Pasaiako grabaketek amaiera eman diote Amenabarren telesailari
Portuan hamalau egunez izan diren 'Etoile du Roy', eta 'Shtandart' fragatek amarrak askatuko dituzte gaur, Erandion azken hartualdiak egiteko.
Etoile du Roy, eta Shtandart fragatak Pasaiako portuan izan dira hamalau bat egunez -zertxobait gutxiago bigarrena-, Alejandro Amenabarren La fortuna telesailaren abiapuntu izango den ontzi-hondoratzea birsortzeko. Gaur deslotuko dituzte amarrak pasaitar uretatik eta Erandiorantz (Bilbo) abiatuko dira, bihar bertako igerileku batean azken hartualdiak egiteko.
Pasaiako urek Algarbe (Portugal) eskualdeko kostaldea birsortu dute ia bi astez, kanoikaden artean, 1804ean bertan izandako Nuestra Señora de las Mercedes fragataren hondoratzea izango baita Amenabarren telesailaren sustengu. Zuzendariak ETBk egindako elkarrizketa batean aitortu du grabaketetako eszena zailena izan dela bi fragaten arteko ontzi gudua erreproduzitu duena.