Kutxabankek ez du San Pedroko arreta zerbitzua berrirekiko
Aurrez aurreko arreta zerbitzua eskaintzeko bulegoen itxiera bere horretan mantenduko dutela adierazi diote bankuko arduradunek Izaskun Gomez alkateari.
Pasaiako Udalbatzak aho batez erabaki zuen otsailean egindako pleno batean Kutxabanki eskatzea San Pedroko bulegoa ixteko erabakia berriz ere aztertzeko. Izan ere, sukurtsalean ez da arreta zerbitzurik eskaintzen urtea hasi zenetik, eta kutxazaina soilik dago erabilgai.
Baterako proposamen horri jarraiki, berriki bildu da Izaskun Gomez alkatea bankuko arduradunekin eta erabakian atzera egiteko asmorik ez dutela adierazi diote Pasaiako arduradun nagusiari, hark aitortu duenez: “Kutxak bere horretan jarraitzen du eta ez du bere hasierako planteamenduko ezer ere aldatzeko asmorik”.