'Jaizkibel-Lezo historian zehar' erakusketa, hilaren 31n zabalik
Eguzki talde ekologistak Lezoko Udalaren laguntzarekin antolatutako mostra ekainaren 4ra arte izango da zabalik, Kultura Aretoan.
Eguzki talde ekologistak, Lezoko Udalarekin elkarlanean, erakusketa prestatu du Jaizkibel mendia erdigunean dela, Jaizkibel-Lezo historian zehar du izena. Hilaren 31n (astelehenean) zabalduko dute, eta bisitarako azken eguna ekainaren 4a (ostirala) da. Donibane kaleko Kultura Aretoa izango du etxe mostrak.
Jaizkibelek denboran zehar inguruko biztanleentzat izan duen garrantziaz ohartarazteko erakusketa da, Eguzkik azaldu duenez. Eta horren oinarrian, mendia babesteko aldarria dago. “Jaizkibel ehizatzeko, arrantzarako, arbolak ateratzeko, nekazaritzarako, maniobra militarrak egiteko eta abarretarako erabili dute. Era berean, herriek eta hainbat inperiok utzitako aztarnak ikus daitezke bertan”, esan dute. Horrela, panelekin eta ikus-entzunezkoekin (argazkiak eta filmak) osatu dute erakusketa.
Hilaren 31tik ekainaren 4ra arte goizez 10:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez 17:00etatik 19:00etara izango da zabalik.
