Euskadiko BTT XCO txapelketa jokatuko da igandean San Markon
Errenteriako Mountain Bike lasterketan 200dik gora parte hartzaile espero ditu antolatzailea den OTXEk.
Errenteriako Mountain Bike lasterketa antolatu du iganderako OTXE Oarsoaldeko Txirrindulari Elkarteak. Proba hori, aldi berean, Euskadiko BTT XCO txapelketa izango da. Pandemiak hala derrigortuta, publikoari itxia izango da lehia, eta bi txanda izango ditu. Lehen irteera 10:00etan izango da eta Emakume kategoria guztiak, Kadeteak eta Master 40 kategoriak hartuko dute parte. Sari banaketa ere, irteera sailkapen horren arabera izango da eta hiru kategoria horietan 11:30ean izango da. Bigarren irteera 12:00etan izango da. Elite Sub 23, Master 30 eta Junior kategoriek hartuko dute parte, eta horien sari banaketa, 13:30ean izango da.
Ibilbidea 5,3 kilometrokoa da Bizarain mendian kokatutako San Marko gotorlekuaren inguruan, eta 164 metroko desnibela du. Oraindik zabalik da izena emateko aukera, baina antolatzaileek zehaztu dutenez, 200 parte hartzailetik gora espero dituzte.
Udako bike eskola
Bestalde, OTXEk jakinarazi du Udako Bike Eskola antolatu duela aurten ere. XC, All Mountain eta Enduro modalitateak emango dituzte. OTXE da inguruan halakoak eskaintzen dituen elkarte bakarra; Bizkaian dago hurbilen dagoen eta halakoak eskaintzen dituena, eta beraz, Oarsoaldeko gaztetxoak bai, baina Gipuzkoako beste haur ugari ere bertaratzen direla azaldu du Izak.
Ekainaren 21etik uztailaren 30era astelehenetik ostiralera eta astebeteko ikastaroak egingo dituzte 11 eta 18 urte arteko haur eta gazteei begira. Ez direla bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaroak zehaztu du presidenteak, teknika hobetzekoak baizik. COVID-19aren testuinguruan, babes eta segurtasun neurri zorrotzak hartuta egingo dituzte ikastaroak. “Helburua udako aste ahaztezin eta seguru bat eskaintzea da eta horretarako, monitore hoberenekin gure inguruak ezagutzeko aukera izango duzue”, azaldu du Izak.
Kanpusa Oiartzunen egingo da, herri berezia txirrindulari zaleentzat, ibilbide oparoenak eskaintzen dituen tokia mendi bizikletarentzat, eta OTXEko arduradunen esanetan, “leku ezin hobea etorkizuneko mountaibikerrek goza dezaten”.
Ordutegia, 09:30etik 12:30era izango da, eta ikastaroaren prezioa berriz, 80 eurokoa. Izena emateko, 675 00 81 04 telefono zenbakira deitu daiteke, posta elektronikora idatzi, edo bertan sartuta.