[Elkarrizketa] «Inguruaren zaintzarekin zuzenean lotuta dagoen kirola da piraguismoa»
Piraguismoko podium guztiak urdin kutsuz zipriztintzen dihardute pasaitarrek azken aldian. Etenaldien zailtasunez, eskualdearen zaintzaz eta etorkizunaz mintzatu da klubeko lehendakaria.
2020ko maiatzaren 15ean lortu zenituzten baimenak berriro uretaratzeko, eta abuztuaren 1ean izan zenuten lehenengo proba. Nolakoa izan zen buelta?
Taldea oro har ezin dut epaitu, murrizketen altxatzea ez zelako uniformea izan, batzuek bazuten entrenatzeko aukera eta besteek ez. Adibidez, badugu goi mailako kirolari bat eta horrek entrenatzen jarraitu zuen ia-ia denbora guztian. Lehen lehiaketa horietan parte hartu zutenen aldaketa, orain, urtebeteko distantziarekin, oso handia izan da.
Izan ere, noski, forman egoteko zailtasunak handiak izan ziren, eta ur lasaietako denboraldia lehenik atzeratu eta gero bertan behera geratu zenez, horrek jenderen batean motibazio falta eragin zezakeen lehiatzeko. Ez da berdina entrenamendu diziplina bat egitea helbururik ez duzunean.
Gehien kaltetu zituenak txikiak izan ziren, kadetetik beherakoak. Hortik beherakoen aukerak urri izan ziren.
Zein aldaketa sortu dizkizue birusak?
Gehienbat antolakuntzan hartu beharreko neurri guztietan. Orain dela bi larunbat Euskadiko Txapelketa izan genuen, eta udalak egin zuen lehenengo gauza, baimenak ematearekin batera, arauak ematea izan zen.
Proba ikuslerik gabe izan zen, eta guk boluntario taldeak jarri behar ditugu jendea pila daitekeen tokietan hori saihesteko. Guk kudeatu behar dugu.
Gero, behin uretaratuta, dena berdin.
Denboraldi txukuna egiten ari zarete.
Bai, tira, orain arte emaitzak onak izan dira, nahiz eta, ziur asko, beste klub batzuek aukera hobea izan duten entrenatzeko eta abar. Esan zutenean herrikoek bakarrik entrena zezaketela, bada, ulertuko duzunez, herrikoak hori ez da berdina Irunen edo Pasaian, ezta antzekoa ere. Alegia, gureen erdia baino gehiago ez dira pasaitarrak, dira errenteriarrak, altzatarrak, oiartzuarrak, lezoarrak… Horrek eragina du.
Hasieran nabaritu zen guk ez genuela besteek zeramaten entrenamendu karga, baina beno, hori orekatzen joan da denboraldiak aurrera egin ahala, eta hori ez zen aitzakia ere. Egia da goiko kategorietan gutxiago nabaritu dela eragina.
Emaitzekin oso pozik gaude: Euskadiko Ur Lasaietako Piraguismo Txapelketan hiru txapeldun titulu eta beste bost domina, brontzezko domina Espainiakoan… eta azken hori eskuratzea juniorretan ez dago edonoren esku. Joan den asteburuan, gainera, podiumean izan ginen bi Euskadiko Txapelketetan.
Gu, gainera, Espainiako beste klub batzuekin alderatuta, oso txikiak gara, batzuk doaz transatlantikoekin, eta, orduan, pozik gaude. Uste dugu sendotzen ari garela, oraindik hobetzeko aukerarekin, noski.
Oarsoaldeko talde bakarra zarete ur lasaietako eta itsasoko probetan. Zer-nolako ardura da hori zuentzat?
Klubean argi dugu eskualde oso baten ordezkariak garela, eta gainera eskualde naturalarena, Pasaiako portu eremuari dagokion eskualdearena, horren zati da Altza, Lezo bezala.
Ardura bat da. Espero dugu gure ingurunea ezagutzera emateko modu bat izatea, onerako.
Zein erronka aurreikusten dituzu?
Kluba kontsolidatu eta haztaraztea. Izan ere, hazten ez bagara beti egoera prekarioan egongo gara. Horrez gain, klub integral bat izatea, orobat; egiten dugun prestakuntza lanagatik, udako ikastaroengatik eta lehiaz gaindiko lanagatik.
Funtsa da lehiaketarako klub bat garela, baina hori beste gauza batzuekin doa; nolabait esateko, gizarte konpromisoa eta inguruaren zaintzarekin zuzenean lotuta dagoen kirola da piraguismoa. Orain dela 40 urteko ur kalitatea izango bagenu oso zaila litzateke piraguan ibiltzea portuan; piragua bizi kalitatearen adierazgarri da.
Hortaz, motzean, hori da ikusten dudan erronka: haztaraztea, inplikazio sozial horri eutsita. Behin hori sendotuko bagenu, epe luzera, piraguismoa erreferente ezaguna bilakatzea gure badian. Izan ere, oso gutxietsia dago kirol hau.
Eta gero, ahal dela, noski, kirol mailan ere haztea, baina betiere oinak lurrean edukita. Gure unibertsoa ez da hain handia eta baditugu muga batzuk, ez da berez kirol merke bat eta oso lagungarria iruditzen zaigu horretarako babesletza indartsu bat lortzea, baina orain arte ez dugu ezer lortu, ez dugulako puntu hori behar bezala bideratzea lortu inondik inora. Ez dugu inolako babeslerik. Bide horretan edozein laguntza asko eskertuko genuke, hazteko aukera izateko.