«Eraso LGTBIfobikoak ugaritzen ari direla da errealitatea»
'50 años no son nada’ eleberria argitaratu berri du idazle errenteriarrak. LGTBI literaturan mugarri izan den ‘El viaje de Marcos’ liburuaren ondorengoa da sorkuntza berria. Hausnarketa sustatu nahi du bere nobelekin.
El viaje de Marcos liburua, eleberri itxi gisa planteatu zenuen, ondorengorik ez zuela izango esan zenuen. Orain, 50 años no son nada eleberria argitaratu duzu, 2002an Odisea saria eman zizunaren sekuela. Zer aldatu da?
Esan duzun moduan idatzi nuenean erabaki nuen El Viaje de Marcos itxia izango zela, ez zegoela ezer gehiago esateko. Urteak pasa egiten dira, mundua eta norbera aldatzen doaz aldiz, eta duela urte pare bat hasi nintzen pentsatzen istorioa berrartzea, baina ez jarraipen gisa, bigarren zati gisa, berriro topatze gisa baizik, leku berera urte asko pasata egindako beste bidaia gisa.
Agertokia bera da. El viaje de Marcos 1970. hamarkadan girotuta zegoen, diktadura garaian eta Arriskutasun eta Birgaitze Sozial Legea onartu berritan. Lege horrek espresuki zigortzen zuen homosexualitatea. Marcosen bidaiaren orainaldia 1995 urtea zen. Urte horretan PSOEk onartu zuen kode penal berria indarrean jarri zuen, eta bertan behera utzi zituen arriskutasun legearen artikuluak.
Ordutik 25 urte pasa badira ere, ezkontza parekideak onartu badira ere, ikusgarritasun handiagoa badu ere LGTBI kolektiboak, eraso LGTBIifobikoak ugaritzen ari direla da errealitatea, eta eskuin muturra eroso sentitzen hasi dela diskurtso homofobo eta LGTBIfobikoekin. Horrek guztiak nire erabakia birplanteatzera eraman ninduen eta sekuela idaztea erabaki nuen.Pertsonaiekin berriz topatzeko gogoa nuen, haiekin zer gertatu zen jakiteko eta idazteko, eta hemen da liburu berria.
Gay literaturan mugarri izan zen El viaje de Marcos. Liburu berriarekin bidea urratzen jarraitzea espero duzu ?
Nobela ez dut inolako sariketara aurkeztu, Egales argitaletxearekin atera dut, azken bost urtean haiekin ari naiz. Liburuak sortu duena da jakin-min handia sare sozialetan jakinarazi dudanean, harrera handia, ilusio handiarekin jaso dute irakurleek, eta behin irakurrita balorazio benetan positiboak izan ditu. Espero dudana da jendeak ez konparatzea bata eta bestea, nobela berriak berez egitea bere bidea, eta irakurleek gustukoa izan dezaten.
Eleberria modu independentean irakur daiteke, ez da ezinbestekoa aurretik El viaje de Marcos irakurtzea.
Azken hau, osoagoa, konplexuagoa eta aberasgarriagoa dela esan didanik bada.
Irakurlearengan zein eragina izango du zure liburuak?
Entretenigarria izatearekin batera, irakurlea hunkitu egingo du, barre eta negar eginaraziko dio, hausnarketarako balioko du, zer pentsatu emango dio irakurleari. Azken hori egiten saiatzen naiz beti nire liburuekin.
Zer suposatzen du zuretzat LGTBI kolektiboarentzat erreferentziazko idazlea izatea?
Ezer baino lehen, ohorea. Kosta egiten zait sinistea, idazle ugari dagoelako bere ekarpena egin duena nobelan, antzerkian, poesian, gaztelaniaz, euskaraz, katalanez edo galizieraz. Denak oso baliagarriak, eta ni baino ezagunagoak. Egia da El viaje de Marcos liburua mugarria izan zela adituen esanetan. Nire buruari laguntzeko 19 urterekin idatzi nuen nobelak, nire beldurrak eta sentsazioak askatzeko egin nuen lan horrek, hainbeste jenderi laguntzeko balio izana eta erreferentea bilakatu izana, ohorea da.
Hemeretzi urte geroago liburu erreferentea, irakurria eta maitatua da, eta eskertzekoa da.
Gay literatura etiketa bat da, ez genero bat, baina etiketa hori beharrezkoa da Juan Raures kritikoak esan zuen bezala, LGTBIfobia existitzen den bitartean, irakurleek erraztasunak izan ditzaten izan ditzaten erreferenteak bilatzeko, hausnarketara gonbidatzearekin batera. Pertsona askok, aurkitu ez ditugun erreferenteak behar izan ditugu kulturan, literaturan, zineman. Munduko errazena gizon eta emakume baten arteko harremana ikustea da zineman edo eleberritan, baina islatuta ikustea ez zen hain erraza. Zorionez, LGTBI literatura argitaratzearen aldeko apustua egin duten argitaletxeei esker, eraiki ahal izan da liburutegi bat gizon, emakume eta transgenero ahotsekin, LGTBI literaturarena. Gero eta errazagoa da topatzea egun edozein liburutegi eta apalategietan alfabetikoki eta ez orain urte batzuk bezala, El viaje de Marcos liburua beti kontatzen dudan bezala erotikoen sailean zegoela, ez denean erotikoa, oso erromantikoa da eta ez du ezer erotikoa, baina bertan kokatzen zuten, baztertua. Gaur egun hori gainditzen ari gara, zorionez. Argitaletxeek LGTBI literaturari leku bat eman die, behar duten herritarrei erreferenteak emateko. Beste herritarren eskura egotea ere garrantzitsua da, enpatizatzeko.
Liburua aurkeztuko duzu Errenteria-Oreretan?
Nahiko nuke bertan izan eta nire etxean aurkeztu liburu berria. Aurreko liburua, El muro ere aurkeztu nahi dut bertan. Espero dut pandemia amaieran egotea edo kontrolatzeko moduan txertaketari esker, eta osasun egoerak aukera ematea bidaiatzeko eta segurtasunarekin biltzeko. Garai bateko aurkezpenak ezinezko izango dira, baian ea uda ostean aukera dudan Errenteriara hurbildu eta 50 años no son nada liburua aurkezteko.