Buruak
Buruhezurra beti izan du nahiko txikia, baina masailezurra zabala. Ilea tantaka du toaila buru gainetik kendu diotenean, eta puntazko orrazi fin batez hasi zaio ilea atzeraka orrazten. Elorri-beltzak loratzen duen basarana da bere ilea. Bekain beltzak eta aurpegiko beste ile beltz guztiak. Bizar xumea hasi zitzaion hamalau zituenean. Kokotsean lehen ilea atera zitzaion eta ez zen oso zoriontsu jarri. Kendu behar zela erabaki zen eta petisuisen arros koloreko argizaria jarri zioten ile txiki horren inguruan, aurpegian kilometro bat argizari gora eta behera, kokotseko iletik bekainera iristen zen gurin arrosezko tira bat. Ile bat kendu nahi, eta zast! Uxa kokotseko ile guztiak, eta lepokoak, eta bigotean zeuzkanak. Bat kendu eta zazpi mila berri atera zitzaizkion geroztik.
Itsusitasuna larrutik igaro behar den aldarte bat da. Edertasunaren mugak tentatzea joko bat da, eta desira beste modu batean ulertzen hastea errebelazio bat. Nahita itsusi jartzea nork bere buruari desafio eder bat egitea da. Pelukerak burua pixka bat altxatzeko eskatu dio, bere hatzekin kokotsa goratu dion bitartean. Ilea atzeraka orraztuta du, engominatua dirudi bustia dagoelako, gizon torero baten itxura du. Inoiz baino ageriago ditu begien inguruko azala eta aho ingurua. Granito gorriak kasiopea forman. Pakidermo baten azal mardula du, masail handiak, animalia bat da, hipopotamo bat. Basarana bezain beltza da mantala ere, lepoan kriskras batekin itxi diotena. Oso itsusi dago. Eta hori da bera. Hori du aurrealdea, fatxada faziala, agure lehoi itxura. Hipopotamo torero bat da.
Kanpoko aldaketak egitea barneko aldaketak egitea baino errazagoa izaten da. Aldaketa nonbaitetik hasi behar da eta buruhezur barrua itxuraldatzea konplexuagoa denez, buruhezur kanpoa des-tximatzea aukeratu du. Albotik erortzen zaizkio xerlo beltzak ile-apaindegiko lurrera. Ileak moztu eta lehortu dizkiote. Ile-apaintzaileak lehorgailua jaso eta kablea zig-zag forman bildu du, zelebre. Aspiradorearen kablea biltzeko mekanismoa baino hoberik ez da, hala ere. Botoi bat sakatu eta entxufea zurrupatu egiten du makinak, zoragarria da. Eskuak ile azpian sartu dizkio, eskuz orrazten bezala, ilajea astindu dio eta aurreko ileak alboratu. Ispilutxo, ispilutxo.
Pelukeraren azken ukituak jaso, mantala beltza kris-kras kendu, eskudirutan ordaindu eta kalera atera da buruhezur txikia. Erakusleihoan ikusi du bere burua eta han geratu da isladari begira. Ez dago lehen baino ederrago. Azaleko aldaketa izan da, bi zentzutan: superfiziala eta faziala. Buruko barrualdea eta buruko kanpoaldea. Erakusleihoko kristalera gehiago hurbildu da eta denbora luzea eman du horrela, bere burua ezagutu duen arte.