Ostalarien aurkako "tratu iraingarria" salatzeko elkartu dira
Joan den astean aldundiaren aurrean egindako ekintza sinbolikoan atxilotutakoek nahiz parte hartzaileek pairatutako "umilizaioak" gaitzetsi dituzte Pasaian.
Pasaiako udaletxearen aurrean, Donibanen, bildu ziren hainbat lagun joan den larunbat arratsean, Ostalaritza Aurrera taldeak dei eginda, pasa den astean Donostian izandako protesta baketsuan Ertzaintzaren aldetik pairatutako tratu “umiliagarri eta bidegabea” salatzeko asmoz.
Bost lagun atxilotuak izan ziren hiriburuko elkarretaratzean; aldundiaren kanpoaldean kateaturik zeudela hainbat ertzainek lotura horiek tresna berezi batez moztu, eskuburdinak jarri eta komisariara eraman zituzten, “bertan katxeatuak izan ginen eta erabat biluztera behartu gintuzten”.
Atxilotuen nahiz elkarretaratzearekin bat egin zutenen aurkako eraso polizialak salatzeaz gain, orain dela urtebete sufritzen ari diren zaurgarritasuna salatzeko ere goratu dute ahotsa, “itota” baitaude, eta egoera okerrera ari da egiten: “Tabernen itxierak edonon ikusten ditugu, geroz eta gehiago”.
Argi utzi dute Donostiako ekintza bakezalea izan zela, langileak baitira ostalariak, “ez gaizkileak”. Horrekin, egunera arte pairatutako kriminalizazioa gaitzetsi nahi izan dute: “Kutsakorrak garela, liskartsuak… itxi egin gintuzten, orain erdi itxiak gaude, murrizketak galantak pairatzen duela urtebetetik eta orain atxiloketak eta kolpeak jasan behar! Eta guk lan egin nahi dugu, hori da gure delitua!”.