"Militarrik gabe askoz hobe" esango dute ekainaren 6an
Jaizkibelgo eremu militarra desager dadila eskatzeko aurtengo martxa (seigarrena da) ekainaren 6an egingo dute, Lezoko plazatik abiatuta.
Jaizkibel menditik militarrak joan daitezen aldarrikatzeko seigarren martxa egingo dute ekainaren 6an (igandea), hainbat talde eta kolektibok antolatua. 10:00etan irtengo dira Lezoko Gurutze Santuaren plazatik, eta 11:00ak aldera kantina inguruan egotekoak dira: hortik eremu militarrera joango dira, “militarrik gabe askoz hobe” esateko.
Aurtengo deialdirako gogoeta eremua zabaldu dute antolatzaileek, eta ez Jaizkibelen ez eta Loiolan (Donostia) militarrik nahi ez dutela adieraziko dute. Martxaren aurkezpena ekainaren 2an (asteazkena) egingo dute. Orduan jakinaraziko dute zein eragilek egin duten bat iniziatibarekin.
Deitzaileen arabera, militarrek espazio natural eta publikoa erabiltzen dute Jaizkibelen euren entrenamendu eta praktikak egiteko. “Erabilera hori ez dator bat herritar ugarik aisialdirako erabiltzen duten mendi publikoaren kontserbazio planekin. Jaizkibel Natura 2000 sarearen zati da dituen fauna eta landaretza bereziengatik”, esan dute.
Hala, Jaizkibelez gain, Loiolakoaren ordez egitekoa den kuartel berriari “arbuioa” adierazi nahi diote martxarekin, “ez dugu nahi kuartel zaharrik, ez berririk. Militarrak gizarte honetan soberan dauden bizkarroiak dira, eta gure mendi eta herriak bakean utzi eta desager daitezela nahi dugu”.
