Udalerriaren antolamendua erabakitzeko parte hartze prozesua abian da
Ekainaren lehenean ekingo zaio HAPO berriari dagokion partaidetza prozesuari. Pasaiaren egitura fisikoari buruzko erabakiak hartuko dituzte.
Pasaiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) prozesu parte-hartzailea martxan da. Udalerriko bizilagunek zer-nolako herri antolamendua nahi duten erabaki ahal izango dute ekainaren 1etik uztailaren 1era arte.
Joan den urtean hasi zen Pasaiako Udala HAPO lantzen, herritarrek parte hartzeko programa batean oinarrituta. Horren barne, lehen fasea (informazioa) burutu dute, eta datorren hilabetean ekingo zaio parte hartzeko prozesu publikoari. Bertan jasotako premiak hurrengo fasean erabilgarriak izango dira, etorkizuneko HAPOren Aurrerakina idazteko.
HAPO udalerriaren erabilerak eta eraikuntzak antolatzeko tresna nagusia da, hitz gutxitan, honakoa arautzen baitu: udalerriko eremu fisikoaren barruan (publiko nahiz pribatuan) non eta zenbat eraiki daitekeen. Hortaz, planak Pasaiaren egitura fisikoa (lurzorua eta eraikinak) zehaztuko du, horrek eragin zuzena izanik udalerriaren ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-garapenean.
Parte-hartze prozesua
Pasaiako HAPOren hurrengo fasean parte hartu nahi dutenek, hainbat modutan egin dezakete. Lehenengoa, informazio-hitzaldira bertaratuz (ekainaren 1ean, 18:00etan, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan). COVID-19a dela eta, saioa bai aurrez aurre bai telematikoki jarraitzeko aukera izango da.
Udalaren webgunearen bidez ere parte hartu ahal izango da, ekainaren 1etik uztailaren 1era bitartean.