Jaizkibel igoko dute larunbatean, presoak etxera itzul daitezen aldarrikatzeko
Pasaitarrak Donibaneko plazatik aterako dira 8:30ean, Sareren 'Izan bidea' dinamikarekin bat egiteko. Milaka pertsona Euskal Herriko 650 mendi ezagunenetara joango dira.
Euskal Herriko 650 mendi ezagunenak igoko dituzte datorren larunbatean; horien artean, Jaizkibel. Datorren larunbatean -hilak 8- pasaitarrek bat egingo dute Sare herritarrak Izan bidea dinamikaren baitan antolatutako irteerarekin: milaka pertsona Euskal Herriko 650 mendi ezagunenetara joango dira, presoak etxera itzultzeko bidearen hasiera aldarrikatu eta urruntze-politika bertan behera uztea galdegiteko.
Pasaitarrek 8:30ean ekingo diote bideari, Donibaneko plazatik abiatuz. Igoera egiteko asmoa dutenei eskatu diete aurretik izena eman dezaten esteka honen bidez. Helburua 650 mendi igotzea denez, antolatzaileek gomendatu dute -indarrean dauden neurriek ahalbidetzen duten heinean- oraindik inork hautatu ez dituen tontorrak aukera daitezen.
Gailurretara joateko igoera hura urriaren 3an egitea zegoen aurreikusita, baina atzeratu behar izan zuten eguraldiagatik. Gaur-gaurkoz, ia milioi bat kilometro bete dira ekimenari ekin ziotenean iragarritako 3.127.326 kilometroetatik. Antolatzaileen konpromisoa da Euskal Herrian bizi diren herritar beste [3.193.513 biztanle] kilometro egitea.
