Hitzak, hitzak eta hitzak
Beude lasai Urkullu jauna eta gainerako enparauak! Ez ginen etxean gelditu, ez ditugu musukoak erabiltzen, ez gaude lagunengandik eta etxekoengandik urrun, ez dira gure musu eta besarkadak garestitu haiek ezarri dizkiguten legeen ondorioz.
Gure beldurra, komenientziaren arabera inposatutako legeak urratzearen ondorioa baino, COVID-19aren birusak guregan eta gure ingurukoengan izan ditzakeen ondorio gehienetan atzerakorik gabeak sortu du.
Badut konfiantza gure burua eta gure ingurukoena babestu nahian aritu garela azken urtebete luze honetan. Gehienetan agintariek zer esango zain egon gabe guk geuk hartu ditugula gure babes neurriak. Eta orain argi eta garbi geratu da eskerrak eman behar dizkiogula gure senari eta gure jakintzari, gure zuhurtziari, nahi baduzu. Izan ere, agintariek zer esango zain egon bagina eta baldin bagaude, jai daukagu. Gureak egin du.
Atzera begiratu eta oso zaila egiten zait imajinatzea zu, ni, leihotik begiratu eta kalean ikusten dudan jende andana hori guztia, etxetik atera gabe hainbeste astez. Zaila hori ere gure bizitza izan dela onartzea.
Oharkabean etortzen zaizkit burura aste haietako oroimenak. Zenbat poesia, zenbat samurtasun eta, batez ere, zenbat itxaropen handik pertsona hobeagoak izanez eta jendarte bidezkoago bat antolatuz, mundu garbiago eta naturarekiko errespetutsuago baterantz abiatuko ginela.
Zer gelditu ote da hartaz guztiaz, zer ikasi ote dugu benetan? Pandemiarekin, txertoekin, estatistikarekin, zuzenbide hizkuntzarekin zerikusia duten hitz multzotik haratago, esan nahi nuen. Beste behin, hedabide boteretsuek hezi gaituzte interesatzen zen esparruan eta neurrian. Inozoak nork bere barrura begiratu, bizitzeko modua aztertu, naturari begiratu eta hortik aukera berriak sortuko zirela pentsatu genuenok. Ikusten duzu, parean tokatu orduko, pandemia aurreko bizimoduari helduta gaude berriz, eta nola gainera!
Instant batean, bezperaraino bizirauteko ezinbestekotzat omen ezarri zizkiguten murrizketak ezabatu eta, bat-batean, hainbeste astetan herritik ateratzeko debekutik nonahira joan gaitezke eguneko eta gaueko edozein ordutan. Bizitza jarri dugu lehengo martxara: mundua zikintzen darraigu; langileek bere lanpostuetan hiltzen jarraitzen dute; Israelek Palestina zapaltzen du sekula baino krudelkeria eta inpunitate handiagoz, mundua isilik eta beste aldera begira dagoen bitartean.
Inorengatik baino gehiago poztu naiz, baina, adinekoen egoitzan dauden egoiliarrengatik, gure herria gorrira pasa zenetik berriro itxita baitzituzten. Nork ulertu hori denak txertatuta baldin bazeuden… lagunen arteko terrazako tertuliatik zaila, behintzat.
Aldaketaren bezperetan, beilatokian izan nintzen astebetean bigarrenez. Ezaguna nuen bikote bat eraman du birusak zortzi eguneko aldearekin. Hortxe jartzen gaitu bizitzak gure lekuan. Txikitutako familia bat aurkitu nuen eta haiei begira sentitu nuenaren galbahetik pasa ditut Urkulluren etsipen hitzak. Hitzek, ordea, ez dute ekarri neurriko erantzunik, inork ez du dimisiorik eman, ez du greba batera deitu, inor ez da ausartu planto egitera. Obeditu egin dugu, besterik ez.
Gaur, irratian entzuten ari naiz, berriz, halako herria laranjara pasa dela, beste hark gorrian jarraituko duela… benetan diotsut, semaforoaren sistema horrek, gainerako neurri guztiak indargabetu dituzten garaian, Eguberritako argiek urtarrilaren 13an sortzen didaten anakroniko sentipen bera sortzen didatela, lekuz eta denboraz kanpora.
Zenbat aldiz esan ote genuen etxeko gure kartzelaldi hartan ez genuela inor atzean utziko? Telebistaz ere iragarri ziguten. Nahikoa lan geure buruak ongi kokatzen, pandemiaren ondorioak, berriz ere, denentzako berdinak izan ez direlako: burua lehenagoko lepotik!
Ikustear zer datorren. Ez iezaiozu utzi zeure burua babesteari, kasu egiozu zure sen onari. Zaindu zaitez, zaindu ezazu eta utz ezazu zain zaitzaten. Osasuna denentzat!