'Menu solidarioak' helaraziko ditu Bekoz Bekok, Antxotik Indiara
Azidoarekin erasotutako emakumeak -eta beste hainbat kolektibo zaurgarri- artatzen dituzten establezimenduak sustengatzeko crowdfunding kanpaina abiarazi dute.
Indian azidoarekin erasotuak izan diren emakumeak Sheroes Hangout establezimenduetan bildu ohi dira, euren duintasuna berreraikiz eta bizitzari aurre eginez. Momentu hauetan lokal horiek itxita daude, “eta haien bizimodua, etenda”, azaldu du Bekoz Bekok.
Antxoko elkarteak crowdfunding kanpaina bat abiarazi du, establezimendu horiek euren sukaldeak berrireki ahal izateko, eta hala, zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboei (ehun lagun baino gehiago direla adierazi dute) janari plater bat eskaini ahal izateko.
Dohaintzak Bekoz Beko elkartearen webgunearen bitartez egin daitezke; arduradunek jasotako diru hori Indiara helarazi asmo dute, bertan janari plater bilakatzeko jasotakoa.