Aurrekontua, ohi baino beranduago, baina aurrera
Hiru proposamen zeuden atzo mahai gainean: gobernu taldearen aurrekontu proposamena, gobernu taldeak eta EAJk transakzionatutako proposamena —lehenengo biek egin zuten aurrera—, eta PSE-EEren osoko zuzenketa.
Aurtengo aurrekontu proposamena aztertu zuen plenoak atzoko osoko bilkuran. Inoiz baino beranduago heldu da, eta aurrekontu prorrogatuarekin ari da udala, pandemiaren eraginez. Hiru proposamen zeuden atzokoan mahiaren gainean: gobernu taldearena, gobernu taldeak eta EAJk transakzionatutakoa —lehenengo biek egin zuten aurrera—, eta PSE-EEren osoko zuzenketa. Hasiera batean, eta aurreko astean egindako bi agerraldietan lau zuzenketa partzial aurkeztuko zituela iragarri bazuen ere, atzokoan, osoko zuzenketa aurkeztu zion udal gobernuaren aurrekontu proposamenari PSE-EEk.
Hasierako onespena jaso du gobernu taldearen — EH Bildu eta Errenteria Elkarrekin alderdiek osatzen dute— aurrekontu proposamenak, eta horri EAJk gehitutako proiektuak batu dizkiote, 400.000 euroko diru zatia suposatzen duten zortzi proiektu, guztira, eta transakzionatutako proposamena aurkeztu; horrek ere aurrera egin du.
Gobernu taldeak gehiengo osoa du, ez du beharrezkoa beraz, bere proposamen eta proiektuak aurrera ateratzeko oposizioko bi alderdien babesik. Halere, udalerriko “herritar ororen sentsibilitatea” bilduko zuen aurrekontua osatu nahi zuela adierazi zuen, eta 400.000 euroko diru poltsa eskaini zion oposizioko alderdi bakoitzari, lehenesten zituzten proiektuak txertatzeko. Halaber, hainbat marra gorri ezarri zituen aurkeztutako aurrekontu proposamenean aldatu eta ezabatu ezin ziren proiektuen gainean. Horren ordez, mailegu eskaera igota (400.000 euro) eta gerakinetatik baliatuta (400.000 euro) oposizioko bi alderdientzat lehentasunezkoak ziren proposamenak aukera eta diru zati horrekin aurrekontu proposamenean txertatzeko prest azaldu zen gobernu taldea. Iazko aurrekontuekin berdin egin zuen, eta orduan, PSE-EEk onartu egin zuen negoziazioa egitea bere hainbat ekarpen txertatuz aurrekontuari.
EAJ adostasunera heldu da aurten gobernu taldearekin egindako negoziazio prozesuan. PSE-EE bakarrik gelditu da, eta hasieran aurkeztutako lau zuzenketa partzialen ordez, osoko zuzenketa aurkeztu zuen atzo plenoan. Isaac Palencia bozeramaileak azaldu zuen erabakiaren zergatia. Aurretik egin bezala, gobernu taldearen aurrekontu proposamenari “anbizio falta” egotzi zion sozialistak: “Aurkeztutako lau zuzenketa partzialen bidez aurrekontua hobetzen saiatu gara eta desengainua izan dugu gobernu taldeari ez diogulako negoziaziorako asmorik ikusi; aurrekontu proposamenaren koma bat bera ere aldatzea ez zutela onartuko esan zuten, eta hori iraingarria da”. Diru poltsa eskaini izana beren proiektuak txertatzeko diru zati horren arabera, “ez dela serioa” esan zuen Palenciak.
Kontua da formula hori bera onargarria izan zitzaiola alderdi sozialistari iazko aurrekontuak babesteko garaian; diru zati bera eskaini zitzaien oposizioko bi alderdiei beren ustez atzeraezin eta ezinbesteko ziren proiektuetako batzuk txertatzeko aurrekontu proposamenean.
Elkarrekin Errenteriako bozeramaile Maite Gartziak, oposizioa “antigoaleko erara” egitea egotzi zion alderdi sozialistari, “nekagarria da zuen modua eta ez du ekarpenik egiten, ez dizkiozue aukerak eskaintzen Errenteriari, eta gurpiletan makilak jarri baino ez duzue egiten”.
EAJren txanda heldu zen gero. Elixabete Muruak argi esan zuen ez dela onartu dena bere alderdiak aurkeztuko lukeen aurrekontua, baina beren ekarpenak kontuan hartu direla eta horiek, aurrekontua hobetzeko egindako ekarpenak izan direla gaineratu zuen. Ondoren, banan bana aipatu zituen txertatu diren EAJren proposamenak. Hala, Gaztañoko igogailuaren proiektua txertatu dute jeltzaleek (300.000 euro), auzo barruko irisgarritasuna hobetzeko proiektua, lehen sektorea sustatzeko plana (80.000), landa eremuko etxeetara iristeko seinalitika hobetzea (20.000 euro), Euskadi Lagunkoia programara atxiki eta diagnostikoa egitea (20.000 euro), Pontikako pilotalekuaren estalkiaren proiektua, Fanderiako padel pista estaltzeko proiektua, eta parte hartzea arautzeko ordenantza herritarrekin egitea (200.000 euro).
Horiek txertatuta heldu ziren aurrekontuak babesteko adostasunera jeltzaleak, “ez dira nahiko genituzkeen guztiak, baina txertatuko ditugunek errenteriarren bizitza hobetzeko balioko dutela uste dugu”. EAJk aurrekontu proposamena 1,9 miloi euroan handitzea eskatu zuen aurkeztutako proposamenen arabera.
Kontu “larri” eta “mingarriak”
Garazi Lopez de Etxezarretak hartu zeun hitza EH Bilduren izenean. Ogasun zinegotziak gauza larri eta mingarri ugari esatea leporatu zion Palenciari. Aurrekontuari PSE-EEkoak egotzitako anbizio faltari erantzuteko, gobernu taldeak “esfortzu handia” egin duela iazko aurrekontuarekin parekatzeko erantzun zuen Lopez de Etxezarretak, “31.000 euroko aldea da dagoena iazkoa eta aurtengoaren artean EAJren proposamenak txertatuta”, eta Irun eta Donostiako udaletara jo zuen haietan %10 eta %8 murriztu dutela aurrekontua nabarmentzeko, “han anbizio handia izango da, eta hemen falta”.
Diru poltsaren inguruan “seriotasun” falta adierazi zuen Palenciak eta horri ere eman zion erantzuna Ogasun zinegotziak: “Oso larria da diruarekin jolasean ari garela esatea. Zorra zein izan den udal honetan oso ondo dakigu, 2009an, PSE-EE agintean zegoela 27,5 milioi euroko zorra zuen udalak. 2020an, 15,5 milioikoa da zorra. Gobernu taldea ez da inolaz ere arinkeriatik eta erantzukizun faltatik ari. Guk badakigu 2011n nola jaso genuen udal hau”.
PSE-EEri negoziaziorako borondate eza egotzi zion Lopez de Etxezarretak, “hasieratik ziurrenik ez zegoen horretarako borondaterik, eta zilegi da hori. Lau zuzenketa partzial aurkeztu 1,4 miloi suposatzen zutenak, eta ez denez lortu osoko zuzenketa aurkeztu duzue”.
Gizarte Larrialdi Laguntzen inguruan ere mintzatu zen. Izan ere, Palenciak, Eusko Jaurlaritzak laguntza horietarako egindako igoeraren parera ez dela heltzen udalak egin duena jarri zuen mahai gainean atzoko plenoan, baita beraien zuzenketa partzialak aurkezteko aurretik egindako bi agerraldietan ere. Laguntza horien eskumena, Eusko Jaurlaritzarena dela ekarri zuen gogora Lopez de Etxezarretak, “udal autonomia ekonomikoaren alde ez egitea oso larria da”. Argi utzi zuen gizarte laguntzetara bideratutako udal diru zatia dena dela, ez dela herritarrik gelditzen laguntzarik gabe. Horrekin lotuta ere, datuak eman zituen Ogasun zinegotziak: “Errenteriako Udalak gizarte laguntzerako biztanleko 26,25 euro inbertitzen du; Donostiako Udalak 13,79; Irunek 20,34 euro; eta Pasaia, gainetik dago, 37,05 euroko inbertsioa eginda”.
Lekuona Fabrikarekin “tematuta” egotea ere egotzi dio PSE-EEri Ogasun zinegotziak, —Kultura sailean aurrekontu proposamena murriztu zela salatu zuen PSE-EE-k, eta Lekuonarako aurreikusitako diru zatian murrizketa proposatu zuen— “ez da ulergarria, eta oso larria da. Ez da zuentzako estrategikoa izango”.
Gaitzespenaren diskurtsoa
Bozketara pasa aurretik Aizpea Otaegi alkateak hartu zuen hitza. Alderdi sozialistari eta bere bozeramaileari “gaitzespenaren diskurtsoa eraiki nahi izatea” leporatu zien: “Aurrekontuaren lanketan kanpo gelditu da PSE-EE, aurrekontua gutxietsiz , hiri eredua zalantzan jarriz”. Ogasun zinegotzia zoriondu zuen, “anbizio handiko aurrekontua” lantzeagatik: “Ez da edonolako erronka herritarrekin konprometituta dugun agintaldi planari erantzutea eta pandemia testuinguruan sortu diren behar handi eta ezberdinei erantzutea; aurrekontu honek hori lortu du. Gure herri ereduaren inguruan zalantzak dituenak, irakur dezala gure agintaldi plana, 104 proiektuak oso ondo jasotzen ditu. Horien ia erdiak, 2021eko aurrekontuan jasota daude”.
Aurrekontua lantzeko moduari ere erreparatu zion Otaegik, “inoiz baino txukunago egin da, eta gure egiteko moduarekin bat dator ekarpenak jasotzea”.
Aurrekontu proposamenaren balorazioa egin zuen gobernu taldeak agerraldi bidez joan den ostiralean eta orduan aipatutako oinarrietako batzuk ekarri zituen gogora alkateak atzoko saiora. Besteak beste, balioan jarri zuen, askotan egin duen moduan “akordioen inguruan” artikulatzea, “akordioak lortzeko unea zela esan genuen ostiraleko agerraldian, begirada guztiak txertatzeko beharra eta nahia aipatu genituen. EAJk berehala erantzun dio akordioari; PSE-EErekin ez da posible izan, iaz formula bera ontzat eman bazuen ere. Zilegi da, zuen kontua da, baina ez egotzi besteoi ardura egiten duzuenaz. Onartzera goazen aurrekontuak, aurrean ditugun erronkei erantzutera dator, eta eskertzekoa da lortu den kasuetan, lankidetza giroa”.