“Inoiz ez dakizu zer gertatuko den agertoki gainean. Magia da ”
Dantzari errenteriarrak, Espainiako Dantza Sari Nazionala jaso zuen iaz. Hori dela-eta omenaldia egingo dio udalak bihar. Lekuona Fabrikako lehen emanaldia harena izango da.
2020ko Espainiako Dantza Saria irabazi duzu. Zer suposatu du zuretzat sariak?
Ezuste handia izan zen saria jasotzea, nire karrera guztia kanpoan egin dudalako. 2019az geroztik Madrilgo Teatros del Canalen ari naiz, baina urte gutxi dira Espainian lanean eta zintzoki ezusteko handia izan da. Halaber ilusio ikaragarria eragin dit sariak, eta esker ona adieraztea dagokit. Aho batez saritu ninduen epaimahaiak, eta gainera, artistikoki naizen pertsonatxoarekin bat datozen hitzak eskaini zizkidaten. Garrantzitsua da esaten dizkidatenek zentzua izatea niretzako.
Sariak, beraz, nire lanari eta niri harrera egitea suposatu dit, eta hilabete batzuk pasata atzera begirada eginda, estatuko komunitate artistiko baten parte izatea suposatu dit. Ez gara gelditu ordutik, lanez lepo ari gara. Aukera handia izan da gure lana orain arte ezagutzen ez zen espazioetara heltzeko.
Horren harira, gainera, zure sorlekuan omenaldia egingo dizute bihar, Errenteriako Udalak antolatuta.
Errenteriatik 14 urterekin joan nintzen, eta orain omenaldi hau eskaintzea ikaragarria da. Gero, gainera, bihar bertan eta etzi, Lekuonaren irekiera ekitaldia egingo dugu Al desnudo lana aurkezteko. Konfinamenduan egin genuen lan hori, ordubeteko duoa da eta lehen aldia da halako abentura egin duguna. Pieza hori Lekuonako irekierara eramatea, Errenteriara itzultzea, ikustea zenbateko aldaketa izan duen udalerriak, eta zein apustu egiten duen kulturaren alde, ikaragarria da; gauzek zentzua dutela ohartzen naiz. Ilusio handia egiten dit, harro nago nire herriaz.
Sentimenduak alde batera utzita, Sorlekua Lekuonako auditorioan arituko zara bikotekide eta konpainia kide duzun Igor Bracovichekin. Zein ezaugarri tekniko ditu auditorioak?
Espazio zoragarria da sorkuntzarako, baita ikuskizun ezberdinak egiteko ere, espazioa eraldatu egiten delako, espazio ezberdin asko bihur daitezke espazio bakar hori, eta hori ez da ohikoa. Bertan lanean ari den jendea ere asko gustatu zait, maitasun handiarekin ari direla ikusi dudalako, gogo handiz, eta espero dut inaugurazioa espazio horren bide hasiera ederra izatea. Jendeak sor dezake espazio horretan, bizi daiteke, hurbila da… Finean espazioak jendeak egiten ditu, baina hala izateko ezaugarri guztiak ditu Sorguneak.
Garrantzitsua izango da espazio hori.
Beti izan duzu argi dantzaria izan nahi zenuela?
Bai. Are gehiago, inoiz ez diot nire buruari galdetu ea ez ote nuen nahi dantza egin, inoiz ez dut pentsatu ez nuenik nahi.
Ereintzan hasi zinen oso gaztetxo eta hortik jauzia egin zenuen. Ordutik karrera geldiezina izan duzu, hala jarraitzen duzu. Zein izan da sekretua?
Pertsona bati hainbat lekura heltzea ahalbidetzen dioten ezaugarri edo faktore ugari daude. Nire saririk eta pribilegiorik handiena, Espainiako Dantza Sari Nazionalaz aparte, izan da beti izan dudala aukeratzea non, norekin eta nola lan egin nahi izan dudan, eta ez dut harrokeriaz esaten. Egiteko aukera izan dut, eta ez da erraza. Horrekin batera burua bere lekuan izatea, fisikoki ongi egotea, lesiorik ez izatea… dena batera doalako. Poztasuna ere beti daramat soinean. Alemanian dantzan izan nintzen natural, zintzo, alemanaz egin gabe. Zerbait ikusiko zidaten, nik neuk orain haur bereziak ikusten ditudan bezala. Anekdota bat dago, barregarria iruditzen zaidana eta uste dut dena ulertzeko balio duela.
«Errenteriara itzultzea, ikaragarria da;
harro nago nire herriaz»
«Nire saririk handiena
izan da beti aukeratu ahal izan dudala, norekin, nola eta non lan egin»
«Joan nintzenean
izan nahi nuena izateko aukera zabaldu nuen»
Eskolartekoetan nintzen Ereintzarekin joanda kiroldegi batean, kapitaina nintzen eta dantzatzen nindoan, musika matxuratu eta nik dantzan jarraitu nuen, musika ni nintzen. Erreakzio txiki horiek ezberdintasuna markatzen dute. Gauza asko izan behar dira kontuan, talentu ugari, bidea ongi eramatea, ez estresatzea, burua izatea, lesiorik ez izatea, eta horrekin batera, elikatuko zaituen jendearekin elkartzea eta zuk ere besteak elikatzea zure egiteko moduarekin, talde bat sortzea lanean ari zarenekin… Gauza asko dira, baina lana behar da denerako. Ikertzailea naiz, ikaragarri kuriosoa naiz eta gauzei buelta asko ematen diet dantzarako metodo bat sortu arteraino.
Koreografo handiekin eta konpainia oso handiekin egin duzu lan. Zer suposatu du zuretzat?
Hainbat jenderekin eta konpainia handietan lan egiteak talentu oso handiko jendearekin lan egiten ari zarela suposatzen du, eta zuk lana duzun guztia emanez egin behar duzula, gorena eman behar duzula. Oso maila altuan lan egitea suposatzen du, eta zoragarria da elikatzen zaituen eta irakasten dizun jendearen ondoan aritzea, gozatzen duzu. Zuk ere ikasten duzu. Bertan den jendea oso interesgarria da, eta zuretzat hobetzeko aukera da. Ni aukeratzen ninduten eta nik aukeratzen nituen, zoragarria da. Horietara, gainera, agertokian zein piezari ekarpena egitera joatea da garrantzitsua, beldurrik gabe aritzea, onena ematea, artelan hori ikustera doan publikoari eskainiko diozuna gorena izan dadin.
Oso gazte joan ziren Errenteriatik. Zein oroitzapen dituzu?
Ikastola dut gogoan, aiton-amonak, gogoan dut nolakoa zen herria, oso zoriontsua nintzen. Haurtzaro zoragarria izan dut, Orereta Ikastolan, dantzan… Oso txikia nintzen eta ez nintzen geldirik egoten, futbola, atletismoa, saskibaloia eta dantza egiten nituen. Gero esan zidaten dantzari izateko balleta ikasi behar nuela, eta hasi nintzen. Urte pare batean bekak eman eta Alemaniara joan nintzen; hura serioagoa zen, baina berdin zion, asko irakatsi didan jendearekin izan nintzelako, antzerkia bezain zoragarria zen espazioa oso hurbil nuen, bertan orkestra, aktoreak, dantzariak zeuden, eta beraiekin egotea nuen. Ikaragarri hunkitzen nintzen, oso gogoan ditut lehen operak bertan ikusi nituela.
Banekien izan behar nuen lekuan nintzela eta horrek segurtasuna ematen zidan. Errenterian oso zoriontsu izan nintzen, baina joan nintzenean izan nahi nuena izateko aukera zabaltzen ari nintzela ohartu nintzen. Ez banintz pozik izango itzuliko nintzateke.
Zer izan da zure ibilbidetik zailena?
Zailtasuna gaur egungo ikuspuntutik aipatuko dut. Oso une onean gaude artistikoki, eta puntu gorenera heltzeko, konpainia bat sortu ahal izateko, laguntza behar dugu. Artistikoki potentzialtasuna dugu horretarako, eta lanean ari gara. Erronka da. Konpainietan izan naizenean pribilegiatua sentitu naiz, eta ez dut zailtasunik aipatzeko maila horretan.
Nola imajinatzen dituzu bihar eta etziko emanaldiak Lekuonan?
Inoiz ez dakizu zer gertatuko den agertoki gainean. Magia da. Lekuonako emanaldiak misio bat dira, lekuarengatik, Errenteria delako, baita publikoarengatik ere. Gustatuko litzaidake ikuskizun biribila izatea, eskuzabalak izatea, dena emango dugu, ez dakigulako beste modu batean gustuko dugun hau egiten. Espazio zoragarri horrentzat eta horrekin sinistuta daudenentzat abiapuntu ezin hobea izatea espero dut biharko emanaldia.
«Artistikoki biluzteko modua da ‘Al desnudo’ ikuskizuna»
Iratxe Ansa eta Igor Bacovich, Dantzariak
Metamorphosis Dance proiektuan buru-belarri ari dira. Metodo propioa ere sortu dute bi dantzariek: Metamorphosis Method. Bihar eta etzi zuzenean erakutsiko dute Lekuonan.
Metamorphosis Dancek Al desnudo ikuskizuna ekarriko du Lekuonara, espazio horren lehen ikuskizuna izango da. Zer aurkituko du publikoak?
IGOR BACOVICH: Publikoari zer edo zer oso zehatza erakusteko pentsatutako ikuskizuna da. Artistikoki biluzteko modua da nolabait, eta bi zati ditu. Amaitutako pieza bat da lehen zatia, artistikoki pieza klasikoagoa, baina ez dantza klasikoa; garatu eta bukatzen da. Hortik aurrera garaikidea den espazio bat sortu dugu, argiak barrutik ere sartzen dira, laborategiko giroa sortzen da, baina ez da soilik aurkikuntza prozesu soila, eszenikoa ere bada. Bertan gure artea sortzeko erabiltzen ditugun errekurtsoak erakusten ditugu.
IRATXE ANSA: Material koreografikoa sortzeko ditugun modu ezberdinak erakusten ditugu ikuskizun horretan. Betidanik gustatu izan zait ikertzea, eta ikuskizun honetan guretzat oso garrantzitsua bilakatzen ari da, gu garelako, zuzenean erakusten dugulako nola portatzen garen sortzerakoan. Hori unerik garrantzitsuenetakoa da. Ideiak bilatu eta aurkitzeko, dantza esaldiak nola sortzen ditugun erakusten dugu.
Izan ere metodo bat sortu duzue, zuen dantza beharrei erantzuteko beste dantzarientzat ere baliatzen ari zaretena.
ANSA: Bai hala da. Une batean erabaki genuen munduan barrena egiten ari ginen horri izen bat jarri behar geniola. Izen oso zehatzak ditugu ballet teknikentzako, eta metodo bat da, lan egiten ari gara oso gurean den moduan, oso era esplizituan. Hori da Metamorphosis Method. Gure proiektuaren esentzia da, zatirik garrantzitsu eta esanguratsuena.
Zortzi urte eta hogei koreografia zuen proiektuaren barruan, ezta?
BACOVICH: Bateren bat gehiago ere izan daiteke. Ez dugu atsedenik.
Errenteria-Oreretatik, Veneziako Bienalera. Konexio magikoa sortuko duzue.
ANSA: Bai. Oso berezia izango da, gainera. Deitu digute eta ez digute ezer zehatza eskatu, guri utzi digute aukeratzen, zoragarria da hori. Lekuona Venezia izatea, puntazo bat da.
Zein da dantzaren egoera?
BACOVICH: Urte zaila izaten ari da denontzat, berezia, COVID-19aren pandemiarengatik. Guretzat ez da hain zaila, Madrilen garenetik bi urte pasatu direlako eta egindako lanaren uzta jasotzen hasiak garelako. Iratxek Espainiako Dantza Sari Nazionala irabazi izanak ere asko lagundu digu. Oro har, dantza oso egoera zailean dago, oso gaizki pasatzen ari diren kideak ditugu. Bestalde, egia da talentu handia dagoela, beti izan da, beti dago eta suposatzen dut beti izango dela, baina kultur kudeatzaileen esku dago identifikatzen jakitea zein talentutan inbertitu behar den. Zalantza dut, eta pertsonaletik ari naiz, administrazioek dituzten kultur laguntzak, erabil daitezkeen bezain ongi erabiltzen ote dituzten; uste dut laguntzek bultzada behar dutela izan lan baliagarriarentzat, koherentzia duten artistentzat, harago heltzeko aukera dutenentzat. Sinpleago esanda, gure lanetik jan ahal izateko artistok ez egin behar izatea gauza komertzialagoak.
Ez dut uste, bestalde, laguntzek jendeari jaten emango dioten gobernuz kanpoko erakundeak izan behar dutenik; arteaz ari gara. Une honetan egoera berezian gaude, eta orain artista orok behar du bultzada. Laguntzak garrantzitsuak dira, ez dagoelako Europan behintzat mezenasgorik, eta uste dugulako artea denontzat ongizatea dela, gizarte osoaren ondare. Ardura handia da, diru publikoa delako. Jarraipen zehatza eta gardena eskatzen du. Urte zailak datoz dantzarentzat, zalantzarik gabe.