[Bideoa] Terapia moduan idatzitako liburua aurkeztu du Joxe Luix Agirretxek
Poesia bildumak "ezkortasun eta etsipen" ukituak dituela aitortu du lezoar idazleak: "Lepo gaineko ganbara ez lehertzeko idatzi dut". Hiru olerki abesti bilakatu ditu Iñaki Labakak.
Urtzi Urkizu, Joxe Luix Agirretxe eta Lucien Etxezaharreta, gaur goizeko aurkezpenean. Gaur goizean aurkeztu du Aizpea ostatuko jangelan Joxe Luix Agirretxek Heriori ebatsitako poemak poesia liburua. Harekin izan dira Lucien Etxezaharreta editorea eta liburuko hitzaurrea idatzi duen Urtzi Urkizu, nahiz Iñaki Labaka abeslaria.
Lezoar idazleak azaldu du “ezkortasun eta etsipen puntu bat” aurkituko dituela irakurleak haren azken lanean, barneko mina husteko baliatu baitu papera Agirretxek azken honetan: “Terapia moduan idatzi dut, lepo gaineko ganbara ez lehertzeko eskape balbula izan zait”.
Aitortu du ezintasunetik idatzi dituela bildumako olerki aski, eta etsipenak bultzatuta beste asko. Bi kontzeptu horien artean bereizmena egin nahi izan du autoreak, izan ere, ezintasunak oraindik eskaintzen baitu borrokan jarraitzeko aukera, baina etsipenak amore ematea dakar, “heriotzari ateak irekitzea”.
Badu, beraz, poesia liburuak iluntasun puntu bat, baina itxaropenaren argi izpia ez du ahantzi nahi izan idazleak: “Heriotza da ardatza, bizia bera baita salbuespena. Salbuespen gara eta hori ospatu behar dugu”. Herioa eta ezereza nagusi diren errealitatean, bizirik daudenek izana bera herioari lapurtzen diotela uste du Agirretxek, gela ilun batean pizgailu batek sor dezakeen txinparta suntsikor bezain iragankor eta galkorra dela bizia bera.
Aurkezpen ekitaldia: aintzatespen musikatua
Urte luzeko lagun duen Urtzi Urkizuri eskatu zion lezoarrak poesia liburuaren hitzaurrea idazteko, eta miresmenez mintzatu zaio adiskidea autoreari gaur goizeko aurkezpen ekitaldian, honako hitzekin deskribatuz Agirretxe: “Euskaltzale benetakoa, ez ahoz gora aritzen den horietakoa, baizik eta txingurri lanetan diharduena”.
Heriori ebatsitako poemak sentimenduz josiriko lana dela iritzi dio Urkizuk, eta beste behin eskertu nahi izan dio lagunari egunera arte euskalgintzaren nahiz euskal kulturaren alde eginiko lana: “Lezok behar zaitu”.
Ekitaldiari hasiera eta bukaera eman dizkio liburuaren editore Lucien Etxezaharretak, poesia “itxaropen” dela aitortuz. Olerki bildumaren tituluak pentsaraz lezakeenaren kontrara, lapurtarrak “biziaren aldeko apustua” ikusi du Agirretxeren lerroetan.
Iñaki Labaka abeslariak ere egin du bere ekarpena gaur goizeko topaketan, izan ere, liburuko hiru poemari doinua jarri eta abesti bilakatu baititu lezoarrak. Honakoa da sorkuntzetako bat:
