Euskal talde guztien artean hirugarren postua lortu du klub pasaitarrak Gironako Banyoles lakuan jokatutako norgehiagokan.
Maila eman zuen Pasaia Kayak taldeak asteburuan Gironako Banyoles herriko lakuan jokatu zen haur eta kadete kategorientzako iraupen luzeko Espainiako Txapelketan. Estatuan dagoen maila ikusita, “erronka oso zaila” zela aitortu du taldeak, eta beraz, “pozik egoteko modukoak” iritzi dituzte asteburuan eskuratutako emaitzak.
Haurren B kategorian Gaizka Lopezek 12. postua lortu zuen, lehen euskal ordezkaria izanik sailkapenean. Nesken Haurren A mailan Enara Nuñezek 23. postua lortu zuen, bigarren euskalduna izanik. Maialen Vitoria altzatarrak 19. postua lortu zuen Kadete B kategorian.
Hirugarren taldea izan zen Pasaia Kayak euskal talde guztien sailkapenean -Irungo Santiagotarrak taldearen eta Iruñeko Piraguismo Taldearen atzetik-, Iñaki Conejero, Irati Herce, Noa Revuelta eta Kattalin Altuna taldekideek batutako puntuekin (419 guztira taldearentzat). Atzean utzi zituzten pasaitarrek Iruñeko Natacion Pamplona, Zumaiako Itxas-Gain eta Donostia Kayak klubak.