‘Lezokeitan’, familiak euskaraz bilduko dituzten kartak
Lezo Herri Eskolako Euskara Talaiak karta jolasa sortu du, herriko pertsonaia ezagunen bitartez herriko ondarea ezagutarazteko, eta euskaratik familia giroan eragiteko.
Aurtengo egitasmo potoloena gauzatu du Lezo Herri Eskolako Euskara Talaiak: Lezokeitan. Karta jolasa da, bikoteka irudiak, kasu honetan Lezoko pertsonaiak batzean oinarritzen dena: herriko inauterietako pertsonaiak, jaietako protagonistak edo pailazoak (Korri, Xalto eta Brinko) aurki daitezke Leire Aranburu ilustratzaileak sortu dituen kartetan. Jokoa izanik erabilera bakoitzean izango dira irabazleak. Baina garaipena lortu duen lehen-lehena herria bera da: euskararen transmisioa familia giroan emateko euskarri oso erakargarria da Lezokeitan, baita herriko ondarea ezagutarazteko ere, bertakoei eta kanpotik etorritako lezoarrei. [Jolasaren argibideak jasotzeko, klik egin hemen].
«2014an sortu zen Euskara Talaia. Ordutik, familiekin elkarlanean hainbat iniziatiba gauzatu dira, betiere familia giroan euskararen erabilera bultzatze aldera», azaldu du Iratxe Lopetegi Talaiako kideak. Ziur dute herrian euskaratik eragin nahi zutela. «Herriko haur gehienak Herri Eskolara datoz. Haur horietan eragiten badugu, Lezon ere eragingo dugu», zehaztu du Ager Arrieta taldekideak, eta aldi berean Hezikuntza Guraso Elkarteko partaide denak.
Pandemiagatik bertan behera utzi zituzten hainbat asmo Euskara Talaiakoek. Ataka horretan, baina, aukera bat garatzea erabaki zuten: etxera eramateko moduko egitasmoa gauzatzea. «Etxe horietan sartzeko zerbait egin behar genuen. Mahai jolasak izan genituen hizpide, eta karten bikoteena iruditu zitzaigun politena», adierazi du Lopetegik.
Nabarmentzeko beste aspektu bat. Lezo Herri Eskolako hezkuntza komunitatea askotariko familiek osatzen dute. Beraz, karta jolasaren azalpenak euskaraz egoteaz gain, hainbat familiaren jatorrizko hizkuntzan daude: «Horrela, familia horiek guregana ekarri ditugu. Euskara elkartzeko tresna bat izan da».
Hitza Euskara Talaiakoekin izan den bitartean, lehen aldiz ikusi ahal izan ditu Leire Aranburuk kartak. Horien irudien egile izanik, ilusioz eta urduritasun puntuarekin ireki du horien kutxatxoa. Iratxe Lopetegik esplikatu zion zein zen egitasmoa, eta marrazkiak egiteko eskatu. Baiezkoa berehalakoan eman zuen Aranburuk, hura Herri Eskolako ikasle izandakoa: «Ideia asko gustatu zitzaidan».
Aranburuk aitortu du iruditeria sortzerakoan gehien kostatu zitzaiona izan zela haur kutsuko karta horietako pertsonaiak identifikatzeko errazak izatea: «Lezoko pertsonaien irudiak begiratzen egon nintzen horretarako. Aberasgarria izan da esperientzia, asko gustatu zait. Azken boladan ez dugu jairik eta deus ere izan; hori oroitarazteko tartea eman dit irudiak sortzea».
Elkarlana
Euskara Talaiaren barruan Herri Eskolako ikasle, irakasle eta gurasoak biltzen dira. Lanerako lehengai elkarlana dute, eta horretarako energia euskaratik datorkie. Lezokeitan da horren adibide, baina ez azkena. Badituzte egitasmo gehiago esku artean, tartean, Parketarrak. Hilaren 19an, eta ekainaren 2an eta 9an (17:00-19:00) egingo dituzte saioak Goiko Plazan. Ekainaren 9koan salgai jarriko dute karta jolasa, bost euroan. Aurretik, Herri Eskolako 327 familiek jasoa izango dute. Hala ere, posta elektronikoz ere eska daitezke kartak [klik egin hemen posta elektroniko helbidera joateko]
Olatz Aldabe zentroko zuzendaria harro dago azken emaitza horrekin, nahiz aurretik egina duten lanarekin. Musukoaren azpitik irribarrea sumatzen zaio Euskara Talaiakoen azalpenak entzuten dituen bitartean. «Euskarari indarra egiteko bide bat egitea ez da nahikoa. Bide guztiak jorratzen saiatzen ari gara Herri Eskolan, eta Euskara Talaiak indar handia du. Oso eskertuak gaude egiten duten lanarekin. Lezon euskara indartzeko zerbait egin badezakegu, bikain».
Lezoko Udalaren aterkipean sortutakoa da herriko ondarea betikoratuko duen euskarazko karta jolasa. Joxe Mari Iraola Euskara Saileko teknikariak argi azaldu du hasieratik Euskara Talaiaren ondoan egon behar zutela. «Elkarlanean ondo funtzionatu dugu, eta egitasmoak garatu ditugu. Hizkuntzaren normalizazioaren ikuspuntutik jorratzen dituzten alorrak —aisialdia, ikastetxea eta familia—oso garrantzizkoak dira. Eta udalak hor egon behar zuen».
Jarraian, jolasaren hainbat kartaren irudiak (Leire Aranburu da egilea):