Aniztasunetik jositako historia, aitortzarako zumea
SOS Arrazakeriak migranteen errealitatea lehen lerrora ekarri du ‘Dos familias’ film laburraren bidez. Errenteria-Oreretara garai ezberdinetan heldutako bi familiaren esperientzia bildu du filmera.
Bi jatorri, bi garai desberdin, baina helburu bera: etorkizun hobeago bat. Amets horrek lotzen ditu Errenteria-Oreretaren historiara Mari Jose eta Aitor Macias Sanchez anai-arrebak, eta Belkys Danelia Hernandez Avila. Salamancako herri txiki batetik, Galindo y Perahuy, heldu zen 1960ko uztailaren 22an, Madalen Egunarekin, Macias Sanchez familia udalerrira. Hiru seme-alaba zituzten orduan, Mari Jose tartean; Aitor eta beste bi seme-alaba Errenterian jaio ziren. Beren herrian ez zuten modurik familiari eguneroko duin bat eskaintzeko; horren bila etorri ziren, garai hartan familia askok egin bezala.
Tegucigalpatik, Hondurasko hiriburutik, iritsi zen 2019ko azaroan Hernandez. Haren ama etorri zen aurretik. Hura ere familiaren bizimodua duintzeko, aukera berriak zabaltzeko etorri zen. Bi seme gazteenak ekarri zituen ondoren, beste alaba bat gero, eta duela bi urte eskas heldu zen alaba zaharrena, Belkys. SOS Arrazakeriak, bi familiak eta haien bizipenak bildu ditu Dos familias film laburrera. Herenegun eman zuten Niessen Kulturgunean udalak antolatutako Errenteria 11 Kolore dinamikaren seigarren ekitaldian, Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Egunaren harira. Udalerriaren nortasunean oinarrizko osagaia den migranteen errealitatea erdigunean jarri du SOS Arrazakeriak filmaren bidez.
Beren bizipenak kontatu dituzte bi familiek ikus-entzunezkoan. «Gurasoek aldatu beharra zuten, beren herrian ezin zuten bizi, egun osoa lanean ematen zuen aitak lau pezeta irabazteko», kontatu du Mari Jose Maciasek. Haren arreba bat hemen zen lanean, eta, Donostian lan aukera handiak zeudela esan zion. «Trenetik jaisten ari zela, geltokian bertan, eskaini zioten lana. Gogoan dudana da ez zela batere gogorra izan hona egokitzea, baina aiton-amonak han uztea gogorra izan zen». Sustraiak ahaztu gabe, gurasoek Errenteria-Oreretako kultura maitatzen erakutsi dietela erantsi du Aitor Maciasek: «Bizi ditugun kulturetatik, errespetuz egiten irakatsi digute. Amak beti sustatu du bizi garen herriarekiko errespetua, bertako komunitatearen eta kanpotik heldutakoen artean gatazka izan bazen ere garai batean. Gainditu dugu zorionez».
Hondurasen lana badagoela, baina oso gaizki ordaindua dagoela kontatu du Hernandezek, «ikasketak badituzu ere». Ama heldu zen lehenik, eta barneko etxeko langile lanetan hasi zen. Asko sufritu zuela dio Hernandezek, lau seme-alabak amonarekin utzita etorri zelako. «Ez dakit nola egin zuen laurok ekartzeko. Esfortzu handiak eginda ziur». Enpresa administrazioa ikasi zuen unibertsitatean, eta ikasketak bukatuta etorri da Hernandez. Egun okintza ikasten ari da.
Helburua, beteta
Gurasoek bilatzen zutena Errenterian aurkitu duten zalantzarik ez dute Mari Josek eta Aitorrek: «Han ez zituzten aukerak eta lasaitasuna aurkitu zuten hemen. Seme-alaba guztiak, beren bizitza proiektuarekin, lasai bizi dira». Bat egin du Hernandezek: «Hezkuntza, osasungintza eta batez ere segurtasuna izatea, finean bizitza hobeago bat bermatuta edukitzea eman digu bertan izateak».
Izan duten harrerarekin ere ez dira kexu, arazorik ez dutelako izan inoiz. «Inork ez gaitu arrotz sentiarazi». Aitorrek bere ikasle garaira jo du, eta Koldo Mitxelena institutuari erreferentzia egin dio; erreferentzia eta aitortza: «Niretzako integraziorako erreminta oinarrizkoa izan da. Fusionatu egiten ginen denak, eta jatorrien eta ideien gainetik, pertsona ezagutzen zenuen».
Dokumentalean parte hartzeak hunkitu duela dio Aitorrek: «Gurasoen eta arreba zaharrenaren testigantzak entzutea oso hunkigarria izan da». Hernandezentzat, Errenterian bere lekua dutela esatea izan da: «Bizi duguna, bertara ekarri gaituena kontatzeko aukera eman digu, eta eskertzekoa da. Hausnartzea suposatu du, amaren bizipena entzutea, zer sentitu zuen hona etorri zenean gu han utzita. Aberasgarria izan da, oso».
«Ez dugu erabakitzen non jaiotzen garen», gogoetatu du Aitorrek, «baina denak gara pertsonak, kultura, hizkuntza, erlijio, eta jatorrien gainetik. Gure herria oso aberatsa da horretan, eta jendea eta aniztasuna bere egiteko lan handia egiten ari da».