zaizkie. Bete gabeko konpromisoen zerrenda luzea du EH Bilduk”.
Udal ondarea zaintzea ezinbestekoa dela esan du azkenik, “baita duintasun minimo batekin mantentzea ere ondare hori”.