[Erreportajea] Esperoan egon gabe, borrokatu
Ez ohiko moduan, baina Maiatzaren Lehena aldarrirako baliatuko dute bihar sindikatuek. Argi dute: inoiz baino beharrezkoagoa da kalera ateratzea lan baldintza duinen alde borrokatzeko.
Maiatzaren Lehena COVID-19aren pandemiak baldintzatuta heldu da aurten ere. Inoiz baino arrazoi gehiago daude, ordea, kalera atera eta langileek euren aldarriak lehen lerroan jar ditzaten. ELA, LAB eta ESK sindikatuetako Oarso Bidasoko arduradunek bi eskualdeetako argazkia egin, eta pandemiaren eraginaz mintzatu dira, Langileen Nazioarteko Egunaren bezperan. Osasun eta segurtasun neurri guztiak zorrotz beteta kalera deitu dute sindikatuek.
Eskualdeka egingo du mobilizazioa LAB sindikatuak, eta Oarso Bidasoko manifestazioa Errenteria-Oreretak hartuko du 12:00etan; Matxaingo biribilgunetik abiatuko da, Aldaketa da aukera. Zaintza, lana, bizitza, herria! leloarekin. Hegoaldeko lau hiriburuetan mobilizatuko da ELA eta Ipar Euskal Herrian sindikatuak jarduten ez badu ere, gehiengo sindikalak Baionan deitu duen mobilizazioa babestu du. ESK sindikatuak, berriz, Steilas sindikatuak eta GOT Grupo Oarso Taldearekin batera Donostiara martxa egingo du 10:00etan, Errenteria-Oreretako Zumarditik abiatuta, Estutzeko ordua da. Eskubideak jokoan ditugu leloarekin.
Pandemiak urtea bete duenean, Oarsoaldeko eta Bidasoko herrien argazkia osatu dute hiru sindikatu horietako bi eskualdeetako arduradunek: ELAko Jon Urkolak, LABeko Kristina Getek eta ESK-ko Iñigo Rubertek. Suntsitutako lanpostuei begira jarri da Urkola, datuekin ilustratu du errealitatea: «2020an 24.212 enplegu suntsitu dira gizarte segurantzak emandako datuen arabera». Harago jo du ELAko arduradunak eta sinatutako kontratuen artetik soilik %7,8 direla mugagabeak gaineratu du; hau da, «%82 behin-behinekoak dira, horrek kaleratzeetan eta enplegu suntsiketan lotura zuzena dauka. Hamar enplegutatik bederatzi behin-behinekoak direnean, iruzur estrukturala dago». Hirugarren datu bat ere eman du ELAko kideak: «Lau langiletik bati eragin diote ERTEek, 216.837 langileri eragin diote osotara. Lan mundua ez zegoen ondo, eta pandemiarekin dena azkartu da, gure miseriak ere erakutsi ditu».
Pandemia heldu zenetik asko errepikatu den ideia bati tartea egin dio Getek, COVID-19aren ondorioak ez direla osasun krisi batera soilik mugatzen: «Bizi eta lan baldintzek ikaragarri egin dute okerrera. Argi dago, ordea, krisi hau ez dela sortu pandemiarekin, bazetorrena azkartu egin du, ez soilik lan munduan, larrialdi klimatikoa dela, migrazio mugimendu masiboak… Azken krisian bankuak erreskatatu zituzten, eta oraingoan diru publikoa ekonomian sartzea erabaki dute erreforma fiskalik egin gabe, inongo konpromiso sozialik gabe, esku pribatuetara bideratu dute. Berriro enplegu suntsiketa ekarriko du, langileak ez dituztelako aintzat hartzen».
Oarso Bidasora etorrita, pixkanaka bada ere enpresa handiak «badoazela» dio Getek, «ez gara momentuz aurkitzen ari beste herri batzuetan ematen ari den enpresa handien enplegu suntsiketa horrekin». Bestaldean, komertzio txikia, ostalaritza, hori dela kaltetuena bi eskualdeetan esan du: «Ikusten ari gara nola sufritzen ari diren, nola ixten ari diren». Bi eremu bereizi ditu Rubertek, osasunarena eta enpleguarena. Lantokiak, «infekzio» iturri nagusi direla salatu du ESK-ko arduradunak, «horren aurrean ezikusiarena egiten du administrazioak, arduragabe jokatuz». Enpleguari dagokionez, egiturazko arazoak daudela esan du: «Hor kokatu behar dugu eztabaida eta analisia. Osasunaren eta enpleguaren kudeaketa bi kontu uzten ari da agerian: kapitalismoak, ondorioak direnak direla, ezin du gelditu. Bestea da gero eta pertsona gehiago izango dituela soberan. Jendearen benetako beharrak jarri behar dira eztabaidaren erdigunean, eta enplegu politika hortik eratorri behar da, ez alderantziz».
Egunero 185 lan istripu izaten dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan
Datu gehiago eman ditu Urkolak, oraingoan ostalaritzaren sektorearekin lotuta: «%11,8ko enplegu masa galdu da, ostalaritzan lan egiten duten 10etik 1ek enplegua galdu du; hori izugarria da». Artea, jolas eta entretenimendu sektorea ere aipatu du ELAkoak, «sektore horretan enpleguaren %10 suntsitu da, entretenimendu enpresek eta arteak kolpe latza jaso dute». Kaltetuen zerrenda amaigabeari kiroldegietako langileak batu dizkio Getek: «Askok lanaldi partzialarekin egiten dute jarduera, ikastaroen arabera. Zerbitzu murrizketa ikaragarria izan dute eta askok ezin dute langabezia prestazioarekin aurrera egin, 100 euro baino zertxobait gehiagokoa dutelako».
Datuekin jarraituta, hezkuntza aipatu du Urkolak. 1.000 irakasle kontratatzeko konpromisoa hartu zuen Eusko Jaurlaritzak. Enplegu datuak eman ditu ELAkoak, argigarriak oso: «Araba, Bizkai eta Gipuzkoan lau irakasle kontratatu dituzte». Osasungintzan egoera hori bera errepikatu dela esan du Getek.
Zaintza erdigunean
Gabeziak eta ahultasunak bistaratu ditu batez ere pandemiak, gupidagabe, eta zaintzari inoizko paperik garrantzitsuena eman dio. Ezinbestekoa da, baina aldi berean baldintza okerrenetakoak dituen sektorea da. Ukaezina da feminizatua dela, eta emakumeak gehiengo diren sektoreak dira, zalantzarik gabe, prekarizatuenak. Jendartearen produkzio osoa merkatuaren logikatik atera behar bada, pertsonen zaintzak erabateko lehentasuna izan behar duela eraldaketa horretan sinistuta azaldu da Rubert: «Dena etekin pribatuaren zerbitzura antolatzen den bitartean, baldintzak ez dira hobetuko. Hamarnaka borroka zehatzetan gauzatu behar da hori, baina ipar hori galdu gabe, pandemian zehar erresidentzietako langileek bizitutako gainesplotazioa arau bihurtuko delako bestela».
Zerbitzu sozialen eredua aldatzeko beharra dago Geteren esanetan; bat dator Urkola, «lan baldintzak, ratioak, prekarizazioa… 2017az geroztik daude hitzarmenik gabe». Diru inbertsioa eskatzen duela horrek esan du LABeko arduradunak: «Kaltetuak langileak dira, baita erabiltzaileak ere. Titulartasun publikoa dute, baina atzean, azpikontratazioa dago, enpresa pribatuak. Sektore horrek aurretik jasaten zuen lan kargari, estresari, orain kutsatzeko arrisku altua gehitu behar zaio». Zaintza, langileen eta erabiltzaileen baldintzak duintzeko bide bakarra publifikazioa dela esan dute Getek eta Urkolak, «egoera larriak erakutsi du behar denean funtzionatzen duena publikoa dela».
Lan istripuak, beste pandemia
COVID-19aren pandemiak hankaz gora jarri du guztia, baina bada lan mundua astintzen duen bide luzeagoko pandemia bat: lan istripuak. 2021ean 16 lagun hil dira lan istripuetan eta langile batek desagertuta jarraitzen du Zaldibarko zabortegian; 2020an 75 izan ziren, eta 2008az geroztik 853 langile hil dira lan istripuetan Euskal Herrian.
«Gaur, 185 lan istripu izango dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, atzo izan ziren berak, bihar izango diren berberak; egunero errepikatzen da errealitate hori». Horren atzean, behin-behinekotasuna dago Urkolaren esanetan: «Langileek %150a eman nahi dute lana mantentzeko, langile onak direla erakusteko, eta asko, ahal dutenaren gainetik arituko dira. Lan istripuen atzean prekarietatea dago». Horrekin batera, beste aldagai bat aipatu du: «enpresei merke ateratzen zaizkie lan istripuak eta hildakoak izatea, bestela neurriak hartuko lituzkete». Berdin ikusten du Getek: «Lan baldintza kaskarrak daude istripuen atzean, lan ikuskaritzak ez du jarraipenik egiten, eta ez du gainera bitartekorik egiteko ere». Ideia horretan sakondu du Rubertek: «Lan ikuskaritza litzateke lan istripuei aurrea hartzeko bitartekoa, baina kapitalaren markoa onartzen duzunean, bere zerbitzura bukatzen duzu, eta horretan ari da administrazioa ere».
Etorkizunera begira erronka nagusiak zein diren galdetuta, LAB sindikatuarentzat enpleguaren defentsa eta prekaritatearen kontrako borroka direla esan du Getek, eta norabide aldaketa bat emateko beharra ere azaldu du, eredu sozial eta ekonomiko berri bat eraikitzeko: «Euskal Herrian norabide aldaketa hori ezkerretik etorriko da, langileen parte hartzearekin, eta herri burujabetza prozesuan sakonduta».
Epe motz eta ertainera begira, bi eremu aipatu ditu ELAko ordezkariak: «Fiskalitate ereduari buruz hitz egin eta eredua aldatu behar dugu, enpresa handientzat paradisua delako Euskal Herria». Bigarren erronka, Europako funtsak dira, «badirudi mana bezala etorriko dela dirua, eta horrekin murrizketak datoz». ESKrentzat, hiru dira erronkak: «Askatasunaren murrizketak borrokatzea, martxan dauden lan eta pentsioen erreformak langileen aldekoak izan daitezen presionatzea, eta beste biekin transbertsala den antolakuntza maila berriak eratzea etengabe, mugimendu feministarekin, auzo mugimenduekin, beste herrialdeetatik etorritako langileekin… Klase indarra antolatzeko modurik eraginkorrena bilatu behar dugu etengabe».