[Elkarrizketa] «18 urterekin ezarri nuen helburu hori askatzeko beharra nuen»
Sukaldaritza eta euskara ondoan jarri eta lehen lerrora ekarri ditu sukaldari lezoarrak. ‘Sukaldaritza eta gozogintza liburua’ Wikiliburua osorik idatzi du, eta sortutako material guztia han txertatzen ari dira. Aske erabil daiteke.
Zerk bultzatu zaitu sukaldaritzaz dakizuna sarean jartzera?
18 urterekin goi mailako sukaldaritza ikasketak bukatu nituen, gaztelaniaz egin nituen. Jabetu nintzen sukaldaritzarena guztiz eremu erdalduna zela. Nire barruan har hori gelditu zen, euskaraz sukaldaritzaz aritzearena alegia. Usurbilgo jatetxe batean bolada batez lan egin nuen, eta han nintzela Jakoba Errekondori esan nion zerbait egin nahi nuela, ea lagunduko zidan… Lanean egonda ere, beraz, har hori nuen barruan oraindik. 15 urtez ibili naiz sukaldari bezala lanean, eta beste 15ez sukaldaritza irakasle modura. Konfinamendu aurretik banuen intentzioa zerbait egiten hasteko, baina konfinamenduak aukera eman zidan esateko, ‘hau da nirea’. Facebook-en errezeta batzuk jartzen hasi nintzen. Gerora, horiei forma ematen hasi nahi nuen, eta egindako errezeta guztiak nola jaso zen nire kezka. Bloga ere jarri nuen martxan, informazioa babestua gera zedin. Orduan Iñaki Alegriarekin harremanetan jarri, eta hark Wikiliburuaren [Wikibook da jatorrizko izena] aukeraz hitz egin zidan. Eta Xabier Cañas, orain Tolosako Kultur teknikaria dena, hasi zen txertatzen nik egindakoak Wikiliburuan. Sukaldaritza eta euskara uztartuko zituen harritxoa jarri nahi nuen, eta Wikiliburu bidez izan dut aukera hori garatzeko. Material asko sartua dago, baina oraindik apurka osatzeko bidean da.
Zure pasioetako bi, sukaldaritza eta euskara, uztartzen dira landutakoan.
Hala da. Euskararen gaiak markatu nau gehiago, baina. Sukaldaritzaz material asko dago, gaztelaniaz gehienbat.
Sukaldaritza eta gastronomia ‘hain gureak’ izanda, zergatik ez dago euskarazko material askorik?
Edorta Agirre eta Hasier Etxeberria dira euskarazko sukaldaritza materiala gehien garatu dutenak. Tartalo argitaletxea eta Berria ere ari dira horretan. Etxeberriak hark egindako liburu batean argi esan zuen gastronomia gure kultura dela, eta horren buru izan diren batzuk, euskaldunak izanda ere, ez diotela eman euskarari behar zuen maila. Eta sukaldaritzan euskarari behar duen maila eman izan baliote, askoz garatuago egongo zela hau guztia. Pentsa zein prestigio lortu duen euskal sukaldaritzak nazioartean, eta pentsa euskarazko materiala sortu izan balute non egongo litzatekeen euskara alor honetan. Ezinbestean, oraindik ere, gastronomiaren mundua euskalduntzeko militantzia lanean jarraitu behar da, sukaldari ospetsu batzuk beraien posiziotik utzikeria erakutsi dutelako.
Hasieratik garbi zenuen zuk sortutakoak era librean partekatu nahi zenituela?
Edukiak libre zabaltzeari garrantzi handia ematen diot, zenbat eta gehiago zabaldu, hobe. Horrekin ez dut esan nahi aurrerago zerbait murritzagoa publika dezakedanik paperean. Aldi berean, Leioako Sukaldaritza Eskolak Erdi Mailako sukaldaritza gradua eskaintzen du, eta kurtso bakarra du euskaraz. Haiek eta Elhuyar Fundazioak elkarlanean euskarazko materiala dute sortua. Haiekin harremana egin eta material hori eskura izan dut, eta nire asmoa da Wikiliburua guztiz osatzen denean Leioako ikasleei eskatzea nik egindakoa errepasatu, eta egin beharreko egokitzapenak egiteko. Nire nortasuna ez dut elikatu nahi honekin, baizik eta materiala hor utzi nahi dut nahi duenak osatu eta erabiltzeko. 18 urterekin ezarri nuen helburu hori askatzeko beharra nuen.
Bidelagunak izan dituzu zuk sortutako materiala egokitzeko bidean.
Lehen aipatu ditudan lagunez gain, Pasaiako Euskara Zerbitzuko Jaione Urruzunorekin hitz egin nuen nire ideia zein zen aipatu eta hizkuntza alorrean laguntzeko. Pandemia garaia zen hura, eta haiek ere ez zuten lan gehiegirik. Beraz, Pako Sudupe laguntzen hasi zitzaidan, Pasaiako Udaleko Euskara Zerbitzuko langilea da hura. Aspertu egin dut Pako, baita etxekoak ere [barrezka]. Goizeko bostetan idazten hasi naiz askotan, egokia zen ordu hori, bestela ez nintzen gai ganoraz idazteko.
Goizeko bostetan? Nola idazten da ordu horretan?
Erraz. Liburu asko inguruan izanda, eta burua garbi goizeko bostetan. Ez pentsa, jende asko lanean aritzen dela ordu horretan! Gainera, hiztegi alorreko hainbat zalantza argitzeko Elhuyarreko Xabier Azkueren laguntza ere izan dut.
Beharbada nahi gabe, baina askorentzat bide bat zabaldu duzu.
Hori da nire helburuetako bat. Edorta Agirrek eta Hasier Etxeberriak egindako lan horri nolabaiteko segida ematea da nire asmoa. Baina euskarri digitalean beharbada bai, bidea urratzen ari naiz uste dudalako era errazean hel daitekeela sortu dudana.
Errezetak, adibidez, etxean egiteko modukoak al dira?
Errezeta gehienak oinarrizko prestaketak izatea nahi nuen, eta hauetako batzuk kozinatzeko zail direla pentsa badaiteke ere oso errazak dira, izozkia esaterako. Bestetik, liburuan hainbat atal daude: sukaldeko teknikak, osagaiak, truko eta aholkuak, hiztegia… 5
‘Sukaldaritza eta gozogintza liburua’-ra sartzeko, klik egin hemen.