Adi entzuten denean
Bada txikitan ikasten dugun hots sekuentzia; gozoa, soseguz betea, maitekorra. Haur jaio berriei maiz kantatzen zaie. Piano. Ahotsa ezagun horrek samurtzen du haurra, eta bide batez zaintzailea. Erritmoak orekatzen du ezinegona eta edonolako beldurra. Kantuan amaitu izan dira, orain gutxi arte, mahai inguruko familia hitzorduak. Sabela bete, eztarria bero, ahots desberdinak airean. Batzuk besteak baino afinazio edo ahots korda bibrazio abilagoan, beharbada. Baina elkartzeko modua izan da, batzeko ariketa. Gure izateko moduaren transmisiorako bidea.
Asko dira musikaren hariari jarraituz aurki ditzakegun bizipenak. Kalean eskaera askoren bozgorailua izan da, askatasun bidea: melodia ezagunak, erritmo gogorrak, lepo betetako zokoetan konposatutako dezibelio dantzak. Musika izan da bestelako festa giro alaien ikur: erromeria eta txaranga klabean, aurrez aurre jarrita edota besoak elkarri gurutzatuta. Emozioak.
Faltan ditut enkontru txiki horiek. Faltan, elkartzeko behar hori urtzen ari zaigulako. Pandemiak ezarritako mugetan ez ezik, disonanteak ditugunak alboan onartzeko nolabaiteko trabak ditugulako.
Azken urtetan hainbeste zabaldu diren musika jaialdi erraldoi jendetsuetan ez dut herria egiten dugunik sentitzen. Milaka pertsonen arteko bat-bateko komunitate likidoek arrotz sentiarazten naute. Sare sozialetan sortzen diren like bidez sortutakoak bezalaxe. Harmonia susmagarriak.
Jomuga halakoetan jarrita dago, baina, orain ere. Martxoaren amaieran, esaterako, Bartzelonako Palau Sant Jordi aretoan kontzertu esperimentala egin zen. 5.000 pertsona segurtasun distantziarik mantendu gabe elkartu zituzten, antigeno-test batean negatibo eman eta bestelako neurri zehatzak hartu ondoren. Ez da lehena, lehendik ere halako frogaren bat egin da. Ez eta azkena ere, bada halako testa egin ondoren sarrera baimendu den gertukoekitaldirik.
Autobusean noala irakurri dut saiakera horien berri. Hausnartzen ari naizela bozgorailua martxan jarri da. Musika nota batzuen esperoan, adi gelditu naiz. COVID-19 birusak kutsatu ez gaitzan gomendio zerrenda entzun da, ahots gozoan: Musukoa jarri, leihoak itxi. Eta bukatzeko agindu biribila: isilik bidaia dezagun.
Zalantzarik gabe halako esperimentu jendetsu gehiago beharrezkoak izango ditugu. Baliagarriak izango dira. Baina gertukoenen hotsak ditut faltan. Keinu txikiak. Bozgorailu eta plaza txikienak beteko dituztenen ahotsak. Kaleetan gertatzen diren fusioak, herriko biztanleek eta doinuek sortutako sinfonia aberatsak: lagun, ezagun, ezezagun, handi, txiki, ospetsu, umil eta xelebre garenok osatutakoak. Herri bizi baten doinuak.
Honetan ere zero kilometro delakoaz hitz egingo al dugu?