Meipi eta goialdeko etxeak igogailu bidez lotzeko proiektua martxan da
Donibaneko irisgarritasuna bi igogailurekin hobetzea asmo duen proiektuaren idazketa 23.550 eurogatik esleitu du udalak. Idazlanaren egikaritzeak sei bat hilabeteko luzapena izango duela aurreikusi dute.
Pasaiako Udalak joan den astean lizitatu zuen, Donibanen irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin, bi igogailu eraikitzeko proiektuaren idazketa. Proposamen horrek 25.550 euroko aurrekontua izango du eta 26 astean egikaritu beharko du hautatutako enpresak.
Ideien lehiaketa fase bakarrean gauzatu da, eta irabazlearen proposamena aurreproiektutzat hartu du udalak. Hala, proiektu teknikoa idazteko zerbitzua esleitu diote Aizpurua Arquitectos Asociados enpresari.
Lehen fasean bi kokalekuren artean hautaketa egin behar izan dute behealdearen (Meipi plaza) eta goialdeko etxeen artean bi igogailu jartzeko.
Bi kokaleku posible
Pasaiako Irisgarritasun Planean bi igogailu eraikitzea aurreikusten da, bata bestearen jarraian: lehena Meipi plazaren ekialdean, beheko aldea eta Bordalaborda kalea lotzen dituzten eskailerak dauden lekuan; eta bestea kale hartako erdiko bidetik San Rokeko mesetara igotzeko eskailerak dauden tokian.
Alabaina, udal arduradunek iritzi zioten eremu horretan, zailtasun topografikoez gain, «bestelako zailtasunak ere» egon litezkeela. Hori dela eta, bigarren kokaleku bat proposatu zuten: Meipiko plazaren mendebaldean, erdialderago, Donibaneko goiko alde osoa eta eskola nahiz J.J. Otaegi plazako jolas-eremua kontuan izanik.
Dena den, Lore Suarez lehen alkateordeak jakinarazi du lehiakide guztien hautua bera izan zela: «Ideia lehiaketako parte hartzaile guztiek ondorioztatu zuten kokapenik egokiena teknikoki, eta herritar gehiagoren irisgarritasuna hobetuko lukeena, lehena litzatekeela».
Hortaz, bi igogailu eraikitzea aurreikusi dute goialdeko ilustrazioan ikus daitekeen eremuan.