Oarsoaldeko hamalau enpresak turismoko kode etikoaren ziurtagiria jaso dute
Ziurtagiria emateko 2030eko Agendan ezarritako hamazazpi garapen iraunkorreko helburuak hartu dituzte kontuan.
Oarsoaldeko hamalau enpresak Euskadiko Turismo Kode Etikoarekin hartutako konpromisoa ziurtatzen duen agiria jaso berri dute. Kode hori Munduko Turismo Erakundearen (MTE) irizpideak hartuta osatu da, 2030eko Agendan ezarritako hamazazpi helburuak oinarri bezala izanda. Oarsoaldea Garapen Agentziak enpresa horiekin elkarlana egin du konpromisoak betetzen laguntzeko.
Aizpea Otaegi Oarsoaldea Garapen Agentziako lehendakari eta Errenteriako alkateak jakinarazi du eragile horiek eguneroko jardunean erantzukizun soziala, eta ingurumen nahiz ekonomia iraunkortasuna izango dituztela kontuan, honakoak hartu euren gain: tokiko kultura, tradizioa eta kultura-ondareko elementuak errespetatzea eta zaintza sustatzea. Aldi berean, tokiko komunitateak turismo jarduerekin lotu eta horien onura ekonomiko, sozial etab kulturalak jasotzeko pizgarriekin lotura bilatuz.
Era berean, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren sinatzaileek konpromisoa hartzen dute turisten eskubideak, haien berezitasunak, bizimodua, gustuak, itxaropenak eta sinesmen-aniztasuna errespetatzeko. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak bere gain hartzen du bisitatzen gaituzten pertsonen eta haien ondasunen segurtasuna zaintzeko eta babesa ziurtatzeko eginkizuna. Era berean, turistei informazioa eman eta dei eginen zaie gure legeak, gure kultura eta gure ohitura eta erabilera sozialak errespeta ditzaten.
Hamalau enpresa horiena (beheko zerrendan daude) lehen urratsa izan da. Nahi dutenek proiektuarekin bat egiteko aukera dute 943 49 45 21 telefono zenbakira deituz, edo posta elektronikoz.
Ziurtagiria jaso duten enpresak.
- Malkorra eta B&B Donostia hotelak.
- Soinuenea Herri Musikaren Txokoa.
- Mater Ontzi Museo Ekoaktiboa.
- Luberri Ikasgune Geologikoa.
- Albaola Itsas Kultur Faktoria.
- Carmen, Ontziola eta Burdinola jatetxeak.
- Peluaga nekazal turismo etxea.
- Arritxulo Mendi Aterpea.
- Eurolurtravel bidaia agentzia.
- Oarsoaldea Garapen Agentzia.
- Errenteriako Turismo Bulegoa.