Lezoko EH Bildu: "EAJk gure jarduna gutxietsi eta auzitan jarri du argudio faltsu eta gezurrak erabiliz"
Lezoko EAJk udal aurrekontuen harira EH Bilduri esandakoak erantzun dituzte koalizioko kideek. Horretarako agiri ofizialak erabili dituzte.
Lezoko EH Bilduko kideak. Lezoko EH Bilduk, udal aurrekontuen emendakinen harira EAJk emandako argudioei erantzuna eman die. “EAJren oharrean EH Bilduren jarduna lokazteko ahalegin argia ikusi dugu”, esan dute. Lezoko jeltzaleen prentsa oharrean “datu okerrak, gezurrak, eta gure taldearen bozeramailearekiko errespetu falta” atzeman dituzte. Esandako horiek frogatzeko agiriak erakutsi dituzte bilkideek. “Jokabide horiek ez dute inolako ekarpenik egiten gure herriko arazoak konpontzeko eta gure herria hobetzeko”, zehaztu dute koalizioko kideek. Dena dela lanean orain arte bezala jarraituko dutela esan dute koalizioaren ordezkariek, “herritarrekin eta herriko eragileekin elkartuz euren beharrak jaso eta udalean proposamena eginez. Argi dugu hori dela udalgintzan jarduteko modurik zintzoena eta eraginkorrena”.
Lezoko EH Bilduk, “orain arteko gure jarduna gutxietsi eta auzitan” jarri delakoan, honako puntuak zehaztu ditu. Koalizioak arlo horretan esandakoak dira honakoak, hitzez hitz [agerraldian hainbat akta eta agiri izan zituzten eskuan esandakoak frogatzeko]:
-
Gezurra da aurrekontuak lantzeko batzordean ez genuela proposamenik egin. Hemen duzue batzorde hartako akta, non, aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztu geniela ikus daitekeen.
-
Gezurra da aurrekontuei emendakinak aurkezteko orduan erabili genuen prozedura ezohikoa izan zenik. Okerra da aurkeztu genituen emendakinak dokumenturen batean idatzirik ez daudenik eta EAJk horren berri ez zuenik. Osoko Bilkuraren aktan agertzen dira emendakin guztiak behar besteko xehetasunez idatzirik.
-
Bestalde, EH Bilduren ekarpen edo proposamen gabeziari dagokionez, esan behar dugu legegintzaldi hasieratik EH Bilduk 50 proposamen aurkeztu dituela, horietatik 18 pandemia garaiko ondorioei erantzuteko. 50 proposamen horietatik soilik 5 onartu ditu EAJ-PSE gobernu taldeak, hauteskundeak irabazi zituen talde politikoak aurkeztutako proposamenen %10 baino ez, beraz. Eta gainerako proposamen gehienen inguruan ez dugu erantzun ofizialik jaso.
-
Ez hori bakarrik. Osoko Bilkuretan 22 galdera egin ditugu orain arte. Bada, horietatik, soilik 5 galdera erantzun ditu EAJ-PSE gobernu taldeak. Hau da, gure galderen %77ak ez du EAJ-PSE gobernu taldearen erantzunik jaso. Berriro diogu, 1.418 bozka ordezkatzen dituen talde politikoak eginiko 17 galdera erantzun gabe utzi ditu.
Horrez gainera, Mikel Arruti koalizioko udal eledunaren jardunaren gainean EAJk esadakoak larritzat jo dituzte, “larriak bezain lekuz kanpokoak iruditzen zaizkigu”. Hala, bozeramaileak EH Bilduren ildo orokorren eta hainbat erabaki organoren barruan hartutako erabakien arabera jardun duela adierazi dute: “Gurean, beste talde batzuetan ez bezala, pertsonalismoak ez du lekurik eta taldean hartzen dira hartu beharreko erabakiak. Horretaz gain, EAJren erantzunak ez du 1.418 lezoarren babesarekin hauteskundeak irabazi zituen oposizioko talde politikoak eta herritar horien ordezkari lanetan jarduten duen bozeramaileak merezi duen neurriko aintzatespenik eta errespeturik erakusten”.
Hala, koalizioari boza eman zioten herritarrak aintzat har daitezela eta koalizioari errespetua eskatu dizkiote: “Zilegi da gure proposamenak edota emendakinak ez onartzea, gustuko ez izatea, baina gure lanak, herri-sektore bat ordezkatzen duen neurrian, honi zor zaion errespetuz aritzea eskatzen du eta gutxienez, eginiko galdera eta proposamenen gaineko erantzunak ematea”.
Gainera, elkarlanean “eta gardentasunean sakontzeko” bi proposamen helarazi dizkio Lezoko EH Bilduk gobernu taldea osatzen duten bi alderdiei (EAJ eta PSE-EE). Bat da arlo bakoitzeko batzorde bat sortzea, talde politikoek, herritarrek, eragileek eta elkarteek toki izango luketena, “guztion artean herriko beharrak aztertu eta hobetzeko”. Besteak udalbatzarrekin du harremana, eta eskatu dute herritarrek eta eragileek parte hartzeko neurriak ezar daitezela, streaming bidezko saioak tartean.
