Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzeko urratsa egin du udalak
Errenteriako emakume eta gizonen berdintasunerako III Planak barnebiltzen dituen lau ardatza estrategikoetako bat aurkeztu du gaur udalak. Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak ardatza da zehazki, eta udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien babesarekin egin du aurrera datozen urteetarako estrategiak
Errenteriako emakume eta gizonen berdintasunerako III Planak barnebiltzen dituen lau ardatza estrategikoetako bat aurkeztu du gaur udalak. Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak ardatza da zehazki, eta udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien babesarekin egin du aurrera datozen urteetarako estrategiak Horren berri emateko agerraldia egin dute Aizpea Otaegi alkateak, Itziar Ostolaza Berdintasun saileko zinegotzi arduradunak, Maite Gartzia Elkarrekin Errenteriaren bozeramaile eta alkateordeak, Iñaki Ruiz PSE-EEko zinegotziak, eta Elixabete Murua EAJren udal taldearen bozeramaileak.
2020ko uztailean abiatu zuten gaur aurkeztu eta aste honetan bertan Tokiko Gobernu Batzordeak onartu duen berdintasunerako III planaren ardatzetako lehena dena. Otaegik azaldu duenez, apustua egin dute planak barnebilduko dituen lau nagusiak banaka lantzeko, “horrela ardatz bakoitza sakonago lantzeko aukera izango dugu. Emakumeen kontrako indarkeria lantzen duena izan da lantzen lehena, emakumeek emakume izateagatik pairatzen duten giza eskubideen aurkako urraketarik larriena delako”.
Adierazpen ugari ditu indarkeria matxistak, eta Otaegik azpimarra egin dio ideia horri gogorarazteko esparru publiko zein pribatuan ematen dela, “baina testuinguru pandemiko berezi honetan ere oso nabarmen gelditu da, eremu pribatua, norberaren etxea, guztiontzat babes eremu behar lukeena, emakume askorentzat indarkeria esparru dela, horrek emakumeen bizimoduetan duen inpaktu larriarekin”.
Udalak onartu duena indarkeria matxistarik gabeko bizitzak eraikitzeko estrategia komun bat da, hamar urterako estrategia jasotzen duen plan bat, hiru urteko ekintza planak zehaztuz joango da, eta bi proiektu pilotu berri definitu ditu. Proiektu pilotu horietako lehena indarkeria matxista sufritzen duten emakumeei akonpainamendu integrala bermatzea du helburu, “horretarako herriko emakumeek osatutako bidelaguntza sarea baliatuko da, praktika publiko komunitarioa oinarri”, azaldu du Otaegik.
Lehen proiektu hori zehatz definitzeko lanari datozen asteotan ekingo dio udalak, eta ez du lan eta bide hori bakarrik egingo, Emakumeen Etxeko kideak izango baititu bidelagun.
Memoria historikoa jasotzearekin, eta errekonozimenduarekin lotuta dator bigarren proiektua. Horren barruan, Errenteria-Oreretan indarkeria matxista jasan duten emakumeen aitortza suposatuko du, aurretik haien errelatoak jasota.
40 emakumetik gora dokumentua sortzen
Azken emaitza agiri bat da, baina agiri horrek hamaika ahots, hamaika kezka eta hamaika ekarpen jaso ditu. Ideia bat nabarmendu nahi izan du Otaegik, “plana diseinatzeko prozesuaren aberastasuna”, izan ere, emaitza garrantzitsua da, baina hura bezain beste, hara heltzeko egindako bidea, eta garrantzitsuena dena, bide hori urratzeko moduak; moduak, pluralean, guztira 40 emakumetik gora aritu direlako ekartzen, sortzen, osatzen eta josten, Errenteria-Oreretako emakumeen bizitzak indarkeriaz libre izan daitezen estrategia. Ez da nolanahikoa lanketa, eta ez da nolanahikoa helburua; zinez handia. Eta bide horretan, parte hartu duen emakume bakoitzak bere begirada, bere esperientzia, bere modua jarri du.
Plana diseinatzeko prozesuak fase ezberdinak izan dituela azaldu du alkateak, “uztailetik irailera elkarrizketen eta dokumentazioaren azterketaren bidez diagnostikoa osatu zen; urria eta abendua artean, berriz, praktika onak ezagutzeko hiru mahai inguru antolatu ziren; eta azkenik, ekintzak eta proposamenak definitu ziren norbanako, eragile eta alderdi politikoekin”. Mahai inguruetan hainbat lekutako esperientziak ezagutzeko aukera izan zutela nabarmendu du, eta lanketa aberasgarria izan zela nabarmendu du Otaegik.
Alderdi politikoek aurkeztu dute Berdintasunerako III Planaren lehen ardatza. Protagonismoa badute hain garrantzitsua den estrategia adostu eta aho batez aurrera ateratzea lortu dutelako. Lanketaren oinarrian, baina, Berdintasuneko Aholku Kontseilua dago, “bera izan da eragile nagusi eta datozen hiru ardatzetan ere hala izango da”.
Lanketa prozesuan oso presente izan dira mugimendu feministatik datozen eskaerak Itziar Ostolazak azaldu duenez, “40 emakumek hartu dutela parte aipatu du alkateak, eta horietako bakoitzak bere bisioa eta bere ekarpena egiteko aukera izan du. Azken berdintasun planetik honakora eman den jauzi kualitatibo handiena Emakumeen Etxea da. Prozesu horien artean eraiki da eta bi urteko bidea eta esperientzia bete du. Helburu asko ditu eta funtzio ugari betetzen, horietako bat, oso garrantzitsua, indarkeria matxisten artapen eta erreparazioaren bide horretan, eta hori jorratzen ari gara”.
Gaur udal ordezkariek aurkeztu duten ardatzaren zehaztapen gehiago emango ditu Berdintasuneko Aholku Kontseiluak datorren astean.