Dekolonialismoaz, Feminismoaz eta Kooperatibismoaz, formazio zikloa
Olatukoopek antolatu du zikloa hiru saiotan. 22 lagunera mugatuko da aforoa saio bakoitzean eta izena eman behar da aurretik.
Bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu ekonomiko bat ehuntzeko bidean, ikuspegi dekoloniala eta feminista ezinbesteko ardatzak direla dio Olatukoopek. Horren harira, formazio zikloa antolatu du hiru korronte kritiko elkarrizketan jarrita: Dekolonialismoa, feminismoa eta kooperatibismoa.
Hiru saio egingo ditu guztira, guztiak Merkatuzarren 10:00etatik 13:30era, hilaren 16an, 30ean eta maiatzaren 14an.
Parte hartzeko izena eman behar da posta elektroniko bidez, edo 636 72 02 62 telefono zenbakira deituta. Lehentasuna hiru saioetarako izena ematen dutenek izango dute, eta plaza horiek beteta, soberan gelditzen diren plazak guztietara joateko aukerarik ez dutenei esleituko dizkiete.
Lehenengo saioan, hilaren 16an, Ekonomia Feminista Komunitarioa izango dute hizpide Sorburu Kooperatibako Cony Carranzaren eskutik. Hilaren 30eko saioan, berriz, Interkulturalitate kritiko eta dekolonialaz mintzatuko da Arana Larrondo. Azkenik, maiatzaren 14an, Ekonomia sozial eraldatzailea eta kooperatibismoaren gaineko saioa egingo dute.