Zapatistei elkartasuna adierazteko hitzordua
Ekainean helduko da Europan barrena Zapatistak egiten ari diren bira, eta horri begira, elkartasun eguna antolatu dute Oreretako hainbat eragile, mugimendu sozial eta mugimendu zapatistarekin lotura duten hainbat pertsonek.
Zapatisten bira Europara. Argazkia: Radiozapatista.org Ekainean helduko da Europan barrena Zapatistak egiten ari diren bira, eta horri begira, elkartasun eguna antolatu dute Oreretako hainbat eragile, mugimendu sozial eta mugimendu zapatistarekin lotura duten hainbat pertsonek.
Kalera atera eta mahaiak jarriko dituzte Rebelde kafea, kamisetak, zapiak saldu eta Mexikoko janariaz zein musikaz gozatzeko. Ekainean helduko den bira prestatzeko eta motorrak berotzeko ekintza izan nahi du, eta antolatzaileek herritar guztiak deitu dituzte bertaratzera igandean 12:00etatik 15:00etara Zumardira.
Maiatza hasieran abiatu zen La Montaña itsasontzi zapatista eta Atlantikoa zeharkatzen ari da zazpi lagunek osatutako 421 eskuadroia Europako kostaldeetara bidean. Ekaina erdialdean helduko da Vigora (Galizia). Helburua, Europa zeharkatzea, “berdin egiten gaituenaren bila. Ez dute indiferentzia bilatzen, ezta nagusitasuna, ere, eta are gutxiago barkamena edota errukia”. Une honetan, zehazki, hogei urte bete dira zapatistek eta Indigenen Nazio Kongresuak Lurraren Kolorearen Martxa egin zutenetik; 2001ean izan zen, bazterrean utzita dituen Mexikori euren lekua exijitzeko.
600dik gora dira Bizitzaren aldeko ontziaren zain adierazpenarekin bat egin duten eragile sozial, sindikatu, alderdi politiko, kultur munduko izen ezagun, eta ordezkari akademikoak.
