Zaintza ekosistema lokala sortzen ari da Pasaia, Aldundiarekin elkarlanean
Gipuzkoako Foru Aldundia lanean ari da Pasaiako Udalarekin, adineko pertsonak eta mendekotasuna dutenak "komunitatean" zaintzeko helburuarekin.
Gipuzkoako Foru Aldundia lanean ari da Pasaiako Udalarekin, adineko pertsonak eta mendekotasuna dutenak “komunitatean” zaintzeko helburuarekin. Atzo goizean aurkeztu zuten Etorkizuna Eraikizen esparruan, lurralde osorako estrategia bat adineko pertsonak eta mendekotasuna dutenak zaintzeko, eta horretarako sareak eta proiektuak bultzatu nahi dituzte maila lokalean.
Horretarako, Aldundiak aurten laguntzen deialdi berri bat egingo du berrikuntza sozialeko, esperimentazioko eta garapen sozialeko proiektuak sustatzeko, “zaintzaren esparruan lurralde gisa egiten ari garen lan guztia osatu eta egituratuko duena”, Markel Olano diputatu nagusiak adierazi duenez. Izan ere, aurreikuspenen arabera, 2035. urtean Gipuzkoako biztanleen erdiak 55 urte baino gehiago izango ditu; beraz, ekosistemek gero eta pertsona gehiagori lagunduko diete lurraldean.
Tokiko ekosistemak
Pasaia HerriLab proiektuaren bidez, Etorkizuna Eraikiz saiakeraren esparruan kokatzen dena, zaintza ekosistema lokal bat sortzen ari dira Pasaiako udalerrian. Ekosistema hori elkarlaneko gobernantza-eredu batean oinarritzen da, eta hainbat proiektu artikulatzen dira Pertsonarengan Oinarritutako Arretan ereduan oinarrituta.
Horrela, estrategia partekatu bat garatzen ari da udalerrian hauskortasuna eta mendekotasuna artatzeko, eta, arreta-eredu horren bidez, gizarte- eta osasun-sistemak integratuko dira.
Helburu nagusia, Izaskun Gomez alkatearen hitzetan, arreta-eredu bat garatzea da zainketen tokiko ekosistema baten euskarri gisa. Horretarako, inplikatutako eragileen artean daude, Aldundiaz gain, Pasaiako Udala, Adinberri, Eusko Jaurlaritza, Osakidetza, eta presentzia lokala duten entitateak, hala nola Agase, Hurkoa, eta Adinkide, eta baita ere Etxean Bizi eta Ok en Casa proiektu berritzaileak.
Pasaia HerriLab-ek erreferentziazko eredu izan nahi du lurralde mailan, eta tokiko sinergiak indartzeari esker, hauskortasun eta mendetasun egoeran dauden pertsonen bizi kalitatea hobetzeko laguntza eredu bat garatu nahi du.
Laguntza deialdi berria
Horiek, ordea, ez dira Gipuzkoan hasitako esperientzia bakarrak, proiektu gehiago ere badaude abian, adibidez Lezon. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundia diru-laguntzak emateko beste deialdi bat prestatzen ari da, berrikuntza sozialeko, esperimentazioko eta garapen sozialeko jarduerei laguntzeko helburuarekin.
Horretarako, jarduera eremu berriak identifikatu, diseinatu eta garatzea ahalbidetuko duten proiektuak lehenetsiko dira, arreta emateko eta zaintzeko modu berriak sustatzera bideratuak, eragina izango dutenak erabiltzaileen bizi-kalitatearen eta laguntza sistemaren hobekuntzan, eta arreta sozial eta sozio-sanitarioko ereduaren bikaintasunean eta iraunkortasunean modu erabakigarrian lagunduko dutenak.
Horregatik, 550.000 euro bideratuko dira berrikuntza sozialeko eta esperimentazioko proiektuak sustatzera, iraupen luzeko arreta eta zaintzarako tokiko ekosistemak osatzeko.