Behin-behineko funtzionarioen plazak bermatzeko mozioa aurkeztu dute
Pasaiako Udaleko Langile Batzordeak "denbora" galdegin du aurten iraungiko diren enplegatuen plazak finkatzeko: "Udalaren erabakiak langabeziara garamatza".
Pasaiako Udaleko Langile Batzordeak, langileen batzarrak hala eskatuta, iraupen luzeko bitarteko enplegatu publikoak egonkortzeari buruzko mozioa aurkeztu zuen atzo udaletxeko udalbatzarrean. Bilkura hasi aurretik udal eraikinaren aurrean bildu ziren langileak, Zerbitzu publikoen alde enplegua sortu eta kontsolidatu eskaera idatzia eskutan.
Aitor Oteiza Langile Batzordeko presidenteak mozioaren arrazoi nagusia azaldu zuen udaletxeko topaketan, izan ere, legez, abenduaren 31n, 2017 eta 2018ko LEPak iraungiko dira, eta horrekin, plaza galduko lukete oposizio horietan kontratatutako funtzionarioek.
Gaur-gaurkoz udaleko langileen plantillan dagoen behin-behinekotasuna ia %50ekoa da, eta horien artean 50 langile daude bost urte baino gehiago daramatenak behin-behinekotasun egoeran.
Denbora, legea aldatu artean
Langileen bozeramaileak aitortu zuen denbora gehiago behar dutela, izan ere, 2020ko martxoaren 19an, sententzia bat egon zen Europako Justizia Auzitegian zeinak aitortzen duen administrazioan behin-behinekotasunaren abusu bat dagoela, eta adierazten du zigorrak ezarri behar zaizkiola administrazioari kausa horrengatik.
Sententzia horren geroztik mugimendu handia izan da, “eta egia da badirudiela irtenbide bat aterako dela bertatik”, aitortu du Oteizak, “baina denbora oso azkar doa eta aurten, abenduaren 31n, 2017 eta 2018ko LEPak iraungiko dira, eta hori guretzat arazo bat da”.
Mozioaren 4 eskaerak
Pasaiako Udaleko Langile Batzordeak aurkeztutako mozioak lau eskaera nagusi biltzen ditu. Honakoak dira, laburki:
- Langileen errekonozimendua. Pasaiako udalbatzak jendaurrean adieraz dezala babesa ematen diela iraupen luzeko aldi baterako enplegatu publiko guztiei.
- Plantillaren analisia. Udalbatzak behin-behinekotasunaren abusu egoera aztertu, aitortu eta horren inpaktua ebaluatzea.
- Denbora. Udal gobernuak 2021 bukaerara arte luza ditzala, baita beste urtebetez ere legeak ahalbidetu heinean, 2017-2020 urte bitarteko LEPetan kontratatutakoen plazak.
- LEPetatik salbuetsi. Hautaketa prozesuetatik kanpo utz daitezela abusu egoeran dauden behin-behineko langileek betetzen dituzten plaza guztiak.
Udal Artxiboko langile Clara Barbier da egoerak zuzenean kaltetuetako bat, 28 urte daramatza udalarentzat lanean, eta hari eman zion hitza langileen ordezkariak. Epe luzeko bitarteko langileen izenean hitz egin zuen hark, “eta pertsonez hitz egin nahi dut, ez lan plazez”.
Lana gal lezaketen langile askoren abusu egoera salatu zuen Barbierrek, izan ere, batzuek ia hiru hamarkada daramatzate udaletxean lanean, “plaza estrukturalak okupatzen”. Langile horiei izendapen desberdinak egokitu bazaizkie ere, nabarmendu nahi izan zuen horiek “plaza iraunkor eta finkoak” bete izan dituztela, askotan epe luzeko egitekoak burutuz, “ez, ordea, behin-behineko jarduerak”.
Udalak langile horiek hautaketa prozesuetan bersartzeko erabakia hartuko balu, askok postua galduko luketela aitortu du Barbierrek: “langabeziara garamatza gutako gehienak”. Bidegabetzat jo du baldintza hura, izan ere, LEP horiek eragindako langile gehienek gainditu baitzituzten jada hautatze-prozesuak, “eta ez genuenek egin, zerbitzu harreman honetan jarraitu izan dugu, udal korporazio ezberdinen onespenarekin, orain dela 28 urtetik”. Funtzionario batzuk 60 urte ingurukoak direla salatu zuen Barbierrek, eta gainontzeko oposiziogileen “kondizio berdinean” ez daudela.
Oteizak hartu zuen azken hitza udalbatza osatzen duten alderdiei galdeginez mozioaren alde bozkatzeko, edo behintzat, “oztopo” ez izateko, kontra bozkatuz: “Uste dut udal honek motibo asko dituela bere langileez harro egoteko. Espero dut aukera izatea langileak ere udalaz harro egoteko”.
EAJ eta PSE-EE aurka; eta Podemos eta EH Bildu alde
Mozioaren aldeko bozka eman zuten EH Bildu eta Ahal Dugu-Podemosek; aurkakoa, aldiz, udal gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EEK, eskaera bertan behera utziz. Honakoa adierazi zuen alderdi politiko bakoitzak langileen eskaeraren aurrean:
Podemoseko bozeramaile Julen Rodriguezek argi utzi zuen bere alderdiak aldeko bozka emango zuela, baina azpimarratu zuen egoera ez dela soilik Pasaiako Udalaren ardura, erabaki asko Madrildik baitatoz. Dena den, aitortu zuen arazoari aurre egin behar zaiola, eta Podemosentzat “irtenbide hoberena” dela Langileen Batzordeak aurkeztutakoa.
Horrez gain, enpatia galdegin zuen: “Ez da berdina 20 urteko pertsona bat aurkeztea LEP batera, hura prestatzeko munduko denbora guztia izanda, edota berdina egitea adinean sartuta dagoen eta lanean ari den pertsona batek”.
EAJko Nahikari Oterminek hitza utzi zion PSE-EEko Lore Suarez gobernukideari. Azken horrek aurreko mintzaldiei erantzun zien argi utziz hainbat erabaki hartu ez badira, legearen aurkakoak zirelako izan dela, eta ez, ordea, udalak bere kabuz hala erabaki izanagatik.
Bestalde, nabarmendu zuen udal gobernuak boterea hartu zuenetik eginahal guztiak eskaini dizkiola behin-behinekotasuna gutxitzeko saiakerari, eta horrekin adierazi zuen mozioak “legeak gaur-gaurkoz onartzen ez dituen” hainbat puntu dituela eta, hortaz, horren kontra bozkatuko zutela EAJ eta PSE-EEk.
Legea aldatuz gero, prestutasuna adierazi zuen udal gobernuak funtzionarioekin negoziatzera esertzeko. Bien bitartean, urte bukaerara arte plaza horiek bermatu besterik ezin dutela egin aitortu du Suarezek.
EH Bilduko Iraitz Pazosek izan zuen alderdien azken hitza. Bilkideak onartu zuen behin-behinekotasun egoera abusuz erabiltzen dutela administrazio publikoek orobat, eta hortaz, baita Pasaiako Udalak ere: “Kontratazioa gehiegikeriaz eta iruzurrez erabili izan da arlo publikoan ere”, izan ere, lan iraunkorrak eta egiturazkoak egiteko behin-behineko langileak kontratatu baitira, “plantilla malguak eta kalteberak” sortuz.
Pazosek aitortu zuen administrazio publikoak, langileen eskubideen bermearen eredu izatetik urrun, haiek berak direla behin-behinekotasun tasarik altuena dutenak, enpresa pribatuak baino altuagoa. Egoerak alde guztiak kaltetzen ditu: “Udalak eraginkortasuna galtzen du, langileek ezegonkortasuna dute eta zerbitzuaren kalitatea, ondorioz, jaitsi egiten da”.
Aldeko bozka eman zioten EH Bilduko zinegotziek aurkeztutako mozioari, honako proposamenak mahaigaineratuz: elkarrizketa irekitzea, sindikatu eta langileekin nahiz oposizioarekin mahai bat eratuz mozioan planteatzen den diagnosiari ekiteko. Prozesu eta formula berriak planteatu zizkion Pazosek udal gobernuari, besteak beste, langileen merituak era berezi batean baloratzeko aukera aintzatestea edota aurretik hautaketa bat gainditu zutenei bestelako prozesu bat ezartzea.