Iratxe Ansa dantzariak zabalduko du Lekuona
Ansak eta haren bikotekide eta dantzari Igor Bacovichek gidatzen duten Metamorphosis Dance Konpainiaren Al desnudo ikuskizuna izango da Lekuonako Sorlekua auditorioak hartuko duen lehenbiziko ikuskizuna.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2021/05/dsc0304.jpg)
Iratxe Ansa dantzari errenteriarra omenduko du Errenteriako Udalak. 2020an, Espainiako Dantza Sari Nazionala jaso zuen Ansak, eta horren harira, bere sorlekuak merezi duen aitortza egingo dio dantzariari.
Hilaren 29an izango da, txikian, COVID-19aren testuinguruak ez duelako ahalbidetzen beste moduan izaterik. Pleno aretoan izango da omenaldia 13:00etan, eta udal ordezkariekin batera, familiako kideak, eta herriko dantza eragileak izango ditu egun berezi horretan ondoan Ansak.
Omenaldirik ederrena herritarrek egingo dioten zalantzarik ez du, ordea, Aizpea Otaegi alkateak. Hala esan du horren berri emateko, Ansarekin berarekin eta Ion Collar Kultura zinegotziarekin batera Lekuonako Sorlekua auditorioan egin duten agerraldian. Izan ere, Ansak eta haren bikotekide eta dantzari Igor Bacovichek gidatzen duten Metamorphosis Dance Konpainiaren Al desnudo ikuskizuna izango da Lekuonako Sorlekua auditorioak hartuko duen lehenbiziko ikuskizuna. Maiatzaren 29an eta 30ean izango dira ikuskizunak 19:00etan. Doan izango dira biak, baina gonbidapenak eskuratu beharko dira udalaren ohiko bideak erabilita.
“Goizeko omenaldia hunkigarria izango da, baina arratsaldean bere herrian dantzatzea eta hainbeste jenderi bere artea erakusteko aukera izatea, are hunkigarriagoa izango da”, esan du Otaegik.
Omenaldia zein bi emanaldiak herrira itzulera, sorlekura egindako bidaia da. Hala esan du dantzariak berak, “sustraietara itzulera da, horregatik da hain hunkigarria. Denbora mordoa da joan nintzela gustuko dudana egitera, dantza eta artea babestera, eta hona itzultzea, sustraietara itzultzea da, nire jendearekin konpartitzea bihurtu naizena eta hemen egitea, espazio honetan; opari erraldoia da. Oso eskertuta nago”.
Bide horretan sakondu du Collarrek eta azaldu, modu berezian zabaldu nahi zituela ateak Lekuonako Sorlekua auditorioak: “Sorlekua sortzeko lekua da, baita zu sortu zinen lekua ere, eta Iratxe Ansarekin egingo dugu irekiera berezi hori. Aitortu egin behar dugu egiten duzuen lana, herrigintza inguruko errealitate baten enbaxadore zarete”.
Lekuonako Sorlekua auditorioa, “luxu bat”
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2021/05/dsc0301-500x755.jpg)
Iratxe Ansa dantzaria gaurko agerraldian.
Bere emanaldia hartuko duen espazioaren gainean mintzatu da Ansa: “ikaragarria da. Topagune, sorkuntza, eta elkartrukerako espazioa izan daitekeela uste dut, espazio partekatua da, oso sortzailea. Nabaria da, maitasun handiarekin, esfortzu ikaragarriarekin, eta dedikazio erraldoiarekin egindakoa dela. Luxua da, hau altxorra da”.
Sortzaile handien sorleku dela Errenteria-Orereta ez da sekretua. Iaz jaso zuen Espainiako Dantza Sari Nazionala Ansak, baina 2017an Kukai Dantza izan zen eta 1993an, berriz, Ur Teatrok jaso zuen antzerkiaren saria; ez da makala marka. Otaegik argi dauka arrazoia: “Egiteko modu baten emaitza dira sari horiek, apustu politiko eta kultural batzuen emaitza. Lekuona zabaltzeak, bokazio hori du, bost, hamar, hamabost… urte barru karrera profesional oparoa eta ezaguna izango duten artistak sortzea; Lekuonarekin ziklo hori elikatu nahi dugu”.
Al Desnudo obraren gaineko zehaztasunak eman ditu ondoren Ansak. Iazko Madrid en Danza-rako sortutako ikuskizuna dela azaldu du: “Bi zati dira, biko pausu klasikoagoa da lehena, eta inprobisazioari eta esperimentazioari tartea egiten dio bigarrenak”. Ikuskizunean, Ansak eta Bacovichek beren lan metodoa erakusten dute, beren koreografiak eraikitzeko prozesua eta moduak. Horregatik izena, Al Desnudo, direna erakusten dutelako zintzoki, haien esentzia oholtza gainera eramaten dutelako.
Ikuskizun garrantzitsua bihurtzen ari da Al desnudo, hala esan du dantzariak. Harago jo dute gaurko
agerraldian, Lekuona Venezia konexioa sortuko du, Errenteria-Oreretako emanaldia amaituta, Italiara
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2021/05/dsc0306-500x331.jpg)
Iratxe Ansa dantzaria.
eramango dutelako Bienalera.
Emanaldia luxuzkoa izango dela erantsi du alkateak, “Dferian ikusteko aukera izan dut eta txundituta gelditu nintzen, estimulu askoko eta handiko lana da, ikusteko erraza, eta etxean izango dugu”.
Ibilbide luze bezain oparoa
Ereintza Dantza Taldean hasi zuen bidea dantzari gisa Ansak, baina oso gazte egin zuen jauzi Donostiara eta Goi Mailako Musika Kontserbatorioan graduatu zen, ikasketak eta graduazioa Sttutgarteko John Cranko Schulen eginda.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2021/05/dsc0281-500x331.jpg)
Lekuonako Sorleku auditorioa. 737 lagunentzako lekua du eserita, eta 1.500 pertsonentzako edukiera du zutik.
1993tik Basilea Ballet, Ballet Gulbelkian, Espainiako Compañia Nacional de Danza, Lyon Opera Ballet, eta Nederlands Danse Theater taldeetan egin du dantza. Bere ibilbidean zehar, gainera, Nacho Duato, William Forsythe, Jiri Kilian, Crystal Pite, Medhi Walerski, Johan Inger, Ohad Naharin, Mats Ek, Nils Christe, Patrick de Bana, Wayne McGregor, Maurice Causey, Alexander Ekman, Rui Horta, JAcopo Godani eta Mathilde Monnier bezalako koreografoekin egin du lan.