Altzaten parkea dute amets
Etxebizitzak eraikitzeko proiektua hurbilago da ALtzate eremuan. Hainbat eragilek, herriarentzat parkea aldarrikatzen ari dira bertan, Altzate Bizirik plataforman bilduta. «Herriguneko azken berdegunea» babestera deitu dute, baita Lobato okupatutako etxea ere.
Altzate eremua, parkea bilakatzea eskatzen ari dira. Hiri ingurunean gelditzen den aukera bakarra dela diote, berdegune zabal bat, arnasteko espazio bat berreskuratzeko herriarentzat, eta berandu baino lehen, etxebizitzak eraikitzeko dagoen proiektua bertan behera utzita «etorkizunean» inbertitzeko eskatzen ari dira Altzate Bizirik Herri Plataformaren barruan biltzen diren eragile eta norbanakoak. Horietako laurekin hitz egin du Hitza-k, haien eskaera eta aldarrikapena gertutik ezagutzeko: Gurekin Iztieta Ondartxo auzo elkarteko kide den Txelis Martinekin, Lobato etxe okupatuko Maddi Mutuberriarekin, eta Altzate Bizirik plataformako kide diren Santi Angulo errenteriarra eta Josu Pikabea lezoarrarekin. Lezo eta Errenteria-Orereta artean dago banatuta Altzate.
Mende erdi atzera egin du Martinek Altzatek izan duen ibilbidea marrazteko: «1965ean Iztieta-Ondartxo auzo parean Campsa eta depositoak indarrez ezarri zituen Madrilek. 2005ean, depositoak eraitsi eta lur eremu hori urbanizagarri gisa birkalifikatu zuten». Altzaten auzo berri bat eraikitzeko asmoa ez da berria, 2006an jakin zuen Iztieta Ondartxoko auzo elkarteak: «Auzoa enkajonatu eta laugarren murrua eraikiko dutela da balorazioa, aurretik dagoeneko bizilagun dentsitateagatik oso zigortuta dagoen auzo bat izanik». Auzo elkarteak etxebizitzak eraikitzeko proiektuaren parte izango den beste elementu batekin ere azaldu du kezka: «Autoentzako norabide bikoitzeko zubia planteatzen dute, eta horrek, gure auzoak dagoeneko bizi duen trafiko egoera kaotikoa okertzea ekarriko du. Altzate da Iztieta-Ondartxok duen leiho ireki bakarra, trafikorik gabekoa, laua, eta hormigoi espetxe bihurtuko dute».
Autoen zirkulaziorako zubiari alegazioak aurkeztu bazizkioten ere, udalak berehala bota zituela atzera dio bizilagunak: «Egungo udalak aurreko udalek izan duten politika bera izaten jarraitzen du, Altzate proiektua aurrera eramatea, auzoa dohakabe zigortzea da».
Duela 20 urteko plan orokorrari begira jarri da Angulo: «Dena urbanizazioak dira plan horretan. Berdeguneak berreskuratu edo mantentzeko eta berriak egiteko gabezia ikaragarria da. Legeak dio, biztanleko 5 metro koadro zonalde libre eta berdegune behar direla; Gabierrotatik Alabergaraino edo Pontikaraino hartzen badugu, hori ez da betetzen inon ere. Azken urteetan eraiki dituzten etxebizitza asko eta asko gelditzen ziren berdegune eskasetan egin dituzte». Anguloren hitzetan, horrek erakusten omen du konstruktoreek agintzen dutela etxebizitza politiketan, «nahi dutena egiten dute. Bizi osorako edo iraungitzen ez den baimena dute». Altzaten etxebizitzen ordez parkea egiteko erabakia ez hartu izana «borondate faltari» egotzi dio Angulok: «Lur eremu hori banketxeena zen eta promotora batek erosi du orain. Kontua apustua egitea da: berreskuratu nahi dugun padura hori herritar guztiei eremu librea eta berdegunea eskaintzeko, edo segitzen dugu konstruktoreekin interes espekulatiboetan. Borondatea izan balitz udalaren aldetik, Eusko Jaurlaritzaren, Madrilgo gobernuaren, Europako funtsen eta aldundiaren diru laguntzak daude degradatutako eremuak berreskuratzeko, baina udala ez da laguntza horien bila joan. Ate hori itxi du. Bilbon, Muskizen edo Bakion hala egin dute, laguntza bidez».
Uholde arriskua
Arriskuak ere aipatu ditu Angulok. 2011n Lartzabal urez bete zela gogorarazi du: «Bizpahiru urtero errepikatzen da egoera. Hori eremu honetan gertatzen bada, uholdeen karga osoa Iztieta-Ondartxorentzat izango da. Interes espekulatiboetan ari dira enpresak eta udalak atea ireki die basakeria hau egiteko, eta dirutza aterako du horretatik».
Lurrari prezioa jartzea onartezina da Pikabearentzat: «Zergatik onartu behar dugu banketxeek edo promotorek garai batean padura edo baratze ziren lur eremuen jabe egitea?». Ideia horretan sakondu du Mutuberriak. Altzaten auzo berria eraikitzeko eraistea aurreikusita dagoen Lobato etxe okupatuko bizilaguna da hura: «Bizilagunek nahikoa ordaindu dute urte luzez Campsaren depositoak bertan izan eta lehertuz gero hegan ateratzeko arriskua izatearekin. Garestia da parkea egitea bertan? Garestia zen deposito batzuk izatea parean, eta eduki zituzten izan zitzaketen ondorio eta arriskuekin».
Etxebizitzarekin negozioa egitea, bestalde, salagarria da Pikabearentzat. «Higiezinen agentziak dirutza egiten ari dira, eta udalek ere etekina atera nahi dute». Beste arlo bati ere egin dio erreferentzia, ibai ertzetan eta kostan eraikitzeko debekuari, hain zuzen ere: «Altzatek uholde arriskua du, neurriak hartu behar dira etorkizunari begira, eta merkatuaren logikatik atera beharra dugu, bestela lepotik helduta gaudelako».
Iñaki Petxarroman idazle eta kazetariaren Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian liburua aipatu du lezoarrak: «Adituek diote ez genituzkeela eremu berriak okupatu behar, padurak errespetatu behar direla, eta kasurik ez dute egiten. Herritarrek zerbait egin behar dugu; horregatik elkartu gara».
Etxebizitzak eraiki bai, baina benetan horien beharra ote dagoen ez dagoela aztertuta gaineratu du Angulok: «Zenbat jendek behar du etxebizitza bat herri honetan? Altzate eta beste proiektu batzuekin 1.000 etxebizitza eraiki nahi dituzte, baina behar hori badago? Eta behar dituztenek ordaindu ahalko dituzte? Behar dira etxebizitzak, noski, baina ez prezio horietan, ezta hainbeste ere. Beharra duen jendea beti kanpoan gelditzen da».
Lobatok, 22 urte okupatuta
22 urte dira Lobato etxea okupatu zutela, etxebizitzaren arazoari erantzun bat emateko, Mutuberriak esan duenez. Altzaten eraiki nahi dituzten etxebizitzez mintzo da gaztea. «Prezioak ikaragarri altuak dira, babes ofizialeko etxebizitzak ere garestiak dira, ez daude denen esku, eta ez datoz bat Iztieta-Ondartxon bizi direnen erosteko ahalmenarekin. Ez dira egiten ari irisgarriak diren etxebizitzak, proiektua ez dator etxebizitzaren arazoari erantzuna ematera». Espazio librea izan dela Lobato okupatu zutenetik azaldu du, modu autonomoan funtzionatu duela eta proiektu ugari sustatu direla bertatik. «Halako espazioak beharrezkoak dira, okupazioaren defentsa egin nahi dut».
Une honetan ezjakintasun egoeran bizi dira. Lezoren eremuan dago kokatuta etxea, eta udala ez omen da jarri beraiekin harremanetan ezer azaltzeko. «Zitazioa jaso dugu epaitegitik. Datarik ez dago, baina argi dugu lehenbailehen kendu nahi gaituztela erditik». Kontraesan ikaragarria dela dio: «Gure etxea eraitsi nahi dute, bertan bizikideak dituena, bizirik dagoen etxea, berriak eraikitzeko, irtenbiderik eskaini gabe». Okupatutako etxea, gainera, Lezon industria garaitik gelditzen den ondare zaharrena dela gaineratu du Pikabeak: «Mendea beteko du aurten, eta udalari berdin zaio eraistea».
Kutsaduraren gainean ere mintzatu dira Altzate Bizirik plataformako kideak. Eremu horretan egoera zein den 2007az geroztik ez dela aztertu dio Martinek: «Orduan egin zituzten katak, baita deskontaminazioa ere, baina ondoren ez dute lanik egin deskontaminazio hura egoki egin zen edo ez jakiteko». Esan dute duela bi aste berriro katak egiten aritu zirela eremu horretan, makinak sartuta.
Galdeketa
Irtenbidea zein den galdetuta, bat egin dute laurek: herriarentzat parkea nahi dute Altzaten, eta berandu baino lehen iraultzea eskatu dute etxebizitzak eraikitzeko proiektua. «Ez dugu parke proiektu bat egina, baina gelditzen den horretarako eremu bakarra ez hipotekatzeko eskatzen dugu, Lobato etxe okupatua errespetatzearekin batera». Horretarako sinadura bilketa egiten ari dira Lezon zein Errenteria-Oreretan, galdeketa bat egitea planteatu nahi dutelako, herritarrek erabaki dezaten zer nahi duten Altzateko eremuarentzat. Lezon 600 sinadura behar dituzte, biztanleen %10, eta horien erdia jasoa dutela zehaztu du Pikabeak. Errenteria-Oreretan zenbat bildu dituzten ez dute zehaztu, baina eskaera bera egiteko asmoa dute udalean. Sinadura bilketaz gain, eremuaren gaineko informazioa biltzen duen erakusketa ibiltaria eta hainbat auzolan ere antolatu dituzte. Azkenekoan, hainbat arbola aldatu zituzten eremua atontzen aritu ziren 30 bat lagunek eta parkea zabaldu zuten.
Proiektuari sei alegazio aurkeztu dizkiotela jakinarazi dute, eta erantzunaren zain daudela. Bien bitartean, onarpena erabatekoa ez denean, bertan eraiki nahi duen promotora etxebizitzak erreserbatzeko bezeroei dirua eskatzen ari dela salatu dute. Ez dute zalantzarik: «Altzate parke naturala bihurtzea etorkizuneko inbertsioa da; inbertsioa osasunean, baita ekonomian ere».
Altzaterako erdibideko alternatiba hobetsi dute udalek
Altzate eremurako proiektuaz hitz egin dute Eneko del Amo Errenteriako Hirigintza zinegotziak eta Jesus Mari Martiarena Lezoko alkateak. Bi udalerrien artean kokatuta dago eremu hori.
Errenteria eta Lezoren artean kokatuta dago Altzateko lur eremua. Bi udalek badute zer esana espazio horretan planteatuta dagoen proiektuaren gainean. Eneko del Amo Errenteriako Udaleko Hirigintza zinegotziak atzera begirada egin du. Altzatekoak jabetza pribatuko eremuak direla gogorarazi du, eta 2007az geroztik kalifikazio urbano erresidentziala dutela: «Erabaki batzuk hartu ziren iraganean eta oraina kudeatzea dagokigu etorkizunarekin pentsatuta». Hainbat mugarri aipatu ditu ibilbidea marrazteko unean. Hala, 2013an Errenteria 2025 plan estrategikoa onartu zela oroitarazi du, eta Hiri Antolamendu Plan Orokorra berritzeko beharra zehaztu zela. Horretan ari da udala. Halaber, garatu gabeko proiektu urbanistikoekin zer egin erabaki beharra ere lanen zakura batu zuen udalak; hor sartzen ziren Altzate eta Gamongoa.
Bi urte geroago, 2015ean, azterketa bat kontratatu zuen udalak, «eremu horietan zer eta nola egin erabakitzeko». Agiria irakurtzea interesgarria dela esan du del Amok: «Altzaterako hiru agertoki posible planteatu zituen: zero eraikuntza; erdibideko irtenbide bat birplanteamendu bat eginez, ugaritu gabe eraikigarritasun indizeak; eta aurreikusitakoa baino gehiago eraikitzea». Erdibideko alternatiba gomendatu zuela azterketak dio: «Hori bere egin zuen udalak. Zero eraikuntzaren alternatiba bertan behera utzi zen, gastu eta arrisku ekonomiko handia suposatzen zuelako».
Udalak prozesu guztia bizilagun eta eragileekin partekatu duela dio Del Amok. «Iztieta-Ondartxoko eragile eta bizilagunei informazioa eman zaie, eta auzoetako batzarretan aurkeztu eta onartu egin zen proposamena». Antolamendu Ondoren Aholku Kontseiluak ere onartu zuela gaineratu du. «Udalaren apustua herritarren intereserako antolamendu egokiena egitea izan da».
2019an promotora batek erosi zuen banketxeena zen eremu hori. «Horren berri ere eman genien bizilagun eta eragileei, baita eraikitzen hasteko asmoa zuela ere. Erakusketa ere egin genuen planeamendu berriaren informazio guztia zabaltzeko, onartu aurretik; azaroan, hasierako onarpena eman zitzaion».
279 etxebizitza
Antolamendu berriarekin, ibaiaren eskuinaldeari jarraikortasuna emango dioten elementuak barnebildu direla dio Errenteriako Hirigintza zinegotziak: «Pribatua den eremua publiko bihurtuko da, apantailamendua ezabatu du, iragazkorragoak diren eraikinak planteatu ditu eta eraiki gabeko eremua zabaldu da». Bi partzela garrantzitsu sortuko direla gaineratu du, «udal ekipamendu bat eta udal aparkalekua, baita babes ofizialeko 30 etxebizitza ere».
Altzate eremuan 280 etxebizitza eraikitzea aurreikusia dago; 129 Lezon eta 150 Errenteria-Oreretan. Lezok 1,11 hektarea ditu eta 4,36 Errenteria-Oreretak. Azken horretan hektareako 34 etxebizitza eraikiko dituzte, dentsitateari erreparatuta Iztieta-Ondartxok daukana baino askoz baxuagoa, eta Lezon hektareako 115. Etxebizitza publikoen kopurua batean zein bestean %20koa izango da. Eremu horretan ez dute lekurik izango merkatalgune handiek, Del Amok azaldu duenez: «Auzoko denda txikien aldeko eta Iztietako merkataritza sustatzeko sinergiak bultzatzea izan da apustua, egun ez duen zentralitatea emango dio Iztieta-Ondartxori».
Jendeak Errenterian bizitzen jarraitzea nahi badute, Del Amok ezinbestekotzat jo du etxebizitza parkea handitzea, eta datuekin babestu du baieztapena: «Herritarren kezken artean hirugarrena etxebizitza da, segurtasunaren eta trafikoaren ondotik. 2011tik 2021era, 172 etxebizitza eraiki dira udalerrian». Hori etxebizitza hutsen kopurua murrizteko positiboa izan dela dio; gaur-gaurkoz, %5,65 daude hutsik udalerrian, Gipuzkoaren batez bestekotik urrun, —%17koa da etxe hutsen kopurua herrialdean—. Etxebizitza bai edo ez beharrean, etxebizitza eredua dela eztabaidagaia gaineratu du: «Beharrak asetzeko etxebizitzak egin behar dira, irisgarri behar dute izan, eta horien eredua aztertuta. Erronka handia dugu».
Udalerriak bere hiri eredu propioa izatearen garrantzia nabarmendu du: «Esnabide eta Gamongoa adibide dira. Lehenean hiru etxebizitza eraikin egingo dituzte. Librea da lehen eraikina, babes ofizialekoa bigarrena, eta etxebizitza sozialen eraikina azkena, denak 27 etxebizitzakoak. Hainbat beharri erantzuten saiatuko gara eta hori antolaketatik egiten da; hori da udalaren ardura, planeamendu egoki bat egitea behar guztiei erantzuteko. Gamongoan eremu pribatuko 20 hektarea publiko izango dira».
Plan Berezia onartuta Lezon
Jesus Mari Martiarena Lezoko alkateak hango eremuaren egoera zein den azaldu du. Plan Berezia, Ingurumenekoa, Ura Uraren Euskal Agentziak eta Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritzak onartu dutela esan du: «Dena prest dago eraikitzeko lanak hasteko. Lezok %30eko portzentaia dauka Altzateko eremuan, eta gainontzeko %70 Errenteriak. Behin betiko onarpena ematea falta da orain, baina ezin esan noiz izango den. Alegaziorik, nik dakidala, ez da aurkeztu gurean».
Lezoko eremuan hasiko dituzte lanak lehenik, hori delako lehen fasea. Baina horiek hasteko dataren gaineko informaziorik ez duela esan du alkateak.