Herritarrekin pentsatu nahi dute etorkizuneko hiri eredua
Gaur, HAPOaren barruko parte hartze prozesua zabaldu duela jakinarazi du udalak. Plan orokorra oso tresna garrantzitsua dela azaldu du Aizpea Otaegi alkateak, izan ere, datozen hamabost urteetarako Errenteriaren hiri antolamendua definituko duen tresna da.
Hiri Antolamendurako Plan Orokorra HAPOaren berriskupena agintaldi planean jasotako asmoetako bat zen. Gaur, HAPOaren barruko parte hartze prozesua zabaldu duela jakinarazi du udalak. Plan orokorra oso tresna garrantzitsua dela azaldu du Aizpea Otaegi alkateak, Eneko del Amo Hirigintza zinegotziarekin eta Maite Gartzia alkateordearekin batera egin duen agerraldian, izan ere, datozen hamabost urteetarako Errenteriaren hiri antolamendua definituko duen tresna da.
HAPOa definitzeko prozesuan lehendabiziko urratsa diagnostikoa egitea dela azaldu du Otaegik, “orain arte udalaren beraren barne lanketa egin dugu. Dokumentu hori osatuta, orain dokumentu hori herritarrekin partekatzeko eta herritarrekin aberasteko heldu da”. Gaurko agerraldian, beraz, parte hartze hori gauzatzeko udalak herritarren eskura jarri dituen bitarteko eta tresnak azaldu dituzte. Prozesua laguntzeko euskarrien barruan bi bideo sortu dituzte, “horietan aipatzen da HAPOaren berrikuspenak aukera emango digula etorkizuneko erronkei herri bezala nola erantzun nahi diegun pentsatzeko. HAPOak , modu transbertsalean esparru guztiei eragiten die, sei lerro nagusi identifikatu badira ere, hiri antolamendu planak eragingo dio mugikortasunari, gizarte kohesioari, etxebizitza politikari, osasunari… ia gure bizitzako esparru guztietan izango du eragina hiria bera nola antolatzen den. Tresna estrategikoa da eta etorkizuneko Errenteriari forma emango dio”.
Parte hartzeko prozesua COVID-19ak baldintzatuko du. Ariketa bat egin dute horren harira, testuinguru honetara egokitzen den parte hartze prozesu bat zabaltzeko. “Momentuz, behintzat, modu telematikoan hasiko gara, ikusiko dugu testuinguruak aurrerago beste zerbaitetarako aukera ematen digun, eta horretarako sarean espazio bat sortu dugu”. Espazio horrek, HAPOa berritzeko prozesuarekin sortutako dokumentazioa —orain arte sortu dena, baina hemendik aurrera sortuko dena ere— eskaintzen du. Bertan aurkituko dute herritarrek oinarrizko diagnostikoaren dokumentua, beraiekin partekatu nahi duguna, eta beraien ekarpenekin osatu nahi duguna”. Beste atal batean, berriz, beren ekarpenak txertatzeko aukera izango dute herritarrek.
Parte hartzeko modu ezberdinak ahalbidetu direla azaldu du, bestalde, alkateak, sarean sortutako espazio hori da bata. Horrekin batera, lau talde berariaz deituko dituzte parte hartzera Otaegik azaldu duenez; ordezkari politikoekin lanketa bat egingo dute, udalerrian dituzten aholku batzordeetako kideekin ere lanketa berezitua egingo du udalak —aholku kontseilu horietan 70 herritar ari dira—, eta azkenik, herritarren artean, ausaz aukeratutako herritarrak gonbidatuko dituzte parte hartzera.
Helburua, herritar guztiek parte hartzeko aukera izan dezatela dela erantsi du alkateak, eta horretara deitu dituzte Otaegik berak, Gartziak eta del Amok, “oso tresna estrategiko garrantzitsua da HAPOa gure etorkizunerako hiria eraikitzeko, hemendik 15-20 urtera zein herri izango dugun, hain justu, agintaldi honetan definitzen ari garen prozesu honek esango digu. Garrantzitsua da beraz, guztiok prozesu honen parte izatea, pentsatzen jartzea etorkizunerako nahi dugun hiri eredua definitzeko elkarlanean”.
Hirigintza araudi nagusia
Hiri Antolamendurako Plan Orokorra udal baten hirigintza araudi nagusia da, eta aldi berean, tresna estrategikoa. Finean udalerriko zein tokitan zer egin daitekeen zehazten du, eta Errenteriaren etorkizuneko forma zehaztea ahalbidetuko dute. Diagnostikoak Errenteriaren ezaugarri nagusiak aztertu eta jaso ditu: udalerriaren kokapena eta horrek dituen ondorioak, ezaugarri sozioekonomikoak, udalaz gaindiko araudia eta demografia hartu ditu aintzat, besteak beste.