Sormenez beteko du Agirre Lehendakariaren plazako eraikina Idoia Beratarbidek
Errenteriaren 700. urteurrenaren harira sortutako proiektua da, urteurren horrek hiri paisaian ere, arrastoa utzi dezan.
Agirre Lehendakariaren plazak, Errenteriaren 700. urteurrenaren legatuaren parte izango den mural bat hartuko du. Gaur aurkeztu dute mural horren proiektua, Linon bertan. Idoia Beratarbide artista eta sortzaileak diseinatu du proiektu hori, eta berak azaldu ditu muralaren nondik norakoak, Aizpea Otaegi alkatearekin, Itziar Ostolaza EH Bilduko bozeramailearekin, Maite Gartzia Elkarrekin Podemoseko bozeramailearekin, eta Elixabete Murua EAJko bozeramailearekin batera egin duen agerraldian.
Muralaren proiektua esku artean azaldu dira denak prentsa aurrera. Ederra Beratarbideren sorkuntza, koloretsua eta esanahiz betea.
Errenteriaren 700. urteurrenaren legatu gisa hainbat elementu daudela esan du Otaegik gaurko aurkezpen ekitaldian: “Azken asteetan herri instalazioa izan dugu, Oarso aldizkariaren erredakzio taldearen Manchester Txikia eta HITZA-k aurkeztutako Ahotsak liburua tartean, baina nahi genuen ere hiri paisaian arrastoa utz zezan urteurren horrek”. Agirre Lehendakarian plazan dagoen eraikinaren hormak hartuko du Beratarbidek diseinatutako muralak, eta arrastoa.
Beratarbide oiartzuarra dela, baina Errenteria-Oreretarekin lotura duela nabarmendu du Otaegik. “Lan asko egin ditu Errenteriarekin lotuta, bere ekarpena Errenteriari handia da, eta udalarekin elkarlanean ere aritu da”. Besteak beste, Koldo, zein Errenteriako emakumeen aztarnak: Narrazioak liburuak ilustratu ditu—azken hori Allende Arnaiz Garmendiarekin batera—, eta Asteme, Katuko eta Oilarqueen pertsonaiak diseinatu ditu, Joxe Mari Carrerek sortutako istoriotik abiatuta.
Oiartzuarraren lana “ikaragarri” gustatzen zaiela esan du alkateak, “sortzaile handia da eta iruditzen zaigu bere begirada oso interesgarria izan zitekeela plaza honetarako”. Iaz eskatu zioten proiektua sortzaile eta artistari, eta gaur horren emaitza erakutsi dute. Uztailean hasiko dira gauzatzen: “Eguraldi ona behar da proiektua aurrera eramateko eta ikastola bera ere oporretan izango delako”. Eraikin horretan bizi diren bizilagunekin eta Orereta Ikastolarekin berarekin partekatutako proiektua dela erantsi du alkateak, “guztion onarpena du, guztiok babesten dugu. Gure paisaiaren elementu ikonikoetako bat izatera pasako dela uste dut”.
Esker ona adierazi die udal ordezkariei Beratarbidek, “artista bati halako lan bat eskaintzea pribilegio bat da”. Oso prozesu gozagarria izan dela sortzailearentzat eta asko disfrutatu duela egiten azaldu du, “oso libre utzi didate nahi dudana adierazteko eta egiteko, eta hori luxu bat da”.
Ateak marraztu, eskuak bilatu, etengabe sortu leloa agertzen da muralean bertan. Espazio publiko baten eraikina sormenez betetzeko enkargua jaso zuela azaldu du: “Zer eta hiriko egunerokotasunean oso presente dagoen espazio bat, Agirre Lehendakariko plazako eraikina. Azalera altua, luzea, arkuduna, grisa, erdian faro handi bat eta inguruan etxebizitzak, plaza, haur eskola, mosaikoak, eskulturak, zuhaitzak”. Errenteriako Udalak jarri zion erronka onartuta murala irudikatzen hasi zen Beratarbide; aukera zabalegia iruditu zitzaion sortzaileari eta sortzen hasteko abiapuntuaren bila abiatu zen, “memoria historikoari erreparatu nion ezinbestean, eta nola ez, behinola, orubea bete zuen Lino lantegiari. Herriko imaginarioan oso presente dagoen hitza da Lino, espazio honetaz mintzatzean”.
Paperean marraztutako lehen zirriborroek berehala erakutsi ziotela lanaren ardatza azaldu du: Errenteriako emakumeei buruz hitz egingo zuen murala izango zen. “Lihoarekin haria egiten da, eta irudi horrek lagundu zidan lana aurrera ateratzen. Muralak Errenteriako emakumeen historia garaikidea jarraitzen du, lihozko hariak gidaturik. Lihoa landu eta jasotzen duten emakumeak Lino fabrikan lan egiten zuten emakumeak, kanpotik Errenteriara iritsi ziren emakumeak, ate berriak marraztu zituztenak, industria bete-betean zegoenean bertan lan egiten zuten emakumeak, garai ezberdinetako emakumeen borroka”.
Lihoarekin oihalak egiten ziren, maindireak, mantalak edo arropak Beratarbidek nabarmendu duenez, eta ikuslearen begiradak, historian zehar egingo duela bidaia muralean barna erantsi, “ezker-eskuin, lihoaren hazi, lore eta hariek lagundurik”.
Eskuek ere badute tartea proiektuan muralaren leloak ondo adierazten duen moduan. Horiek adierazten dute garai ezberdinetako emakumeak lotzen dituen bidea: “Emakumeak denboran zehar elkarren eskuak bilatuz, babestuz eta bultzatuz. Emakumeek garaian-garaian erronka historikoei neurria hartu behar izan diete, aldiro, bizitzan egoteko modu berriak bilatuz, aurrekoenak jasoz eta datozenentzat etengabe sortuz. Horregatik, eskuek, garai ezberdinetako emakumeak, eta gertaera historikoak lotuko dituzte”.
Amaieran eskuz esku eraikitako bide horrek gaur egungo emakumeengan eta ondorengoengan izan duen eragina islatzen saiatu da.
Teknikari dagokionean muralaren koloreak erabakitzerakoan lihoen koloreetatik abiatu zela azaldu du artistak, baita naturan daudenetatik, “aintzat hartu ditut inguruan dauden eraikinak, plaza bera eta mosaikoak, plazan dauden elementuak”.
Uztailean hasiko dituzte lanak mosaikoa egi bihurtzeko. Mosaikoa bera egiteko lanak gidatuko ditu Beratarbidek, baina enpresa batek egingo du lana, “kanpotik zuzendaritza artistikoa egingo dut, eta une jakinetan parte hartuko dut aurpegiak egiteko garaian, edo nire estiloan berezkoak ditudanak egiteko. Uda osoa izango dugu murala egiteko”.