Altzateko 11 ahatetxoak
Behinola, gizakiok Altzate deitutako parajean, ahate batek 11 ahatetxo sortu zituen. Aurki abiatu zen ahate ama bere txikien segida luzearekin Oiartzun ibaian barrena, Itzietako pasealekuan zebiltzanen gozamenerako.
Biharamunean, bezperako leku bertsuan ikusi zituzten. Begi kolpe batez aise antzeman zitekeen soka motzagoa zela: bat, bi, hiru, lau, bost, sei eta zazpi. Zazpi kume zihoazen amaren atzetik.
Segidako egunean, han zeuden berriz animaliak, partxiseko dadoen puntutxoen antzera, zenbatzeko beharrik ez den estimazioa egiteko kopuruan: lau.
Izan zen beste hurrengo egun bat ere, ez 11, ez zazpi eta ez lau, ahate ama bakar-bakarrik ikusi zuten Itzietako buelta egin zale direnak.
Amak, ahatea izanagatik, sentituko zuen mina. 11 kumeko errunaldi oparoa galdu zuen hiru egunen buruan. A zer-nolako larritasunarekin biziko zituen kaioen hegaldiak, zer-nolako herioa sentituko zuen haien itzal luzea ur gainean ikustean, jakin bazekielako zein harrapakin errazak ziren bere umeak gordeleku segururik ez duen hormigoizko pareta bilakatu genuen ibai-ertz/itsasertzak.
Eta zergatik ez ote zituen kumeak ibaiaren bi aldeetara eraiki genuen paretaren harri arteko zuloren batean ezkutatu? Haien barrunbeak, untxien neurrikoak omen diren arratoiek bizi dituztelako. Beraz, bere umeak, kaioen ala arratoien bazka izateko patu krudelarekin munduratu zituen. Kontakizuna izan zitekeen, benetako gertaera da, zoritxarrez.
Ezin uka udaberri hasieran izan dela zer ikusia Oiartzun ibaia itsasoratzen den inguru horretan. Egun batzuk geroago, ia leku berean, marrazo bat agertu zen. Arrainen ezagutza handiagoa duen lagunak esan didanez, katu-arrain bat, marrazo mota bat. Portuko ur gazietan gora etorriko zen, urak gezak bilakatzen diren lekuraino. Gora eta behera ibili zen igerian, bere bizilekura itzuli ezinik. Pare bat egunen buruan hormigoizko harrien artean kateatuta ikusi zuten hilik.
Herio-dantza baten kronika izan da, gure herrikoa. Ibaian gora, Fanderia aldera jota, bizitzak aukera handiagoak dituela esan dit lagunak. Han, ibai-ertzak itxura naturalagoa hartzen duen lekuan.
Gustatzen zait kosta duen herri batekoa naizela esatea, nahiz eta jabetu inork gutxik kokatzen gaituela kosta duten herrien zerrendan. Paradoxikoa da, kostadun herriak estimu handian diren garaian ere, itsasoari bizkar emanez bizitzen jarraitzea eta itsasoa gugandik are gehiago urruntzeko neurriak hartzeko zorian izatea. Paradoxikoa.
Buruan erronka bat nuela abiatu naiz etxetik: ea gure kostaraino heltzen naizen. Trenbidea, errepideak, hesiak, hormak… era guztietako mugak daude bidean. Oreretako saihesbidetik joatea otu zait. Han, Oiartzun ibaiaren, edo itsasadarraren, gainean geratu naiz. Eta azpian, bazterrak jota, goroldioak hartutako egurrezko txalupa baten hezurdura ikusi dut, paduretako kanaletan aurkitzen diren bezalakoak. Poza eman dit. Kostara ezin naiz iritsi, baina badugu paduretako elementu bat!
Itzulia bukatzeko, nire leku kutunenetakoa bihurtu denera joan naiz. Itzietako pasealekuko zubia zeharkatu eta Altzateko lurzorua estaltzen duen hormaren ondoan dagoen jarlekura igo naiz. Barrenean Oreretako ikuspegia duen ihiz eta putzuz betetako eremua agertu zait begi aurrean; eraiki dizkiogun oztopo guztien gainetik, naturaren indarra erakusten.
Altzaten leku adeitsu eta gizatiarragoa sortzeko aukera eskura-eskura dugu. Pentsa zenbat irabaziko luketen Lezoko eta Oreretako herriek. Bidea, naturaren indarrari oztopoak jartzea baino espekulazioari muga jartzea da. Herriarena zena desjabetu eta esku pribatuetan uztea posible izan bazen, ezin ote da kontrako bidea egin? Hori litzateke benetako inbertsioa egitea. Dirutan zenbatutako galera baino irabazi handiagoa izango du bizidun guztion bizi kalitatean. Kosta ala kosta, Altzate herriarentzat!