Zarataren kontrako pantailak, Beraun, Pontika, Agustinak eta Lartzabalen
Aktuazioa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren zarataren kontrako planaren barruan kokatzen da. Gi-20 eta AP-8 errepideei eragingo die eta 2.225.000 euroko inbertsioa egingo du.
Beraun, Pontika, Agustinak eta Lartzabalgo bizilagunek jasaten duten zarata maila gutxitzeko pantailak jarriko ditu Gizpukoako Foru Aldundiak Gi-20 eta AP-8 errepidetan. Horretarako 2.225.000 euroko inbertsioa egingo du. Hala jakinarazi dio Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak Aizpea Otaegi alkateari, herrian egingo diren proiektuen inguruan hitz egiteko egindako bileran.
Inbertsio eta lan horiek, aldundiak, zarataren aurkako 2025 urte bitarteko akzio planaren barruan kokatzen da. Zarata plan hori, urtean 3 milioi ibilgailu baino gehiago jasaten duten fori sareko errepideak kontuan hartuta egin du mapa aldundiak, eta mapa horretan daude Beraun, Pontika, Agustinak eta Lartzabal auzoen parean pasatzen diren GI-20 eta AP-8 errepideak.
Errenteria-Oreretan GI-20 errepideko trafikoaren eraginez 3.915 lagunek baimenduta dagoena baino zarata maila altuagoa jasaten dute azterketaren arabera, “Aztertu ondoren, Errenteriako eremu hori babestuko duten zarataren aurkako babesak jarriko ditugu kilometro bat pasako errepide zatian eta zubibidean, Donostiako norabidean”, azaldu du Oiarbidek.
Neurri zuzentzaile horiekin 2.985 pertsonak jasoko dituztela onurak erantsi du, eta egun gehiegizko zarata jasaten duten bizilagunen %76,25ek egunerokoan hobekuntza nabarmena izango du. Aurten idatziko dute proiektua eta 1,8 miloi euroko aurrekontua izango du.
Bigarren proiektua
Bigarren proiektua Errenteria eta Oiartzun artean egingo dute, Agustinak eta Lartzabal artean. Gaur egun dauden pantaila akustikoei jarraipena emanez, beste ia 400 metrotan luzatuko dituzte.
Gune horretan 2.276 pertsonek pairatzen dutela onargarriak baino altuagoak diren zarata mailak azaldu du Oiarbidek. Proposatutako pantailak eraikita, berriz, 1.500 pertsona inguruk jasaten duten zarata txikituko litzatekeela dio, 1 eta 3 dezibelio artean. 425.000 euroko aurrekontua izango dute lan horiek eta GI-20 errepidean pantailak eraiki ondoren ekingo zaio zati horri.
Positiboki baloratu du bilera Aizpea Otaegi alkateak: “Bi eremu horietan zarata gutxitzeko pantaila akustikoak jartzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren Errepideetan Zaratari Aurre Egiteko Ekintza Planean jasota egon arren, ez genuen epeen inguruko zehaztapenik eta positiboki baloratzen dugun bileran jakin duguna, alegia, Pontika-Beraun eremuan zarata murrizteko pantailak 2022an jarriko direla eta Markola-Agustinak Lartzabal eremuan berriz 2023an. Bestalde, eta bere unean Errenteriako Udalak Zaratari aurre egiteko Planari aurkeztutako alegazioen ildotik, berriro ere jarri nahi izan dugu mahai gainean, Pontika-Beraun eremuan pantailen altuera 4 metrokoa izan ordez, 5 metrokoa izateak izango lukeen eragin positiboa, baita,bi eremutan errepidearen zati horietan abiadura murrizteko neurriek ere izan dezaketena. Bi eremu horietarako proiektuak idazteko garaian, Errenteriako Udalaren ekarpen horiek kontuan hartzekotan geratu da Diputatua eta hori ere positiboki baloratzen dugu, herritarren bizi-kalitatean inpaktu handia duen eragozpen bati buruz ari baikara, bizilagun askori eragiten diena. Behin esku hartzen hasita, ahalik eta eragin positiborik handiena izatea nahi genuke”.