Berrikuspenak
Berrikuspen edota errebisioek horrelako beldur bat sortzen didate, izan dentistarenean, izan amonak igande goizez behetik gora begiratzen zaituenean itxurosa ote zauden epaitzeko, izan azterketaren emaitzaren berrikuspena, izan ginekologoarenean, izan IAT (ITV)… geure buruak berrikusteak ikaratzen gaituela esango nuke. Beldurra diogu jada dagoenari begira jarri eta akatsak, gaizki dauden kontuak, konpontzekoak edo aldatu nahiko genituzkeenak ikusteari. Eta behin atzemanda, horrekin egin beharrekoari batez ere.
Pasa den hilabetean niri ere tokatu zitzaidan horrelako kontsulta batetik pasatzea, autoaren errebisioa. Urduri nengoen aurreko egunetik, sabai zuriari begira jarri eta zatorkidan egoera fikzionatzen saiatu nintzen, ordura arte nekien guztia errepasatzen. Zeinen gutxi dakigun ohartzen gara pentsatzen jartzen garenean. Bost urte atzera egin nituen, orduan guztia argiago edo freskatuago nuelakoan, gorriz markatutako testez, eta errepidean sekula ikusi ez ditudan seinaleez gogoratu nintzen.
18:15etan nuen hitzordua, seiretarako bertan nengoen, gutxitan gertatzen zait, urduritasunaren kontuak izango dira. Urduritasuna horrelako espazio maskulino batean sartzeko. Urduritasuna beraien jakintza nirea baino handiagoa dela jakitun neska gazte ahaldundu bezala jokatu beharreko papera mantentzearekin. Nire baitako ekintza politiko bat zen neu joatea IATko errebisio hartara. Nire eremu naturaletik ateratzea, eremu deseroso batean sartzea. Eta handik, aurrez neurtzen dudan metro eta hirurogeita hirurekin ateratzea, zentimetro bat bera ere txikitu gabe.
Neure buruari nahi niona esango nion, baina auto ilaran jartzearekin bat elefanteak nituen sabelean. Han hurbildu zitzaidan mekanikoa: «Atsaldeon, kotxeko paperak emango mesedez?», eta 18:00ak ezkeroztik lehendabiziko aldiz arnasa hartu nuen. Bat-batean beldur eta urduritasunak desagertu zitzaizkidan, bezperako gauean bezain gutxi nekien kotxearen inguruan, baina seguru sentitu nintzen. Lehen minutuan bezain maskulinoa eta arrotza zitzaidan lekua eta giroa, baina lasai nengoen.
Itzulerako bidaian ohartu nintzen zeinen lasaigarri izan zitzaidan atsaldeon hori, nola aldatu nuen nire jarrera, eta nola aldatu nuen nire ikuskera. Atsaldeon batek zenbat konplizitate sortu zidan, eta ordura arte hain urrun imajinatu nituen bi mundu, bi lagun, nola elkartu gintuen hitz batek. Ez baita hitz soil bat, euskaraz aritzeak mundu ikuskera, marko kultural eta imajinario kolektibo bat ere ematen digulako —ez beti, ez denoi eta ez du zertan—. Baina momentu hartan nik hala sentitu nuen, eta egiari zor, beste gorputzaldi batekin itzuli nintzen, nire metro eta hirurogeita hiru zentimetroekin.
Berrikusi nuen ordura arte espazio horrekiko nuen mesfidantza, zerk sortzen didan urduritasuna eta zerk laguntzen nauen lasaitzera. Eta bai, autoak ere gainditu zuen errebisioa, ajerik gabeko igande goizetan nik amonarena bezalaxe.