[Elkarrizketa] “Malawin ez da transexualik, horiek ‘atzerriko gauzak’ dira”
Albinoak laguntzera joan, eta Emory eta Akei gurutzatu zaizkio bidean antxotarrari. Lehenak dena galdu du lesbiana delako; bigarrena transexuala da, hitz hori existitzen ez den estatu batean.
Zerk eraman zintuen Malawira?
Txinan sei urtez bizitzen egon ostean, pixka bat lekukotzeko eta herritik gertuago bizitzeko gogoa nuen, baina horren aurretik azken abenturatxo bat bizi nahi nuen. Abentura horrek beharra dutenen bizi kalitatea hobetzeko izan behar zuen, kultura ezberdin batean. Asian nahikoa bidaiatu dudanez, kontinentez aldatzea erabaki nuen eta Afrika izan zen nire aukera.
2019ko irailean Karamojan [Uganda] lur hartu nuen hiesa dutenen bizi kalitatea hobetzen laguntzen duen proiektu batean. Handik, Kenyara egin nuen salto eskola baten eraikuntzaren proiektuan laguntzeko. Hango lana bukatzen ari zela, Malawin epe luzerako boluntario baten beharra zutela ikusi nuen. Izena eman, elkarrizketa egin eta hautatua izan nintzen.
Hemen [Malawin] proiektu koordinatzaile moduan nabil lanean Beyond Suncare erakundearekin, Afrikako albinoen bizi kalitatea hobetzeko. Hainbat proiektu ditugu Tanzanian, Ruandan, Angolan eta Kongoko Errepublika Demokratikoan.
Zer da albino izatea Afrikan?
Hasteko, kopurua: munduan 20.000 pertsonatik bat bada albinoa, Afrikako eremu batzuetan kopuru hori 5.000tik batera igo daiteke.
Baina imajinatu albinismoa duen ume bat jaiotzen dela Afrikan. Ume hori artatuko duen osasun langileak seguru asko ez du ezagutzarik izango albinismoaren inguruan, eta ezin izango dio zaintzaileei azaldu zer den edo zein neurri hartu behar dituen umearen azala eguzkitik babesteko, haien azala oso sentibera baita eguzkiarekiko, melanina faltagatik. Hori dela eta, hilabete batzuetara ume horrek erredurak izango ditu eta handik urte batzuetara aurre-minbizi lesioak.
Kalteak hastean umea dermatologo batek ikustera eraman nahiko dute, baina hemen populazioaren %85 landa eremuetan bizi da, eta dermatologoen %90 hirietan. Ez dute dirurik izango bidaia hori egiteko eta handik urte batzuetara umea hil egingo da azal minbiziaz. Afrikan, hamar albinotik bederatzi ez da 30 urte baino gehiago biziko azal minbiziagatik.
Gainera, eguzkitako kremak landa eremuetan lortzea ia ezinezkoa da, edo ez dira beraien azalarentzat egokiak eta oso garestiak izaten dira.
Nola da ezberdin, han eta hemen, jazarpena jasaten dutenen errealitatea?
Beldurrez eta ezkutuan bizi dira orokorrean hemen. Albinoen kasuan, adibidez, sinesmen ezberdinak daude; batzuk uste dute albinoen gorputz atalek aberastasuna ekarriko dietela eta erailak izaten dira. 70.000 eurogatik sal daiteke haien gorputza merkatu beltzean. Albinismoa duten emakume batzuk bortxatuak izan dira, batzuk uste dutelako haiekin sexu harremanak izanez hiesa sendatuko zaiela. Malawin populazioaren %15 da positiboa hiesagatik.
Albinoen kasua oso gogorra bada ere, gobernuaren eta hainbat erakunderen babesa dute, eta neurri asko hartzen ari dira jazarpen horiekin amaitzeko. Gizartea ere oso kontzientziatua dago arazoaren aurrean eta erasoak asko murriztu dira azken urteetan. Jazarpena jasaten duten beste kolektibo batean kasuan, berriz, LGTBIQ+ kolektiboa, bakarrik daude arazo horren aurrean, ez gobernuak ez gizarteak ez baititu babesten.
Zein da komunitate horren egoera?
Malawin homosexualitatea ez da ulertzen, are gutxiago transexualitatea. Beraientzat hemen ez dago homosexual ezta transexualik ere, horiek atzerriko gauzak dira.
Homosexualitatea, berez, ez da legez kanpokoa ezta legala ere, baina legediak oraindik bost urteko kartzela zigorra ezartzen du emakumeentzat eta hamalau urtekoa gizonentzat sexu bereko pertsonekin harremanak izateagatik. Transexualitatea, generoz aldatzea, legez kanpokoa da Malawin eta gaixotasun moduan ikusten dute.
Gainera, kolektiboak ez du ia ikusgarritasunik. Informazio gutxi aurki daiteke Interneten, eta gehienak kasu berdinari buruzkoak dira, publikoki azaldu zen lehen gay bikotearenak hain zuzen. 2014ean izan zen hori, bikoteak publiko egin zuenean bere ezkon-hitza: jipoituak eta espetxeratuak izan ziren.
Kolektiboko kideek egunero jasaten dituzte era guztietako jazarpenak; familia, lagun edota lan esparruetatik kaleratuak dira, jipoituak, atxilotuak, eta abar luze bat. Beldurrez ez dituzte beraien kasuak publiko egiten.
Gertutik bizi dituzu biolentzia horiek.
Martxoaren hasieran Interneten irakurri nuen Malawin LGTBIQ+ kolektiboa laguntzeko zentro bat ireki nahi zutela eta atzerriko erakundeei egiten zieten deia proiektu hori finantzatzeko. Beraiekin jarri nintzen harremanetan, ea nola lagundu nezakeen ikusteko. Kontatu zidaten bazegoela neska bat Malawin duela gutxi jazarpena jasan zuena eta bere egoera berean daudenei laguntza emateko gobernuz kanpoko erakunde (GKE) bat sortzea zuela buruan. Bere kontaktua eman zidaten eta hiri berdinean bizi garenez kafe bat hartzeko geratu ginen.
Zer gertatu zitzaion neskari?
Emory du izena, 23 urte ditu eta duela hilabete batzuk familia eta gizartearen mespretxua jasan zuen LGTBIQ+ kide izateagatik. Egun batzuk gurasoen etxean pasatzen ari zela, bere ahizpak etxean lesbiana zela zabaldu zuen eta bera hori ezeztatzen saiatu arren, etxetik bota zuten gauez, kalean lo egitera behartuta.
Hurrengo egunean bere lehengusuak etxera eraman zuen eta lesbiana zela onartu zionean, joka hasi zitzaion. Etxetik alde egitea lortu zuen eta lagun batzuen etxean babesa lortu (lagunek ez zekiten lesbiana dela), bere familia bere atzetik baitzebilen. Ez zeukan telefonorik, bere gurasoek kendu baitzioten. Bakarrik ordenagailua eta arropa pixka bat hartzea lortu zuen etxetik bota aurretik. Dirurik gabe, ordenagailua saldu zuen beste sakelako telefono bat erosi eta hurrengo egunetako mantenua izateko. Kokatzeko, pentsa Malawi munduko estatu pobreenetako bat dela eta jendea egunean irabazten duenarekin bizi dela.
Lanera itzuli zenean, kaleratua zela esan zioten, arrazoi berdinagatik. Bere guraso eta bizilagunei deika eta mehatxuka hasi ziren orduan, eta Emory bere gauzak azkar batean paketatu eta ostatu batera joan zan bizitzera, berriz jipoitua izango zenaren beldurrez. Bakarrik zegoen, bere bikotea zerbitzu militarra egiten ari da eta ezin du atera, eta telefonoa gutxi erabil dezake, gainera.
Zein da egoera, gaur-gaurkoz?
Interneten laguntza bila hasi zen orduan. Dirurik gabe geratzen ari zen eta oraindik ez zeukan nora joan. Bi euro eskas eskuetan zituela, azkenean, LGTBIQ+ kolektiboa babesteko erakunde batean lanean dagoen Akeik bidaiarako dirua bidali eta bere etxean hartu zuen.
Bizitakoak argi ikusarazi dizue zerbait egin beharra dagoela.
Emoryk argi dauka ez duela kolektiboko inork berak sufritutakoa bizitzerik nahi. Bestalde, Akei gizon transexuala da eta azkeneko bi urteetan LGTBIQ+ kolektiboarekin lanean ari da. Kexu da, ordea, ikusten baitu erakundeek ez dutela benetan kolektiboa laguntzen; Emoryen kasuan, pertsonalki ari da hura etxean hartzen eta bere mantenurako dirua ematen. Erakundeak, orokorrean, ez duela laguntzen dio, zenbakiak puzten dituela diru laguntzak jasotzeko, eta lortzen dituenean, zuzendaria gelditzen dela diruaren zati handienarekin.
Hori dela eta, Malawiko LGTBIQ+ pertsonak benetan lagunduko duen erakundea sortu nahi dute, eta nire laguntza izango dute horretarako. Arazo baten aurrean aurkitzen den orok nora joan izatea da gure asmoa. Bakarrik ez daudela sentitu behar dute. Laguntza psikologikoa eta juridikoa ere eman nahi diegu. Kolektiboarentzat espazio seguru bat sortzea da nahi duguna. Leku bat elkar ezagutzeko, esperientziak partekatzeko. Larrialdi egoeran daudenei ostatu eman nahi zaie beste zerbait bilatu bitartean, eta lana bilatzen lagundu.
Ikusgarritasuna ere eman behar zaie, baina, nola, ez dakigu oraindik. Dagoen homofobiarekin kontuz ibili behar gara, ezin dugu kalera manifestatzera atera, edota kartelak jartzen ibili. Argi dugu, ordea, jende asko homofoboa dela informazio faltagatik eta arazo horri ere aurre egin nahi diogu. Hitzaldiak ematea gustatuko litzaiguke, baina nola hori da gakoa. Geroz eta gehiago bagara, hobe.
Crowdfundinga abiarazi dute LGTBIQ+ kolektiboa babesteko GKEa martxan jar dadin
Malawin dagoen ustelkeria dela eta, LGTBIQ+ kolektiboari laguntza erreala ematen duen erakunderik ez dela zehaztu du Saizarrek. Egoeraren aurrean, haiek benetan lagunduko dituen erakundea sortu nahi dute, «eta nire laguntza izango dute horretan».
Martxan jarri ahal izateko crowdfunding kanpaina abiarazi dute, izan ere, nahiz eta epe ertainean finantzatzeko hainbat modu aintzat hartzen ari diren, egoera larria dela badakite, «lehenbailehen hasi behar dugu».
Proiektua sustengatzeko negozio txiki bat sortzea dute asmo etorkizunean. Horrekin, besteak beste, honako laguntza hauek eskaini nahi dizkiote kolektiboari: etxeen alokairua, altzariak, lanetik kaleratuak izandakoak diruz lagundu, Internet edota telefonia gastuak, abokatu zerbitzua, arreta psikologikoa…
Erakundea finantzatzen laguntzeko dohaintzak Bizum bidez egin daitezke 618 05 93 10 zenbakira, edota honako esteka honen bitartez.